Leioako Kantika Korala abesbatza, Taipai International Choir Festivalean

Bizkaie! 2024-07-09 10:18   Musikea

Zazpi kontzertutan parte-hartzeko aukerea izango dabe.

Argazkia: Kantika Korala (Facebook). | Ikusi handiago | Argazki originala

Leioako Udal Konserbatorioko abesbatzak, Kantika Koralak, garagarrilaren 26tik abuztuaren 4ra egingo dan Nazinoarteko Taipei Choir Festivalean parte hartuko dau. Kantika Korala eta mundu osoko beste hiru abesbatz  aukeratu ditue aurtengo edizinoan parte hartzeko: Indonesiako Batavia Madrigal Singers, Hungariako Cantemus Mixed Choir eta Norvegiako Cantus.

11 eta 20 urte bitarteko 45 gaztek agertokia konpartiduko dabe Indonesiako Batavia Madrigal Singers eta Norvegiako Cantus abesbatzakaz eta ugarteko hainbat lekutan zazpi kontzertu emongo ditue. Koruak Nankang, Yi-Lan, Kaohsiung edo Chiayi bisitauko ditu eta birritan joko dau Taipei National Concert Hall kontzertu-areto handian.

Basilio Astulézek zuzendutako Kantika Korala lanean dago hainbat garai eta estilotako errepertorioa eskaintzeko. Horreen artean, Basque Soul nabarmentzen da, abuztuaren 1ean, Taipein egingo dabena. Ondoko euskal egileen errepertorio korala lantzen dagoz: Xabier Sarasola, Junkal Guerrero, David Azurza, Eva Ugalde edo Josu Elberdin hain zuzen be. Azken hori izan da, Taiwango folkloreko Diu Diu Dang obrea bereziki egokitu dauena, abesbatzak abesti horregaz kontzertuei amaierea emonez eta bertako kultureari keinu eginez.

Holan, Leioa Kantika Koralak euskal kulturea nazinoarteko agertokietara eroango dau, Euskadi atzerrian sustatuz. Ganera, esperientziak kantu koralaren garapena ume eta gazteakaz sustatzeko balioko dau, baita koruaren beraren trebetasun musikal eta teknikoak hobetzeko be.

Kantika korala

Leioa Kantika Koralak lehiaketa eta jaialdi askotan parte hartu dau 2000. urtean sortu ebenetik. Europan ez eze Hego Korean, Txinan, Israelen edo Mexikon be egon da eta igaz Istanbulen egindako Musika Koralaren Munduko Sinposioan joteko Espainiako ordezkari bakarra izateko izentau eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu