Busturiko Udalak www.turismobusturia.eus webgunea sortu dau
2024-07-30 07:50 Pil-pileanHerriko ondare historiko eta kulturala batzea eta sustatzea da asmoa.
Turismo iraunkorra lantzeko estrategiaren barruan, ardatz nagusia Urdaibaiko Biosfera Erreserbearen bihotzean dagoan bere ondare naturala konserbau eta bere ondare arkeologiko eta historikoari eta udalerriaren landa izakereari balioa emotea da helburua. Webgunea intuitiboa eta nabegazino errazekoa da, memoria historikoak be badauka bere lekua, ezinbestekoa baita Busturiaren nortasunean.
Busturiaren potentzialagaz konbenziduta gagoz, baliabideak daukaguz eta kokapen bikaina dogu Urdaibai-Busturialdeko gune turistikoetako bat izateko. Udaletxean egiten dogun lana potentzial horri balioa emotea da, munduari erakustea eta turismo kultural aberasgarria eta errespetuzkoa jasoteko lan egitea, herriko garapen iraunkorrari laguntzeko. Turismo kulturalak geure ondare historikoa eta naturala berreskuratzen eta konserbetan laguntzeaz gan, gure aparteko nortasuna be ezagutzera emoten dau. Garena eta ordezkatzen doguna sustatzea geure esentzia balioesteko modu egokia da. Udalean, gure landa komunidadea bizibarritzeko konpromisoa dogu. Kalidade handiko turismoak gure lehen sektorea indartu eta herriko ekonomia sustatu leikela uste dogu. Horregaitik, gure ahaleginen parte bat ikuspegi turistiko horretara bideratzen gabiz, geure ondarea nabarmendu eta balioetsiko dauen ikuspegi turistikora, gure garapen-estrategiaren euskarrietako bat izan daiten nabarmendu dau Aitor Aretxaga Busturiko alkateak.
Bisitariek www.turismobusturia.eus webgunean udalerriak eskaintzen dituan zerbitzuak eta ondare baliabideak topau leikiez. Webgune barriak Busturiko auzoak erakutsi eta bertako txokoak ezagutzera gonbidatzen gaitue, Busturia ezagutzea bertako auzoetan barruratzea dalako. Abiña, estuarioaren ertzean, San Antonio hondartza idilikoagaz; Altamira, landatarra, kulturala eta soziala, erdigune dinamikoa, erdiko plazearen inguruan, frontoiaren eta San Migel eleizearen inguruan; Axpe, bizileku lasai eta abegikorra, artadi Atxa Punte hatx bereziagaz; Paresi, landa-guneetako bizimodu betea, Elurretako Andra Mariaren baseleiza zaharra landagune horren erdigunean dagoala; San Bartolome, natura eta landa-espazioaren arteko idilioa, bere ermita politagaz eta harrizko parrek babestutako bideakaz; eta San Kristobal, konektibidadea, uriri-dinamismoa eta padurea, bere hareatza bitxiagaz.
Kulturea oso presente dago webgunean, ondare erlijiosoari, arkitektura zibilari, ondare historikoari, burdinolei, garbitokiei eta Busturiko zeramika preziatuari errepasoa eginez. Webguneak jasoten dauen bezela, herri baten kultureak definiduten dau herri horren muina eta, Busturian, geure ohiturek, tradizinoek, gure txoko eta eraikin historikoek bizitzea emoten deutse ondare material eta immaterialari. Nabarmentzekoak dira eleizak, txakolin mahatsaren magatsondoak, gaur egun Ekoetxearen eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbearen Patronatuaren egoitzea dan Madariaga Torrea, erloju-dorrea eta Txirapozu jauregia, besteak beste.
Turismo aktiboko esperientziak be nabarmentzen dira Busturiako eskaintzan, mobikortasun iraunkorrera zuzendutako eta, oinez edo bizikletaz, bertako paisajeez eta auzoez gozetako moduko ibilbideakaz: Web turistikoan nabarmendu gura dogu kalera atara dogun Memoria Historikoa, herritarrok zein bisitariak gure historiaren jakitun izan gaitezan eta persona guztien giza eskubideen errespetua gogoan izan daigun, bakea eta alkartasuna indartzeko. Guretzat garrantzitsua da jakitea zelan heldu garen gaur egun garena izatera, ze jazoera historiko bizi izan dituan herriak eta zelan eragin deutsen personei, dino Aitor Aretxaga Busturiko alkateak. www.turismobusturia.eus euskeraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri, nabegetea erraza da eta mobikor eta bestelakoetan ibilteko aproposa. Helburua gure webguneko bisitariakan interesa piztea da, online esperientzia on batez gozeteaz gan, gu bisitetako motibauta sentidu daitezan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!