Horacio Echevarrieta bizibarrituko da Punta Begoñan

Bizkaie! 2024-07-15 12:41   Kulturea

Enpresariaren abenturak, satorkeria, negozioak eta legatua irudikatzeko bisita antzeztuak hasiko dira.

Punta Begoña Galerietan, urtea amaitu arte, hileko hirugarren domekatan bisita antzeztuak izango dira, lehenengoa domeka honetan, garagarrilaren 21ean. Bizibarritu eta Horacio Echevarrietak berak kontauko deuskuz bizitakoak, ibilerak eta pasadizuak galerietara hurreratzen diranei.

Echevarrieta Bilbon jaio zan 1870. urtean, baina Punta Begoña bere bizi-espazio eta aparteko ibilbide baten oinarri bihurtu eban. Estaduko zein Europako enpresaririk garrantzitsuena da adituen eretxiz: Iberdrola, Iberia, Cementos Portland, ontziolak, ontzi enpresa garrantzitsuak, meatzaritzako negozioak edo petrolio-prospekzinoak lako enpresak sortu zituan.

Diputadu errepublikar-sozialistea izan zan hainbat legegintzalditan eta Kontzertu Ekonomikoaren alde egiteagaitik hiru Foru Aldundien omenaldia jaso eban.

Madrilgo Gran Via kalea urbanizau eban, Bilboko Zabalgunearen zati bat, Bartzelonako Metroaren 2. linea eregi eta Niagarako transbordadorea sustatu eban.

Horrezaz gan, komunikabideen jaubea izan zan (El Liberal) eta aitzindaria irratia Espainiara ekarten.

Ekintza humanitarioak egin zituan, besteak beste, Afrikako Gerrako presoen erreskatea eta lan arloan, barriz, meatzarien bizi-baldintzakaz izandako konpromisoakaitik.

Estadu eta nazioarte mailako satorkerietan, munduko itsaspeko aurreratuena garatzeko jarduerak eta Erregearen zein Azañako Gobernuaren traizinoak krisi ekonomiko handian sartu eben. Baina, momenturik txarrenetan be, beti defendidu eban: edozein jaubetza kenduko deustie baina Punta Begoña ez.

Gerran galeriak konfiskau eutsezan eta handik urte batzuetara bueltau baina ez ei zituan barriro zapaldu nahi izan. Baina haren arimea Punta Begoñan geratu zan eta, orain, in situ, bizitza bateko istorio honeek eta beste batzuk azalduko deuskuz, haren lekuak eta sekretuak erakutsiz.

Garagarrileko eta abuztuko bisitak arratsaldeko 18:30ean hasiko dira eta sarrerak salgai dagoz 3 euroan.

Informazino gehiago hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu