Energia-enpresek biodibersidadeari eragindako kalteen % 47 ezkutatzen dabe
2024-08-20 11:14 KultureaUPV/EHUko ikerketa baten arabera.
UPV/EHUko Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeari, enpresa-jarduerari eta Ekonomia Zirkularrari buruzko ikerketa-taldearen lan batek adierazo dau enpresa energetikoek ezkutau egiten dabela euren jardunak bioaniztasunari eragindako kalteen % 47. Euroguneko 30 energia-enpresa nagusienei lotutako 47 gertakari aztertu ditue eta 22 ez dira izetau be egiten horreen jasangarritasun-txostenetan. Europako direktibek derrigortu egiten ditue enpresa handiak ingurumenari eta bioaniztasunari lotutako dokumentuak argitaratzera, baina ez dago guztiz zehaztuta horreetan adierazo beharreko informazinoa. Norberak erabagiten dau zer alderdiri buruz berba egin. Beraz, aske jokatzen dabe, euren irudia leunduz, deutso Goizeder Blanco Zaitegik, lanaren egileak.
Bestalde, badira modu lausoan komunikatzen diran gertarkeriak be. 14 kasutan, aztertutako inpaktu kaltegarrien % 30ean, antzeman dabe enpresek ardura neutralizatzeko estrategiak erabiltzen dituela. Blancok deutsonez, gehien erabilten daben teknika da alde onak eta ekintza positiboak adierazotea: Adibidez, batzuek bioerregaiak produziduteko olio-palmondoak landatzen ditue inguru tropikaletan, bertako ekosistemak suntsituz. Aldiz, jasangarritasun-txostenetan hori leuntzeko atentzinoa desbideratzen dabe, beste lurralde batzuetan zuhaitz ugari landau dituela azpimarratuz. Beste batzuetan, energia-enpresek argudiatzen dabe ez dagoala argi zein dan sarraskiaren eragilea edo, zuzenean, bestelako aktoreei leporatzen deutse errua, esaterako, hornitzaileei.
Goizeder Blanco Zaitegi, Ekonomia eta Enpresa Fakultadeko doktoregaia.
Gertaera-motaren araberako gardentasuna
Horrezaz gan, UPV/EHUren ikerketak erakutsi dau gardentasuna aldatu egiten dala gertaera-motearen arabera. Enpresa energetikoek zehaztasun handienakaz adierazoten dituen jazoera negatiboak dira hegaztien elektrifikazinoak eta komunidade indigenei eregiten deutsenak. Azken horreetan, argi dago gizakiak tartean dagozenean zailagoa dala opako izatea. Personek, naturak ez bezala, berba egiten dabe eta protestak eta auziak egoten dira tartean. Horreek ezinbestean komunikau behar ditue, adierazo dau Blancok. Txorien kasuan, linea elektrikoen ondorioz hiltzen diranean be isunak egoten dira eta, ganera, erraza izaten da kontabilizatzen. Halanda ze, enpresek zehaztasunez informau ohi dabe heriotza horreen inguruan. Hegaztien gaiagaz jarraituz, adibidez, parke eolikoa espezie baten migrazino-bidean eregi badabe, ez dabe argi komunikatzen. Efektuak sakonagoak eta neurtzen zailak diranez, ezkutatzeko joerea dau.
Ondorio horreetara heltzeko, kontrakontabilidadean oinarritutako ikerketea egin dabe. Hau da, ez ditue zuzenean energia-enpresen jasangarritasun txostenak aztertu. Lehenbizi, kanpo-iturrietan (Google news, X sare soziala, kontrainformazinoko webguneak…) bilatu ditue biodibersidadearen galera ekarri daben gertakariak eta ondoren txekeatu ditue inplikautako erakundeen dokumentu ofizialak. Holan, arloari ekarpen metodologikoa egin deutso UPV/EHUko taldeak. Ustelkeriari eta gizarteari lotutako gaietan erabilten da kontrakontabilidadea. Bioaniztasunaren kasuan, barriz, barriagoa da eta oso erabilgarria, izan be, enpresen joerea da txosten ofizialetan informazinoa ezkutatzea. Egia da geure ikerketak mugak dituala kualitatiboa dalako eta ikertzaileon ikuspegia jokoan sartzen dalako, baina gardentasuna neurtzeko enpresen kontrolpean ez dagoan informazinoari begiratu behar jako ezinbestean eta gu ahalik eta objektibotasun handienagaz ibili gara, autortu dau Blancok.
Goizeder Blanco Zaitegi Ekonomia eta Enpresa Fakultadeko doktoregaia da. Bioaniztasunaren kontabilidadearen inguruko tesia egiten ari da UPV/EHUko Enpresa zuzendaritzea, Ezagutzea eta Barrikuntzako doktorego-programearen barruan. Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeari, enpresa- jarduerari eta Ekonomia Zirkularrari buruzko ikerketa-taldeagaz batera landutako energia-enpresen inguruko argitalpena tesiaren parte izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!