'Aste Nagusian, Errespetu Nagusia'
2024-08-13 13:11 KultureaHolan baieztau dau Juan Mari Aburtok Erasoen aurkako Estrategiaren aurkezpenean.
Udalak ziurtatu dauenez, udal talde guztiak prest dagoz festa, poza eta ilusinoa bermatzeko. Gustu eta adin guztietarako kalidadezko eta dobako programea atondu dogu eta prest dagoz urian segurtasuna eta bizikidetzea bermatzeko baliabide eta zerbitzu guztietan.
Arriaga Antzokian, txalaparta doinuen artean, Udalak jaietan zehar erasoak prebeniduteko eta desagerrarazoteko egingo dauen lanearen ildo estrategikoak adierazo ditu. Errespetu Nagusia lelopean, zapatu arratsaldean (hilak 17) aktibauko da, balkoitik txupina jaurti eta Mari Jaia lehen aldiz agertzen danean.
Alkatearen arabera, Aste Nagusiaren sentsibilizazino eta prebentzino-kanpainak adierazoten dauen mezu nagusietako bat (Bilbo, eraso matxista, arrazista eta LGTBIQfobikoen kontra konprometidua) lortzeko klabeak errespetua, konpromisoa eta erantzukizuna dira. Berbaldian esan dauenez, errespetua edozein hartu-emonetan oinarrizko printzipioa da. Jokabide desegokiak baztertzeko eta salatzeko konpromisoa dogu.
Bestalde, Kontxi Claver Bardintasun, Bizikidetzea, Lankidetzea eta Immigrazinoko zinegotziak adierazo dau udalak zein baliabide eskainiko dituan, udal sailen koordinazinoari esker (Bardintasuna, Bizikidetzea, Segurtasuna, Jaiak eta Gizarte Ekintza): lantalde profesionalak eta arretan espezializatuak, aholku emoteko eta jarduteko protokoloak, informazino-gidak, larrialdiko telefonoak dituen materialak eta publizidade-kanpainak. Gure jai-esparrua bardintasunerako eremua izatea nahi dogu; hori funtsezkoa da indarkeriak, jokabide matxistak, arrazistak eta LGTBIQfobikoak identifikatzeko eta galarazoteko.
Aurkezpenean Bilboko Konparsetako kideek eta Itziar Urtasun eta Amaia Arregi Jaietako eta Segurtasuneko zinegotziek parte hartu dabe, Udalbatzako beste ordezkari batzuen artean.
Udalaren baliabideak erasoen kontra
Bilboko Udalak arreta-zerbitzua eskaintzen deutse indarkeria matxistearen biktima diran emakumeei, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren eta Udaltzaingoaren bidez. Aste Nagusian erasorik gertatuz gero, udalak laguntzino psikologiko eta juridikoko zerbitzua dauka erasotako emakumearentzat eta senideentzat.
Gorroto-erasoei, eraso arrazistei eta eraso LGTBIQfobikoei jagokonez, 24 orduko Arreta eta Aholkularitza Zerbitzua izango dabe bederatzi jai-egunetan, talde espezializatuekaz.
2022tik, Udalak Puntu Moreak izenekoak edegiten ditu kontzertu-espazioetan: Abandoibarran eta Europa parkean, Plaza Barrian, Casilda Iturrizar parkeko pergolan eta Plaza Biribilan.
Horreezaz gan, eranskailu batzuk diseinau dira, telefono mobikorraren atzealdean eta komun publikoetan jarteko, arreta behar izanez gero edo erasoak salatu behar izanez gero erabilgarri dagozen telefono-zenbakiak erraz eta azkar ikusteko:
- Udaltzaingoa eta Larrialdiak: 092 eta 112.
- Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua: 94 470 14 60.
- Bardintasun, Bizikidetzea, Lankidetzea eta Immigrazinoa Saila: 94 420 48 38.
- Sexu-indarkeriaren biktimei arreta integrala emoteko zerbitzua, sexu-indarkeriaren biktima diran emakumeentzat: 900 840 977.
EraStop aplikazinoa
Jaietan erasoak saihesteko tresna osogarri eta ezaguna da EraStop aplikazinoa. Hiru funtzio ditu:
- Udaltzaingora seinalea bidaltzea berehala, eraso bat jasaten ari garenean edo eraso bat jasateko mehatxua sentiduten dogunean.
- Eraso baten lekuko bagara, alarmea bidaltea.
- Gure agendako kontaktu bati ibilbide batean zehar modu birtualean eta denpora errealean lagun egiteko eskatzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!