Ondare Aretoak D'Abrairaren 'Barreiatuko paisaiak' erakusketea hartuko dau

Bizkaie! 2024-07-15 12:53   Kulturea

Gaurtik, hilaren 15etik zemendiaren 2ra arte.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Aretoan Barreiatutako paisaiak erakusketa dago, Bilboko Gerardo D'Abraira marrazkilariaren lanaren bitartez iragan industrialaren ikuspegia eskaintzen dauena. Gaur, garagarrilaren 15ean, 19:00retan inaugurauko da eta zemendiaren 2ra arte egongo da edegita.

Balmasedako Encartada Fabrika-Museotik dator erakusketea eta Euskal Herriko eta beste eskualde batzuetako lantegi-espazio nagusien funtsa islatzen daben hogei marrazki baino gehiago ditu. D'Abraira jaunak, 1940 eta 1950 bitartean egindako lanagaitik ezaguna, industria-boterea zehaztasun teknikoakaz irudikatu eban papelezko euskarri handietan, tintaz eta akuarelaz.

Javier González de Durana komisarioak atondu dau erakusketea eta Encartada Fabrika-Museoak argitaratutako erakusketearen liburuaren testua be idatzi dau. Liburua, Ondare Aretoan egongo da salgai.

Erakusketea

Irudiak papel-euskarri handietan eginda dagoz, tintaz eta akuarelaz eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta beste eskualde batzuetako industria-boterea irudikatzen dabe. D'Abraira dokumentalista zorrotz bihurtu zan eta fabriken esentzia kapturatzeaz gan, maila goreneko profesionala zala erakutsi eban, zehaztasun teknikoagaz eta lerroaren, kolorearen eta xehetasunen tratamentuan. Peninsulako beste industria-eremu batzuetatik be deitu eutsen era horretako irudiak egiteko.

Erakusketea lau eremutan egituratuta dago eta Gerardo D'Abrariaren ibilbidea zeharkatzen dau. Lehenengo eremuan, marrazkietarako aukeratutako papel neurri zehatzak nabarmentzen dira, neurrion aukeraketan eragina baitzeukaten, batetik, lanak enkargetan eutsiezan enpresek eurek eta, bestetik, neurriak eta kolorea sartzeak dakarten kostuak.

Bigarren eremuak D'Abrairaren hedapen geografikoa aztertzen dau, Bizkaiko enpresentzat egin zituan lehen lanak eta beste lurralde batzuetatik etozan eskaerak.

Hirugarren eremua Euskaditik kanpo egindako lanaren autorpenean oinarritzen da, Burgosen, Salamancan, Alacanten eta Bartzelonan egindako balioespena azpimarratuz hain zuzen be.

Laugarren eremuak obren hedapena eta galerea jorratzen ditu eta nabarmentzekoa da enpresen argazki-erreprodukzinoen banaketa zabala eta jatorrizkoen galerea.

Ondare Aretoan erakusgai dagozan lanen artean hainbat euskal enpresetako aire-ikuspegiak dagoz [Bizkaiko Labe Garaiak, La Conchita, Sarralde, J. J. Krug, Safesa, Unceta eta Productos Vulcanizados) eta beste batzuk, barriz, Euskaditik kanpokoak (Fabril Sedera (Burgos), Metalúrgica del Tormes (Salamanca), Lino Enguídano (Valentzia) eta Bertrand i Serra (Manresa)]. Pieza horreek neurri handikoak eta eraikinen erreprodukzinoan daben zehaztasun ia fotografikoagaitik nabarmentzen dira.

Jarduerak

Marrazkien erakusketaz gan, Ondare Aretoak bitartekaritzako eta didaktikako beste jarduera batzuk atondu ditu. Jarduera horreek bisita iruzkinduak, topaketak eta familia-tailerrak barrubatzen ditue, guztiak doban.

Ezinbestekoa da aldez aurretik izena emotea, 944067737 telefonora deituta edo mezu bat bialduta ondare.aretoa@bizkaia.eus helbidera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu