Fermin Muguruzak kontzertu gehiago iragarri ditu

Bizkaie! 2024-07-19 09:41   Musikea

Londresen eta Montevideon.

Gaur, hilak 19, Kortatuk Errenteriako Patxiku kanpan bere lehen kontzertua eskaini ebaneko 40. urteurrenean, kontzertu bi iragarri ditu Fermin Muguruzak nazinoarteko birara: Londres (Ingalaterra) 2025eko apirilaren 24ean eta Montevideo (Uruguai) 2025eko maiatzaren 22an.



Ikusi hemen Kortaturen lehen kontzertuaren istorioa, atontzaile baten berbetan.

Ingalaterra eta Uruguai

Bireak, 40 urte baino gehiagoko ibilbide musikal osoa errepasauko dau eta Europa, Amerika eta Asiako hainbat uritara helduko da, Kortatu eta Negu Gorria taldeetatik hasi eta bakarkako lan barrienetara.

Kontinente ugaritan egongo dan arren, Muguruzak geldialdia egin nahi izan dau Londresen eta Uruguain, izan be, Irungo artisteak hartu-emon estuak izan ditu aitatutako toki horreetan. Uruguaiko kasuan, Negu Gorriak taldeagaz izan zan bertan 1994ean, Filtro Ospitaleko sarraskia bezela gogoratzen dana baino egun batzuk geroago, gazte bi hil zituen euskal errefuxiatuen estradizinoaren kontra gose greban egoazenei alkartasuna adierazoteagaitik. Ostean, Muguruzak bizpahiru aldiz bisitau dau Uruguai, Eduardo Galeano idazleagaz hartu-emon estuak sustatuz.

Londresen kasuan, Red Rhino zigilu ingelesak Kortatu taldearen A Frontline Compilation bildumea argitarau eban 1987an. Halanda ze, Muguruzaren nazinoarteko bira guztiak Londresen izaten dabe geldialdia. Scala Klubean izango da zuzenekoa.

Kultura disidentearen aurkako zentsurea

40. urteurrena momentu berezi batean heldu da, izan be, eskuin mediatiko eta judizialak Muguruzaren aurkako erasoa egin dau barriro. Horren aurrean, musikari eta zinema-produktoreak sare sozialetan ohartarazo eban kultura gehiagogaz erantzungo ebala, haren ibilbidea eta ondarea aldarrikatuz.

Artisteak, ekitaldi horreek kontzertu hutsak baino gehiago izango dirala adierazo dau, halanda ze musika adierazpenerako eta aldaketa sozialerako tresna izango dira. Publikoak Euskal musikearen eta  nazinoartekoaren ikono bihurtu diran abestiez disfrutetako aukerea izango dau.

Birako kontzertu gehienetako sarrerak hemen dagoz salgai. Halanda be, ondoko kontzertuetako sarrerak laster jarriko dira salgai: Buenos Aires, Zurich, Roma, Tokyo, Londres eta Montevideo.

Artista irundarrak zehaztu dauenez, ohore bat izango da 40 urteko ibilbide hau agertoki baten ganean ospatu ahal izatea, oso kolpetua dagoan belaunaldi batekoa nazela jakinda. Kontzertuak guztiontzat bereziak izatea espero dot, musikea, jantzea eta errebindikazinoaren bidez, oroimen kolektiboko ariketea izatea: bizitzearen ospakizun bat eta faxismoaren gitxiespena, besarkaden zeremonia hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu