Eguzkibegi Ikastoleak atonduko dau 2025eko Ibilaldia

Bizkaie! 2024-07-11 12:51   Kulturea

Maiatzaren 25ean egingo da Galdakaon.

Magaletik herrire, euskera erdire goiburuari eutsiz, ondokoak dira helburuak:

  • Euskal kulturan oinarritutako hezkuntza eskaintzea indartzea.
  • Ikasleen ongizate emozionala erdigunean jartea.
  • Hezkuntza eraldatzaile eta barritzailea bultzatzea.
  • Ikastolearen irudia gure zonaldean finkatzea.
  • Proiektu kooperatiboa sendotzea.
  • Ikastolako espazioen eraldaketa proiektuaren finantziazinoa diru baliabidez hornidutea.
  • Herriko talde eragileakaz hartu-emonak sendotzea.
  • Ikastolako ikasleen parte hartzea, sormena eta ekintzailetzea bultzatzea.
  • Inklusibidadea kontuan hartuta jaia diseinetea.

Eguzkibegi Ikastolea

50 urtetik gora daroez erreferente izaten herriko hainbat eta hainbat familiatako seme-alaben heziketan. Euskal Herriko beste hainbat herritan bezela, 60.ko hamarkadan hasi ziran ikastolak egituratzen han eta hemen; Galdakaon, 1966an sortu zan Eguzkibegi ikastolea herriko hainbat gurasoren eskutik euskal kulturan oinarritutako heziketa euskalduna eskaintzeko helburuari eutsiz. Zabaleako txaletean gauzatu zan ikastolea 1967. urtean, 35 ume eta andereño bigaz. Ordutik honainoko bidea erreza izan ez dan arren, beti izan dau herria eta herritarren babesa.

Ibilaldia

Bizkaiko ikastolen jaia da. 1978an atondu eben lehenengoz Uribe Kostan eta 1980tik urtero egin izan da. Aurtengoa 47. edizinoa izango da, beraz urteak joan eta urteak etorri, Ibilaldiak bere jatorrizko arrazoiei eutsi deutse: Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutzera emotea eta erronka barriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea.

Edizino bakotxean ikastola batek atontzen dauen jaia da Ibilaldia eta 2025koa Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolari egokitu jako. Datorren maiatzean barriro egingo da Ibilaldia Galdakaon, aurretik 2009an egin zan udalerrian.

Ibilaldia ez da egun bakarreko jaialdia, urte osoan garatuz doan proiektua da. Holan, ikasturte osoan ibiliko gara alkarlanean, jarritako helburuak beteteko asmoz. 2025ko maiatzaren 25ean egingo dogu Ibilaldia eta familia zein lagunakaz ospatzeko eguna izatea nahi dogu. Ikastola eta euskal kulturea Euskal Herriko irrikitu guztietara zabaltzea da asmoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu