Nazinoarteko euskera eta euskal kulturako 22 irakurle batu dira Donostian
2024-07-30 13:00 KultureaBerlin, Helsinki, Habana, Chicago, Mexiko Hiria, Paris edota Liverpool lako urietan pasau dabe ikasturtea.
Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza sareko irakurleak dira, hau da, Euskal Herritik kanpoko unibersidade batean euskera eta euskal kultura eskolak emoten ditue. VII. Irakurle Topaketea ikasturtearen balorazinoa egiteko, esperientziak konpartidu eta euren erronken inguruan hausnartzeko espazioa da. Parte-hartzaileen artean datorren ikasturtean lehen aldiz euskera eta euskal kultura eskolak emongo dituen zazpi lagun izan dira.
Irakurleakaz batera, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Monika Madinabeitia Institutuko Euskerea Sustatu eta Zabaltzeko zuzendaria izan dira bertan, baita irakurle sarea kudeatzen daben Eneko Agirre eta Xabier Etxeberria teknikariak be.
San Telmo Museoan lehen aldiz egin da urteroko topaketea. Okasinoa aprobetxauta, irakurleek museoan bisita gidatu bat egiteko aukerea izan dabe, baita aukera bikaina euskal kulturearen lagin bat bertatik bertara ezagutzeko be; bisita hau egin baino lehen, irakurleek lan dinamika bat egin dabe museoko hezkuntza arduradunak, Agurtzane Garayk, gidatuta. Bertan, hareen unibersidadeetan euskal kulturea zabaldu eta trasmitiduteko zer elementu material edo inmaterial eroango leukiezan aztertu dabe. San Telmo museoa bisitau ostean, beste baliabide, elementu eta irudi batzuk sartu ditue nazinoarteko unibersidadeetara eroango daben maletan.
Bisitea amaitzean, Etxepare Euskal Institutuak datorren ikasturtera begira irakurletzatan eskainiko dituan brrikuntzak aurkeztu ditue Monika Madinabeitiak eta Xabier Etxeberriak; besteak beste, ‘Irakurleentzako Sarea’ aurkeztu dabe, mundu osoan zehar lanean dabizen irakurleen arteko saretzea eta lankidetza eraginkorra bideratzea helburu dauen tresna digitala: eskolak eta jarduerak atontzeko baliabideak, edukiak eta materiala eskuragarri izango ditue irakurleek, baita bakotxak egiten dituan ekintzak konpartiduteko aukerea be.
Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko unibertsitateetan euskerea eta euskal kultura irakurletzak sustatzeko egindako promozino bideoa be aurkeztu dau, laster argitaratuko dana. Horrezaz gan, Eusko Jaurlaritzeak eta HABEk aurten plazaratutako ‘Ingura’ tresnearen aurkezpen laburra be egin da, irakurleentzat oso baliogarria izan daitekeen tresnea baita, inguraonline.eus, euskerea ikasteko eta irakasteko plataforma digitala da eta 2024-2025 ikasturtean eskuragarri egongo da A1 mailarako.
Jardunaldia amaitzeko, irakurleek egin dabe berba eta aurkeztutako tresnen inguruko eretxiak eta hobekuntza-proposamenak zehaztu ditue, urtean zehar izandako esperientziak eta erronkak eta euren lana saretzeko ideak konpartidu ditue. Oro har, topaketearen formatuaren eta aurkeztutako baliabideen inguruko eretxi positiboa izan dabe parte-hartzaileek. Madinabeitiak adierazo dauenez, oso pozik gagoz aurtengo topaketearen emoitzakaz; formula barri hau asko gustau jake irakurleei eta talde dinamikak, formakuntza saioak eta solasaldiak aberasgarriak izan dira danontzat.
Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza sarea
Irakurleak Euskal Herritik kanpoko unibertsidaderen batean euskerea eta euskal kultura eskolak emoten dituen irakasleak dira. Horrez gain, esparru akademikoan euskal kulturearen ordezkari eta dinamizatzaile izateaz be arduratzen dira, jarduera kultural eta akademikoak atonduz eta kultur-arteko topaguneak sustatuz.
Topaketok 2018tik egiten dira, Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza sarea indartzeko asmoz. Institutuak mundu osoko unibersidadeakaz lankidetza hitzarmenak sinatzen ditu euskal ikasketak eskaini deiezan. Irakurletza programearen bitartez, Institutuak euskera eta euskal kulturearen nazinoarteko proiekzinoa indartu eta beste hizkuntza eta komunidade batzuekaz alkarguneak sortzeko euskal ikasketak sustatzen ditu nazinoarteko testuinguruetan. Gaur egun, Euskal Herritik kanpoko 35 unibersidadek osotzen dabe Institutuak sustatzen dauen sare hori eta 28 dira sare horretan dabizen irakurleak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!