Badator XXXIX. Bermeoko Nazinoarteko Musika Astea

Bizkaie! 2024-08-02 09:15   Musikea

Abuztuaren 6tik 9ra, Santa Maria eleizan.

Badator Bermeoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz eta Oizmendi telebistaren laguntzinoagaz, atontzen dauen Bermeoko XXXIX. Nazionarteko Musika Astea. Abuztuaren 6tik 9ra bitartean, lau kontzertu hartuko ditu Santa Maria eleizak; 20:00etan hasiko dira kontzertu guztiak eta doban izango dira.

Bermeoko Udaleko Kultura eta Hezkuntza sailak atontzen dauen programa zaharrenak estilo ugari eta kalidadezkoak buztartzen ditu. Beraz, musikaz disfrutetako aukerea izango dabe bermeotarrek, ingurukoek eta bisitariek.

Abuztuaren 6n, martitzenean, Zaruk bikoteak emongo deutso hasierea Musika Asteari. Iris Azquinezarrek (biolontxeloa) eta Rainer Sieferthek (gitarrea) Agua diskoa aurkeztuko dabe Santa Maria eleizako kontzertuan. Gizakiak urari abesten deutso disko horretan. Iris Azquinezerren txeloan eta Rainer Seiferthen gitarrean, naturaltasun handiz batzen ditue Iberiar Peninsulako musika tradizionalak, jantza balkanikoak, Franz Schubert-en erromantizismoa, Jean Sibelius-en soinu nordikoak, Tom Jobim-en soinu-oihana eta berezko konposizinoak.

Abuztuaren 7an, eguaztenean, Duo Dolmenen txandea izango da. Eider García de la Torre Aurrekoetxeak (klarinetea) eta Ibon Ariznabarreta Barrigak (flauta) osotzen dabe Duo Dolmen. Musikea egiteko ilusinoa oinarri izanik, proiektua sortzea erabagi dabe eta proiektu horretan, ganbera-musikearen bidez, arte ibilbidea hastea dabe helburu.

Abuztuaren 8an, eguenean, barriz, Ibai Pijoan & Gus McQuaderen musikariekaz disfrutetako aukerea izango dabe bertaratutakoek. Pieza klasikoak eta modernoak aurkeztuko ditue, esaterako: B. Strayhorn, J.S. Bach, J. Dowland, M. Ravel, F. Mompou, P.I. Tchaikovsky, G. Donizetti, A. C. Jobim eta J. McHugh.

Amaitzeko, abuztuaren 9an, barikuan, Bilbao Orkestra Sinfonikoko (BOS), Itsasne Alzola Garamendi biolin bakarlaria eta Jorge Yagüe zuzendaria izango dira Bermeon. Orkestrearen programean, Mozart eta Dvoraken lanak entzungo dira. Halanda be, barikukoa kontzertu berezia izango da. BOSek eta Bermeoko Udalak Bermeon bizi zan eta dauela gitxi hil zan Estefan Madru musikaria autortuko dabe. Madru, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren biolinista zan eta bi aldiz parte hartu eban Bermeoko Musika Astean.

Kontuak kontu, Bermeoko Nazinoarteko Musika Asteak kalidadezko musikea eroango dau udalerrira, doban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu