Eguneko 5.000 parte-hartzaile eta 10.000 bisitari baino gehiago izan dira
2024-07-29 08:25 Kulturea32. Euskal Encounter sano positiboa izan da.
Ekitaldia amaitzean, Sabino San Vicentek Euskal Encounter 33 topaketearen datak iragarri ditu: 2025eko garagarrilaren 24tik 27ra izango da, BECen, urtero legez. Estaduko party nagusia dan eta Europako handienetakoen artean dagoan Euskal Encounter topaketeak balantze oso positiboagaz zarratu dau 32. edizinoa, eguneko 5.000 parte-hartzaile baino gehiago eta 10.000 bisitari izan baititu teknologiaz eta dibersinoz beteriko lau egunetan.
Atontzaileek nabarmendu dabenez, parte-hartze handia izan da programauako 150 jarduera baino gehiagotan eta jente asko hurreratu da Opengunera, jenteari edegitako eremura, tailerrak eta hitzaldiak egin baitira bertan.
Bisitari ugari erakarri ditue, besteak beste, azken barrikuntza teknologikoak aurkeztu dituen standek, 3D inprimiduteko-eremuak, gune solidarioak, teknologia hezigarriko tailerrek eta bideojokoen eremuek.
Euskaltel Fundazioak atondu eta Euskaltelek, Eusko Jaurlaritzeak (SPRIren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k babestutako lanpartyak adimen artifiziala, 5Ga eta talentuaren kudeaketa izan ditu ardatz nagusi.
Sabino San Vicentek, ekitaldiaren atontzaile eta Euskaltel Fundazinoko zuzendari nagusiak, eskerrak emon deutsee parte-hartzaileei bilkurearen emoitzagaitik, denpora guztian giro ona eta gozetako eta ezagutzak konpartiduteko bokazinoa nagusitu baitira. Azpimarratzekoa da partyko jardueretan izandako parte-hartzea handitu egin dala igaztik hona, izan be, aurreko edizinoan erregistrautako partaide kopuruaren igoereak baino hazkunde handiagoa izan dau parte-hartze portzentajeak. Era berean, boluntarioen taldearen lana txalotu dau, hilebetetan zehar ekitaldia prestetako jarduera guztiak kudeatzeko egindako esfortzuagaitik. Euskal Encounterrek datozen edizinoetan hazten jarraitzearen alde egingo dauela adierazo dau. Aurtengo 4.000 postu eta 5.000 parte-hartzaileen ondoren, datozen bizpahiru urteetan 5.000 makina eta 7.000 parte-hartzailera helrtzea da helburua. Horrezaz gain, Sabino San Vicentek ziurtatu dau emakumeen ehunekoa handitzeko be lanean jarraitzea dauela helburu, izan be, kopuru hori apur bat igon da aurten, izena emon dabnen emakumeen kopurua % 15era heldu baita.
Adimen Artifiziala
Adimen artifiziala partyaren oinarruizko gaietako bat izan da, bai hitzaldi eta tailerretan izan dauen protagonismoagaitik, bai aurten arte digitaleko lehiaketetan aplikautako erispideagaitik be. Gizarte-eztabaidearen isla lez, atontzaileek erabagi dabe AA sormen-lehiaketetan barruratzea, musikan, argazkigintzan edo bideo digitaletan. Edizino honetan adimen artifizialeko proba espezifikoak egin dira, baina hurrengo urteei begira beste edozein baliabide bezela erabilteko aukerea emongo da, talentua sustatzeko tresnatzat hartu behar baita, San Vicentek jakitera emon duenez.
Era berean, 32. Euskal Encounterrek talentuaren kudeaketearen alde egin dau Talent Corner ezarriz Opengunean, jentearentzat edegita dagoan eremuan. Bertan, teknologia talentu personala zelan jorratu ikasi dabe bertaratuek eta lan-aukerak be eskuragarri izan ditue. Era berean, 5Garen potentzialtasunak be aztergai izan dira partyan, bai enpresentzat bai partikularrentzat.
Ekitaldia amaitzean, Sabino San Vicentek Euskal Encounter 33 topaketearen datak iragarri ditu: 2025eko garagarrilaren 24tik 27ra izango da, BECen, urtero legez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!