Euskal kulturearen egungo ardurak ardatz
2024-07-30 12:00 KultureaHermes aldizkariaren azken zenbakian.
Sabino Arana Fundazinoak argitaratzen dauen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariak Euskal Herriko ertz eta eragile ugariko kulturearen arloan dabizan protagonisten kezkak batzen ditu kultureari eskainitako azken alean (78. zenbakia).
Protagonista, musikari, idazle, jantzari, abesbatza zuzendarien eta bestelakoen eretxiak jaso dira zenbaki horretan eta horreen osogarri, Artium Museoko zuzendariaren barriketaldiak Euskal Herriko hainbat diziplinaren argazkia emoten deuskue.
Artearen aurreko maitasuna zein etorkizunari baikor begiratzen deutson giroari atxikitako bakotasunak eta ardurak jorratuta.
Ondokoek parte hartu dabe 78. zenbakian: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua XI. eta XII. legegintzaldietan; Alberto Urretxo, musikari eta sortzaile artistikoa; Iñaki Tolaretxipi, La ndarbaso Abesbatzaren zuzendaria; Igor Yebra, jantza klasikoko jantzari eta koreografoa; Eneko Sagardoi, aktorea; eta Luisa Etxenike idazlea.
Kolaborazinoen artean, Fernando Mikelarena historialariarena, Nafarroako indarkeria frankisteari buruzkoa eta bestea, Xabier Unanue legelariarena, Larrazabalgo zinari buruzkoa. Azkenik, Beatriz Herraez Vitoria-Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Museoko zuzendariari egin deutse alkarrizketea. Estaduan, artearen arloan eragin handieneko 40 emakumeen artekotzat jo dau Forbes aldizkariak. Marta Martin kazetariak alkarrizketatua, Beatriz Herraezek Artiumek euskal kulturearen esparruan beteten dauen zeregina eta Gasteizko erabiltzaileakaz nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako museoakaz dituan hartu-emonak aztertu ditu. Beatriz Herraezen eretxiz, museoak pentsetzeko gunetzat edo bisitariak propiotzat
hartutako topagune lez balio behar dau. Artiumek egindako bardintasunaren aldeko jarrerea eta martxan jarritako programa parekideak be azpimarratu ditu: Euskal Emakume Artisten, Praktika artistikoen eta Artearen Teoria feministen Ikerketa eta Dokumentazino Zentroaren gorabeherak, izan be, kulturearen ikuspegi feministeagaz zerikusia dauen guztiari modu zuzenagoan erantzuten deutson bibliografía edo programa bildumea garatzen saiatzen gara.
Aurrera begira, Artiumeko zuzendariak JAI (Jarduera Artistikoen Institutua) programearen bosgarren edizinoaren aurkezpena iragarri dau: irailean, Joserra Melguizo artista arabarrari eta Eduardo Chillidaren jaiotzearen mendeurreneko proiektuari buruzko erakusketa bat aurkeztuko dabela aurreratu dau. Eta zemendian -Jöelle Tuerlinkx- artista belgikarraren erakusketaz gozauko dogu. Erakusketa hori proiektu garrantzitsua izango da museoaren jadunbiderako.
78. zenbakiko kolaborazino artistikoa Lucia Jayo Altamiranok egin dau. Artisteak marrazkia, pinturea eta argazkiak buztartzen ditu bere lanetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!