Erramun Mendibelanda artisteak jentaurrean jarri dau Eako Atalaia baseleizarako proiektua
2024-07-17 12:54 KultureaEspiritua eta Artea Eako Atalaian, garagarrilaren 20tik abuztuaren 4ra.
Erramun Mendibelanda (Erramun Landa. Ea, 1958), eskarmentu handiko artistea, besteak beste, Grabatuko Sari Nazionala jaso dauena, azken bi urteetan Eako Atalaiako ermitako hormak estaltzeko portzelanazko hormairudi bat egiteko proiektuan buru-belarri ibili da lanean; esanahi eta balio emozional handiko esparrua da kostaldeko herri horretako biztanleentzat eta Erramun Landa berarentzat be, bertakoa baita.
Halan da be, proiektua atontzeko fase artistikoa eta teknikoa amaitu ondoren, artisteak Bilboko Gotzaindegiaren ezezkoagaz topo egin dau, gaitzespena oinarritzen daben arrazoi objektiborik barik. Gotzaindegiak ez dau balorau aurkeztutako ekimenaren egokitasuna edo emoitzea eta hauxe baino ez dau adierazo: tokiko eleiztarrek proiektua baztertzen dabe eta Gotzaindegia eleiztarren esanetara dago. Hain zuzen be, hain arrazoibide etereoak bultzatu dau artistea Eako publikoaren aurrean bere proiektua erakustera, jakitun baita ez eleiztar guztiek, ez eta herriko gainerako biztanleek be ez dabela egitasmoa ezagutzen, Bilboko Apezpikutzeak ordezkagarritasuna emoten ei deutson eta ermitearen jagoletzea patrimonializetan dauen talde txikitik harago, kanpoko proposamenik onartu barik: jenteak Atalaiako baseleizarako doan proiektua askatasunez ezagutu eta balioestea nahi dot eta Gotzaindegiak Eako eleiztar eta auzokideen eretxi kontrastatua kontuan hartuta erabagi bat hartzea, egitasmoaren kontra dagoan talde txiki batek helarazo deutson eretxiaz haratago, azaldu dau artistak erakusketearen edukia eta programautako jarduerak zehaztu aurretik.
Erakusketeak Erramun Mendibelandak azken urte bi honeetan Atalaiaren horma-estaldurarako egindako lan neketsuaren zati bat batzen dau, izakera eta eduki artistiko eta espiritualekoa, artistearen buruan urteak emon dituana. Eskolondo Kultur Etxeak garagarrilaren 20tik abuztuaren 4ra arte jentaurrean ikusgai egongo dan obrea jasoko dau. Egun horreetan hormairudi bien zirriborro handiak ikusi ahal izango dira, bakotxa 5 x 3 metrokoa. Horreekaz batera, lehen kolore-probetako zeramika-piezak, Deustuko Loitz Cerámicak eginak. Gainera, artistearen beste lan batzuk egongo dira ikusgai, besteak beste, samuraiak sailekoak, pastel-pintura eta neurri handiko grabatuak buztartzen dituenak eta egilearen beste hogei bat lan.
Beste alde batetik, Eskolondo Kultur Etxean, erakusketearen inaugurazinoak saio berezi bi izango ditu: arratsaldeko 19:00retatik aurrera, José Julián Bakedano Sarrionandia zinemagile eta idazleak Sobre lo espiritual en el Arte berbaldia eskainiko dau eta, ondoren, Daniel Apodaka arabar konpositoreak (Murgia, 1990) Ea, lau ahotsetarako musika lanaren erabateko estreinaldia eskainiko dau, KEA musika garaikideko Ahots Taldeko lau kontraltok interpretauta (Isabel Lácar, María José Zalbide, María Izaga eta Maider Biguri).
Aitatu ekimenon gastuei aurre egiteko asmoz, Erramun Mendibelandak bere obrearen hiru grabatu argitaratu ditu Bilbaoarte Fundazinoaren tailerretan eta horreek erakusketan zehar erosi ahal izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!