BIME Bilbao Topaketak, urriaren 29tik zemendiaren 1era
2024-08-14 13:09 MusikeaGlokalizazinoa, adimen artifiziala, ticketinga eta jaialdien booma, eztabaidagai.
Udabarriko Bogotako edizino arrakastatsuaren ostean, mundu osoan erreferentziakoa dan BIME musika-industriaren nazinoarteko topaketak jakinarazo ditu hamabosgarren edizinoko programazinoan aurkeztuko dituan lehen izen eta barrikuntzak. Mundu osoko profesional, artista, ikasle, erakunde, marka eta eragileak alkartuko dira urriaren 29tik zemendiaren 1era bitarte Bizkaiko uriburuan, musikearen hurrengo kapitulua biderauko dauen mapa alkarlanean lantzeko foro bihurtuko baita uria.
BIMEren aurtongo edizinoan, Lurraldeak kontzeptua izango da ildo nagusia eta musikearen industriak glokalizazino testuinguru batean dituan aukerak eta erronkak aztertuko ditue. Adimen artifizialak, ticketingak eta banaketa digitalak ekarri dituan aldaketei erantzute aldera, BIMEn musika-aniztasunearen ganeko alkarrizketa sakona, nazinoarteko lankidetzea eta tradizinoei eustea sustatuko dira. Ganera, alderdi kritikoak be landuko dira, esaterako ekintzailetza, norberaren hobetzea, lege-arloko erronkak eta zuzeneko nahiz grabautako musikearen inguruko joerak, alderdi horreek guztiak funtsezkoak diran aldetik sektorearen bilakaerean erabakigarria dan momentuan.
Euskalduna Bilbao jauregian izango dira, betiko lez, BIME Pro barruko jarduera profesionalak. Baieztatutako lehen izenen artean artista eta profesional bikainak dagoz, esaterako Scott Cohen, musikearen industriaren bilakaeran aitzindari eta gakoa, JKVXen CEOa; Albert Pla artista katalan polifazetikoa; sari ugari jaso dituan Errollyn Wallen konpositore britainiarra; Maria José Llergo artistea, flamenkoan barritzaile eta Goya sari baten irabazlea; Andreas Katsambas, Chartmetric etxeko presidentea; Elijah, marketinean aditua, DJ eta sormen-zuzendaria Make The Tings etxean; Tamsi McLarty, idazlea eta Music Industry Therapist Collective (MITC) kolektiboaren sortzailea; Alexandra Lioutikoff, LATAM eta US Latin presidentea Universal Music Publishing etxean; eta Toni Segarra, sormen-zuzendaria eta bazkide sortzailea Alegre Roca etxean, XX. mendean Espainian izan dan sortzaile onenetako bat.
Fermin Muguruza euskal artista ezagunak be hartuko dau parte BIMEn; izan be, aurton musikearen munduan 40 urte bete dituala ospatzen ari baita, euskerea eta euskaldunon nortasuna mundu osoan ezagutarazoz. Muguruzak berbaldi batean parte hartuko dau: Muguruza FM 40 Internazionala, Garbiñe Ubeda kazetari tolosarragaz eta nazinoarteko artista bigaz batera: Tamer Nafar rapero, aktore eta aktibista palestinarra eta Malena D'Alessio rapero, aktibista eta konpositore argentinarra.
BIME nazinoartean erreferentziako gune sendo da, Europaren eta Amerikaren arteko bidea markatzen dauen iparrorratz bihurtu baita, ozeanoaren alde bien topagune izanik eta alkarlanerako ibilbideak proponiduz. Mundu osoko profesionalak ikusgai egiteko gune eta bozgorailu nagusietako bat dan aldetik, BIME ezinbesteko hitzordu bihurtu da jada kultura eta sormen-industrien sektorean, ondoko erakundeen laguntzinoari esker: Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Kultura Ministerioa, Acción Cultural Española, ICEX, Kolonbiako Kultura Ministerioa, Txileko Kultura Ministerioa, Ibermúsicas eta Factor Canada.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!