Ainhoa Mendiluze Ormaetxeak irabazi dau I. Minaberri itzulpen-bekea

Bizkaie! 2024-07-30 07:45   Kulturea

Laurie Halse Anderson idazlearen Speak liburua euskaratuko dau.

EIZIEk, Iruñeko Udalagaz lankidetzan, Minaberri bekearen lehenengo edizinoa atondu dau aurtengo udabarrian, mentoretza baten bitartez nazinoarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskeratzeko. Txalaparta argitaletxeak kaleratuko ditu bekearen bidez sortzen diran itzulpenak eta Cedroren laguntzea izango dau mentoretzeak. Marijane Minaberri idazle eta itzultzaile baxenabartarraren omenez hartu dau «Minaberri» izena bekeak.

Hogeitabost gazte aurkeztu dira bekEaren deialdira eta, guztien lanak aztertuta, epaimahaiak erabagi dau Ainhoa Mendiluzeri esleitzea bekea, liburua osorik itzultzeko. Aiora Jaka itzultzailea izango dau mentore, itzulpen-prozesuan laguntzeko. Epaimahaiaren eretxiz, aurtengo itzulgaiak bazituan erronka batzuk. Laurie Halse Andersonek AEBetako nerabeen giroa eta kezkak islatzen ditu Speak lanean eta itzultzaileak bikain asmau dau giro hori eta gazteen berbakerea euskera aberats eta naturalean emoten, ingelesezko testuaren tonuari eutsiz eta euskerearen adierazkortasuna egoki erabiliz. Manu Lopez Gaseni, Naroa Zubillaga Gomez eta Aiora Jaka Irizar izan dira epaimahakide.

Ainhoa Mendiluzek (Tolosa, 1997)

Itzulpengintza Gradua ikasi eban EHUn eta itzulpen-praktikak egin zituan Gipuzkoako Foru Aldundian. Ondoren, Saretik Hizkuntza Zerbitzuetan ibili zan lanean, askotariko testuak itzultzen: testuliburuak, testu juridiko-administratiboak, ekonomia eta politika arlokoak eta umeentzako literaturakoak, batez be. Ikasturte bi emon zituan hizkuntza-irakasle lanetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan euskera irakasle eta Hizkuntza Eskola Ofizialean aleman irakasle. Gaur egun Nafarroako Unibersidade Publikoko itzultzailea da.

Laurie Halse Anderson

Gazte-literaturako idazle ezagunenetarikoa da AEBetan. Speak nobela txundigarria argitaratu eban 1999an eta hizkuntza ugaritara itzuli eta film bat eta eleberri grafiko bat be egin ditue liburuan oinarrituta. Haren liburuetan, berbakera adierazkor eta aberatsa erabilten dau eta ezelako itzulingururik barik jarten deutse ahotsa nerabeen bizipenei. Maitasun preminaz eta taldekide sentidutearen beharra jorratzen ditu idazleak sarri bere obretan.

Informazino gehiago:

- Bekearen oinarriak
- Idazlea eta obrea 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu