EHUko Historia fakultadeko 9 ikaslek gaur amaituko ditue astebeteko praktikak Ortuben
2024-07-12 11:11 KultureaOrtube arrantzontzia berreskuratzeko proiektua aurrera doa.
Gero eta gehiago dira proiektuan interesa dabenak. Oraingoan, Bermeoko Udalak eta Euskal Herriko Unibersidadeak (EHU) sinatutako hitzarmenaren bidez, EHUko Historia fakultadeko bederatzi ikasle Ortube ontzia berreskuratzeko lanetan ibili dira asteon, unibersidadeko kanpoko praktika akademikoen barruan; 19-20 urte bitarteko ikasleak dira, datorren ikasturtean hirugarren mailara doazenak, hain zuzen be. Helburua da ikasleek beren prestakuntza akademikoan jasotakoak aplikau eta lan profesionalerako prestatzeko beharrezkoak dituen gaitasunak eskuratzea, enplegagarritasuna errazteko eta euren ekintzailetzea sustatzeko.
Ikasleak garagarrilaren 7an heldu ziran Bermeora eta astelehenean hasi ziran Ortube ontziaren berreskuratzeko lanean, gaur dabe azken eguna. Bost egunez, 08:00etatik 15:00ak bitartean, beharrean ibili dira buru-belarri. Esperientzia honetan bidelagun izan ditue, industria injinerua eta 2017tik Ortube ontziaren berreskurapenaren buru dan Juan Andres Diez Ulzurrun eta Joseba Agirreazkuenaga EHUko ikertzaile eta Doktorea.
Barrikuntzaren fenomenoa aztertu, itsas arrantzan eta arrantzarako ontzietan ibili dira eta XIX-XX. mendeko egurrezko arrantza ontzietan izandako eboluzinoa ikasi dabe. Egurrezko ontziaren berezitasunetan eta motorren arkeologia industrialean lan egin dabe. Gauzak holan dirala, ikasleek bertatik bertara ezagutu dabe Ortube itsasontziaren egiturea. Gainera, berreskurapenaren prozesuan erabilitako metodologia ikasi, ezagutu eta aztertu dabe. Ortuberen inguruan ibili diran persona eta behargin guztien etnografia ezagutzeko aukerea bere izan dabe, bai beharginena eta baita ingurukoena be. Arkeologia industriala eta Ortube ontziak dituan Echevarria lantegiko motor eta bestelakoak ezagutuz.
Bermeoko Udalarena dan Almikako aterpetxean egon dira egunotan Historia fakultadeko ikasleak eta esperientziagaz oso pozik agertu dira. Gustora ibili dira lanean, teoriaz harago doazen praktikak dirala nabarmenduz. Ortuben irakasle izan dabe ikasturtean zehar Nautika Eskolako praktiketan ibili dan ikasleetako bat.
Eskuz egindako lanak bai, baina gaiagaz loturea daben adituen hitzaldiak be entzun ditue Ortuben bertan eta Bermeo eta inguruak ezagutu ditue. Mater ontzia Bermeoko portuan egon dala aprobetxauta, bertara bisitea egin dabe. Horrezaz gan, Arrantzaleen Museoan eta Ekoetxea Urdaibain be egon dira.
Ikasleek Juan Andres Diez Ulzurrunen prestutasuna nabarmendu dabe eta emondako laguntza guztia eskertu gura izan deutse. Juan Andres be pozik dago eta aitatu dau harro sentiduten dala, ikasleen inplikazinoa ikusten dauelako.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak eta Miren Gabantxo Uriagereka zinegotziak Ortube itsasontzia bisitau dabe ikasleak egiten dabizen lana bertatik bertara ezagutzeko. Ikasleakaz eta Juan Andres Diez Ulzurrunegaz esperientziari buruz berba egin eta egindako lanagaitik eskerrak emon deutsee.
Udal arduradunak oso pozik agertu dira hitzarmenagaz eta ikasleak Ortube itsasontzia birgaitzeko proiektuan sano inplikau diralako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!