Bilboko Injinerutza Eskolako autoak ibilgailu elektriko onenaren saria jaso dau Formula Student United Kingdomen
2024-07-24 11:07 Pil-pileanZorionak, eutsi goiari!!!
Beste urte batez, Formula Student Bizkaiak Formula Student United Kingdomen parte hartu eta Bilboko Injinerutza Eskolako taldeak inoiz irabazi ez dauen emoitzea jaso dau: Nazinoarteko
unibersidadeek bialdutako 63 bolidoen artetik, Bilboko Injinerutza Eskolako ikasle eta irakasleak 5
titulugaz itzuli dira etxera:
- Lehen postua azelerazio proban.
- Saria jarleku bakarreko ibilgailu eraginkorrenari.
- Bikaintasunari saria ibilgailuaren dinamikan.
- Saria propulsino elektrikoko sistema onenari
- Hirugarren postua sailkapen orokorrean.
Azken sari horri esker, Formula Student Bizkaia bihurtu da txapelketako jarleku bakarreko ibilgailu elektriko onena, izan be, lehen bi taldeenak errekuntzako ibilgailuak dira.
Formula Student United Kingdom, urtero atontzen dau Institution of Mechanical Engineers (IMechE) erakundeak eta, mundu mailan, injinerutzako ikasleen txapelketa entzutetsuenetako bat da. Ekimen horretan, mundu osoko unibersidadeetako ikasleak batzen dira Formula motako ibilgailuak diseinau, eregi eta horreekaz lehiatzeko.
FS Bizkaia Bilboko Injinerutza Eskolako 70 ikaslek eta 3 irakaslek osotzen dabe 2006an sortutako irakaskuntzako proiektu legez. ‘Enpresa unibersidade barruan’ ereduaren bidez, parte hartzen daben ikasleei Formula motako jarleku bakarreko ibilgailua diseinau eta eregiteko erronkea proponiduten deutse. Ibilgailuak, gero, nazinoarteko ekimen horreetan lehiatu behar dau Silverstoneko eta Bartzelona-Catalunyko zirkuituetan.
Hain zuzen be, azken aste honetan egin dabe FSUKen txapelketea Silverstoneko ibilbide ikonikoan. Danetara, mundu osoko txoko guztietatik heldutako 63 ibilgailuk hartu dabe parte. Lehiaketa horreen helburu nagusia da ikasleei esperientzia praktiko integrala emotea automobilgintzako injinerutzan, hareen prestakuntza teorikoa zeharkako konpetentziakaz osotuta. Holan, taldeek proiektu osoa kudeatu behar dabe: kontzeptualizazinotik eta diseinutik hasi eta ibilgailuaren fabrikazino, balorazino eta benetako lehiaketara arte.
Horretarako, lehiaketea bi kategoria nagusitan banatuta dago: proba estatikoak eta dinamikoak. Lehen kategoria horretan, taldeek beren diseinua aurkeztu behar dabe, ibilgailuaren kostua eta produkzinoaren bideragarritasunaren ebaluazinoa aztertu behar ditue eta, azkenik, balizko inbertitzaileentzako aurkezpenaren simulazinoa egin behar dabe, negozio eredua merkataritzearen eta merkatuaren ikuspegitik defendiduta. Proba dinamikoei jagokenez, lau zati ditu: azelerazinoa, Skid Pad-a, esprinta eta, azkenik, jarleku bakarreko ibilgailuaren erresistentzia eta eraginkortasuna.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!