Badator Bermeoko XXXVI. Nazinoarteko Folklore Jaialdia

Bizkaie! 2024-08-07 12:34   Musikea

Aurtongo edizinoan, Egipto eta Portugalgo jantza taldeak izango dira.

Bermeoko Alkartasuna Jantza Taldeagaz batera, Egipto eta Portugalgo jantza taldeek parte hartuko dabe datorren zapatuan, abuztuaren 10ean, izango dan XXXVI. Nazinoarteko Folklore jaialdian. Alkartasuna Jantza Taldeak Bermeoko Udalaren laguntzinoagaz atontzen dauen jaialdia, 21:00etan hasiko da Artza Frontoian. 1986. urtean hasi ziran jaialdia atontzen.

Bermeoko udal ordezkariek eta Alkartasuna Jantza Taldeko arduradunek gaur emon ditue Nazinoarteko Folklore jaialdiaren zehetasunak: Folklore Jaialdiaren helburua da, atzerriko folklorea ezagutu eta erakustea, baita Bermeoko ohiturak beste herri batzuetakoei ezagutarazoteko be. Horrezaz gan, Folklore Jaialdiaren bidez, beste herrialde batzuetako jantza taldekoekaz egoteko aukerea izaten dogu, modu horretara, alkarrenganako ezagutzak sustatuz.

Datorren zapatuan, Egiptoko El Shams Ballet Group taldea izango da Nazinoarteko Folklore jaialdiko parte hartzaileetako bat. El Shams, 1970ean sortu zan Kairoko Heliopolis eremuan kokautako gizarte kluba da eta El Shams Ballet Group bost urte geroago sortu zan, 1975ean. Taldeak emonaldi ugaritan parte hartu dau, euren lurraldean eta nazinoartean. Afrikan bertan, ekitaldi nazinonal garrantzitsu askotan izan da, esaterako, Afrikako Txapelketearen inaugurazinoan edo Afrikako Futbol Kopearen inaugurazinoan. Egiptoko Ismailia herri jantza jaialdian be parte hartu eban, 90eko hamarkadean, munduko folk jaialdi handienetako bat izan zana.

Bestetik, Portugalgo Grupo Etnografico Terras de Cambra izango da Artza frontoiko jaialdian parte hartuko dauena. Terras de Cambra Etnografia Taldea 1973an sortu zan, Vale de Cambra urian eta 75 lagunez osotutako taldea da. Taldeko kideak ahalik eta zintzoen irudikatzen saiatzen dira Cambrako herritarren tradizinoak. XIX. mendeko jantzen ezaugarriak aurkezten ditue, gehienak zirkularrak, erromerietan, jaietan, nekazaritza jardueren amaierean eta aisialdiko momentuetan jantzatzen ziranak. Jantza guztiak abestuak dira eta horreetan gizonek emakumeei erronka egiten deutsee. Kultur ekintza ugari atondu eta horreetan parte hartu dabe, ondoko honeek nabarmenduz: Estaduko eta Nazinoarteko Folklore jaialdi eta trukeak, XIX. mendeko esperientzien barreraikuntzak (artoaren zikloa, lihoaren zikloa, ardoaren zikloa edo txerriaren zikloa), erakusketa etnografikoak eta gabon-kantak. Grupo Etnografico Terras de Cambra taldea seigarren aldiz egongo da Euskal Herriko taldegaz alkartrukeak egiten.

Bermeoko XXXVI. Nazinoarteko Folklore jaialdiko sarrera 5 euro ordaindu beharko da eta Artza frontoiko leihatilan eskuratu ahal izango da zapatuan bertan, 18:00etatik aurrera.

Jaialdiak atzerriko eta euskal jantzak eta kulturea ezagutzeko eta disfrutetako aukera parebakoa eskainiko dauela adierazo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu