Idoia Montón, Josu Bilbao Ugalde eta 'Tractora' kooperatibea dira Gure Artea 2024 sariak
2024-07-12 13:05 KultureaUdagoienean Bizkaian egingo da sariak emoteko ekitaldia.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Gure Artea sarien irabazleen izenak jakinarazo ditu gaur. Arte plastiko eta bisualen arloan Euskadin emoten diran saririk garrantzitsuenak dira. Epaimahaiak erabagita, ondokoak dira aurtengo Gure Artea saria jaso daben pertsonak eta erakundeak:
- Ibilbide artistikoa aintzatesteko saria: Idoia Montón.
- Sormen-jarduerearen saria: Josu Bilbao Ugalde.
- Arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduerea aintzatesteko saria: Tractora Koop.E. (Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta).
Gaur goizean Artium Museoan egindako jentaurrekoan Kulturako sailburuorde Andoni Iturbek be parte hartu dau eta sarituak eta epaimahaia izan dira bertan. Aurtengo Gure Artea sarien epaimahaia Ismael Manterola Ispizua arte historialariak, Carmen Garmendia Amigot erakusketa koordinatzaileak eta Susana Talayero, Laida Lertxundi de Prado eta Peio Aguirre Azkarate artistek osotu dabe. Azken hau epaimahaiburua izan da eta sarituak aukeratzeko arrazoiak azaldu ditu. Sarituek 20.000 euro jasoko ditue udagoienean Bizkaian egingo dan sariak emoteko ekitaldian.
XIII. legegintzaldi honetako lehen prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak saritutako personak zoriondu ditu eta hareen lanek gaur egungo eta etorkizuneko Euskadiri formea emoten deutsela ziurtatu dau. Bengoetxeakk eragile publiko eta pribatuen artean batera lan egiteko idea azpimarratu dau. Beharko zaituegu, esan dau artisten kolektiboari zuzenduta, beharko zaituegu Euskadin talentu sortzailea jorratzeko aukera gehiago sortzeko edo Euskadik munduan nortasun propioa izateko.
Ibilbide artistikoa aintzatesteko saria: Idoia Montón.
Aurtengo Gure Artea sarietako epaimahaiak erabagi dau Idoia Montón artista donostiarrak bere ibilbide artistikoa autortzeko saria jasotea. 30 urte baino gehiagoko ibilbidean, epaimahaiak haren jarrera ausarta, arriskutsua eta aurreretxirik bakoa nabarmendu dau, jokera artistiko hegemonikoetatik kanpo kokatuz. Montonen lana erresilientea izan da eta modatatik kanpokoa.
- Sormen-jarduerearen saria: Josu Bilbao Ugalde.
Aurten Josu Bilbao Ugalde bermeotarrak jaso dau Gure Artea saria, haren sormen-jarduerea aintzatesteko.
Epaimahaiaren ustez, Josu Bilbao artisten belaunaldi barri bateko kide da eta artista horreen lanek interes berezia konpartiduten dabe, bizi garen eremua ikuspegi kritiko batetik aztertzekoa. Haren praktika artistikoa interbentzino eskultorikoak egiteko erabilten dituan materialak eta espazioak behatzetik eta hareen aurreko alkarrizketatik abiatuta taiututen da. Bizkaitarraren sorkuntzeak etenbako ikerketa-prozesutzat hartzen ditu eta bere lan guztietan agertu izan da austeridade kontzeptua.
- Arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduerea autortzeko saria: Tractora Koop.E.
Tractora Koop. E.k Gure Artea saria jasoko dau, arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduerea autortzeko. Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta dira proiektuaren buru.
Tractora 2018an hasi zan lanean, artea produziduteko eta banatzeko sistemakaz esperimentetako laborategi lez, baita hainbat diziplinatako proiektuak bultzatzeko be. Epaimahaiak sari hau Tractorari emotea erabagi dau, euskal komunidadearen testuinguru artistikoan arte plastiko eta bisualei egindako ekarpen oparoagaitik, haren jardueren kalidadeagaitik eta berezitasunagaitik, proiektuak beste sektore kultural batzuekaz lankidetzan garatzeagaitik, euskal sortzaileen jarduera artistikoa zabaltzeagaitik eta balioesteagaitik eta horreen lanketan eta sustapenean dauen garrantzi artistiko-kulturalagaitik, martxan jarri dituen 3 programen bidez. Lehenengoa Kinu da, ikus-entzunezko praktika artistikoari lotua; Barrunbe egoitzen programa bat da, lankidetza-proiektuak sustatzeko; eta Foku erakusketa-programa bat da, testuinguruko artista garrantzitsuen ibilbidean arretea jartea eta horretarako sarbide informatua ahalbidetzea helburu dauena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!