UPV/EHU, munduko unibersidade onenen artean

Bizkaie! 2024-08-19 09:56   Kulturea

Nazinoarteko unibersidadeen sailkapenen artean garrantzitsuena da Shanghaikoa.

Euskal Herriko Unibersidadeak Shanghaiko rankingean gora egin dau eta munduko 400 unibersidade onenen artean kokatu da barriro, igaz 500 unibersidade garrantzitsuenen artean geratu ostean. Sailkapena, Shanghaiko Jiao Tong Unibersidadeak egiten dau urtero, eta, gaur egun, nazinoartean aintzatetsitako ebaluazino-irizpideetako bat da, unibersidade-munduaren barruan estimatuena eta enblematikoena. Espainiar estaduko zortzi unibersidade soilik dagoz sailkapen honetako lehen 400 unibersidadeen artean.

Eva Ferreira euskal unibersidade publikoko errektorea pozik agertu da emaitza horregaz: Maila bat igo izana, munduko 400 unibersidade onenen artean egotea, albiste bikaina da geure gizartearentzat. Kontuan hartu behar da gero eta konpetentzia handiagoko nazinoarteko testuinguru batean gagozela, Txinaren goranzko posizinoak erakusten dauen bezala. Horregatik, munduko lehen 400 unibersidadeen artean egotea eta Espainiakoen artean hirugarren postuan egotea emaitza bikaina da. Urte olinpikoa izanik, esango neuke Euskal Herriko Unibersidadea unibersidadeko ikerketearen munduko podiumean dagoala.

Shanghaiko rankingak, funtsean, unibersidadeetako ikerketearen eragina neurtzen dau, baita nazinoartean dauen ospea be. Euskal Herriko Unibesidadea 2012an agertu zan lehen aldiz sailkapen horretan. Aurton, Harvard, Stanford eta Massachusetts Institute of Technology unibersidadeek sailkapeneko lehen hiru postuetan dagoz, ordena honetan. Lehen hamar postuetatik zortzi Estadu Batuetako unibersidadeek betetzen ditue eta bi Britainiar Handikoak dira (Cambridgekoa eta Oxfordekoa).

UPV/EHU ex aequo kokatzen da 301 eta 400 postuen artean. Unibersidadeen bikaintasuna neurtzeko nazinoarteko erreferentzia dan zerrendea osotu ahal izateko, kontuan izan dira Nobel Saria eta Matematiketako Fields dominak eskuratu dituen irakasle edo ikasle ohiak dituen unibersidadeak, ikertzaile oso aitatuak eta Nature edo Science aldizkarietan argitaratutako artikuluak, baita WOSen (Web of Science) indexatutako artikuluen kopurua be. Guztira, 2.500 unibersidade baino gehiago ebaluatzen dira eta 1.000 onenen sailkapena ateratzen da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu