Urtero legez, tradizinoak eta jai giroak bat egingo dabe Madalen Egunean

Bizkaie! 2024-07-17 13:46   Kulturea

Txosna Batzordeak atonduta bihar hasiko dira lehenengo aldiz Alde Zaharreko jaiak.



Bermeoko Udalak, antxinatik egiten dauenez, Izaro islearen ipar-ekialderantz dagozan mugak adierazoko ditu. Horretarako, betiko moduan, alkateak teilea botako du honakoa esanez: Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak. Alkateak erabiliko dauen teileak sinbologia berezia izango dau aurten. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak gogorarazo dauenez, Nestor Basterretxea artista bermeotarraren jaiotzearen mendeurrena ospatzen gabiz aurten eta ospakizun horren barruan, Bermeoko Udalak keinu egin gura izan deutso herriko seme kuttunari. Modu horretara, Basterretxeak egindako Eusko Legebiltzarraren sinbolo dan Izaro eskulturea izango dau teileak inprimiduta. Berezia da Basterretxeak egindako lan bat dalako eta Basterretxetxeak Izaro maite ebalako, izan be, bere neskalaguna zala esaten eban. Eta berezia da, Izarok bermeotarrontzat dauen garrantziagaitik.

Baztarreko Jaiak, Madalen Bezperan

Madalen Eguna girotzen hasteko, bezperan (garagarrilak 21, domekea), Baztarreko jaiak ospatzen dira. Beste behin be, Baztarre Auzo Alkarteak Bermeoko Udalaren laguntzeagaz, egun osoko egitaraua atondu eta horren barri emon dau Baztarre Auzo Alkarteko kide Sergio Txarakak. Goizeko 10:00etan emongo deutse hasierea jai egunari, txokolatadea eta umeen olgetakaz. 11:00etan, barriz, umeentzako ikuskizuna egongo da: Bapatean zirko taldearen Adabaki.

19:30ean hasita Kankinkabara Txistu Taldearen eta Kanta Kanta Lorue kantuzaleen kalejirak egongo dira auzoa eta auzotarrak girotzeko. Jai eguna kontzertuakaz amaituko dabe, 22:00etan hasita; Rosin de Palo eta Belako taldeak izango dira protagonista.

Informazino gehiago: Bermeoko Txosna Batzordearen sare sozialetan dago ikusgai egitarau osoa (bermeokotxosnabatzordea).

Madalen Eguneko egitaraua

Endika Etxebarria Telleriak emon ditu Madalen Eguneko zehaztapenak. Kankinkabara txistu taldearen kalejireagaz hasiko da aurten be. 11:45ean, Udalbatza Goiko Plazan batuko da eta, Alkate soinua entzun ostean, porturantz abiatuko da Kankinkabara txistu taldeagaz kalejiran. Txistulariek ohiko Madalen zortzikoa joko dabe. 12:00etan hasiko da itsas-jaia. Ontziratzea eta lehorreratzea izotz fabrikearen parean izango da. Ondoren, Bermeoko Udalak herriko banderearen eta ikurrinaren jasoerea egingo dau Izaro islan eta alkateak, ohikoa dan legez, teilea jaurtiko dau Bermeorenak diran mugak berretsiz.

Bermeoko Udalak Madalen Egunean herritarrak eurekaz itsasontzian Izarora eta Elantxobera joateko eta udalbatzaren protokoloa ezagutzeko plazak zozkatu ditu herritarren artean; 18 herritar egongo dira itsasontzian. Kultura zinegotziak aitatu dau ekimen horrek harrera oso ona izaten dauela urtero eta aurten be izan dauela: Aurten herritarrentzako leku gehiago egoteko, Madalen Egunean itsasontzian etorri ezin diran zinegotzien lekua horreentzat gorde da, leku horreek zozketatuz.

Eguerdiko 13:30ak inguruan, Elantxobera helduko da eta ohorezko aurreskua egingo da, herriko plazan, Alkartasuna Dantza Taldearen eskutik. Bitartean, Bermeon, 12:30etik 15:00ak arte, Taberna Ibiltariaren txandea izango da kalejiran.

17:30ean, udalbatzak Elantxobetik urtengo dau, Mundakara joateko eta 19:30ak inguruan helduko dira Bermeora. Portutik udalbatza Goiko Plazaraino abiatuko da Betijai fanfarreagaz. Bermeoko banderea eta ikurriñea altzau ondoren, aurreskuak eta zabaletakoak egingo dira. Ondoren, Betijai fanfarreagaz San Migeleko eskailerataraino joango dira.

20:00etatik 00:00etara, Puntu Morea jarriko da Portuzarrean; bertan, informazinoa, aholkularitzea eta eraso sexisten kasuan, laguntzea eskainiko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu