Azkuna Zentroak abuztuko programazinoa aurkeztu dau
2024-08-06 08:22 KultureaBisita gidatuak egunero egingo dira, irailaren 1era arte.
Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbao, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak irailaren 1era arte luzatuko dau eguneroko bisita gidatuen eskaintzea.
Bisita gidatuak, euskeraz (12:00etan) eta gaztelaniaz (13:00etan eta 18:30etan) izango dira egunero, aldez aurretik hemen izena emonda. Bisitek, gitxi gorabehera, 30 minutuko iraupena izango dabe eta gitxieneko edukiera 4 pertsonakoa izango da; gehienezkoa, barriz, 20 pertsonakoa.
Bisita gidatuen helburua, eraikinaren intrahistoria adierazotea da: nola sortu zan, Atrioko 43 zutabeen zergatia edo eraikinaren azpi-lurzoruetan zer pasetan dan. Bilboko Alondegia izan denaren testuingurua be aztertuko da: 110 urte baino gehiago dituan uriko ardoen, olioaren eta ozpinduen biltegia Kultur Zentroa eta gizartearen eta kultura garaikidearen arteko loturea hain zuzen be.
Egueneko arratsaldeko ibilbidea Allora & Calzadilla: KLIMA erakusketan oinarritzen da, Lifespan eta Entelechy obren aktibazino performatikoaren aurretik.
Lau erakusketa
- Allora & Calzadilla: KLIMA.
Bisita gidatuek bat egingo dabe udan Azkuna Zentroan ikusgai izango dituen erakusketa-proiektuekaz. Zentroak dei egiten deutse ikus-entzuleen komunidadeei abuztuan bisita lasaiagoa eta gogoetatsuagoa egin deien, bisita gidatuen, audiogiden edo jarduera osogarrien programaren bidez. Holan, Azkuna Zentroa klima aterpe bihurtzen da udako hilabeteetan.
Zentzu horretan, Allora & Calzadilla: KLIMA erakusketak nazinoarteko arte garaikidean erreferente diran Jennifer Allora eta Guillermo Calzadillaren azken lana jarri dau ikusgai Erakusketa Aretoan. Bikote kolaboratiboak, mundu osoko museoetan ikusgai egon dan lan esperimentala egin dau.
Erakusketean, artisten jardun diziplinartekoa eta kolaboratiboa nabarmentzen da, baita obra osoan dagozen gaiak be: denpora geologikoa eta Lurreko bizitzearen bilakaeraren historia, izaera postkoloniala, ingurumen-arloko justizia eta zor klimatikoa, geopolitika eta energia-iturriak. Eguenero, performanceen programazinoa dago.
- Tentelontzia. Ipuin Ibilaldi bat pintura flandestarrarekin elkarrizketan.
Ana G. Lartitegiren Tentelontzia. Ipuin Ibilaldi bat pintura flandestarrarekin elkarrizketan erakusketea bihurtutako ilustrazino-liburua da. Proiektuan, Ana González Lartitegui artista bilbotarrak bere azken lanerako sortutako akuarela originalak dagoz ikusgai: Tentelontzia, gaztelaniaz, euskeraz, katalanez eta galegoz argitaratua.
Erakusketean, liburu-album horretako testuaren eta narrazino grafikoaren sortze prozesua erakusten da.
- Ur Aitzak.
Bestalde, Elena Aitzkoa artistak azken urte bitan Azkuna Zentroko artista AZkide gisa sortutako Ur Aitzak izeneko eskultura-multzoa dau erakusgai Atarian. Aldi berean, Ataria bere tailerra eta erakusketa-gunea izan da, Zentroaren eta bertatik pasetan diran personen bizitzearen parte.
Elena Aitzkoak horreekaz partekatu ditu prozesuaren zehetasunak, erabilitako teknikak edo pieza bakotxagaz batera doazen poemak. Atarian dagoan Iparragirre Aretoan, Elena Aitzkoaren sormen-prozesua eta Azkuna Zentroan kokatzeko modua erakusten dauen bideoan proiektatzen da.
- Schola Navicolare di Traiano.
Azkenik, Manu Muniategiandikoetxea artista bisualak Schola Navicolare di Traiano instalau dau Azkuna Zentroako terrazan, irailaren 29ra arte edegita egongo dana. Esku-hartze konstruktibo-piktorikoa, Erromako Espainiako Akademian izandako egonaldian egin dauen Gigantomaquia proiektuan oinarritua dago. Proiektu horretan, estudioaren ideakaz eta testuinguruaren garrantziakaz be jolasten dau artistak, obrearen kontzeptua edegiz.
Hori guztia osotzeko, Mediateka Udan, esperimentazinora bideratutako jardueren programea, umeak Zentroko kultura-programazinoakaz konektatuz jolasaren, irakurketearen, berbearen eta sorkuntzearen bidez. Saioetan, arte garaikideagaz lotutako hainbat praktika txandakatzen dira, 6 eta 12 urte bitarteko umeen sormena eta pensamendu kritikoa indartzeko.
Horreezaz gan, garagarrilaren 5etik abuztuaren 15era, Udako Golem Verano zikloan, Aki Kaurismäki zuzendari finlandiarraren inguruko programazinoa emongo dabe, jatorrizko bersioan azpitituluekaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!