Herritarrek Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartel irabazlea aukeratu ahal izango dabe

Bizkaie! 2024-07-08 12:24   Pil-pilean

Gaurtik garagarrilaren 6ra.

Herritarrek euren botoakaz, 2024ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartel irabazlea aukeratu ahal izango dabe epaimahaiak aukeratutako hiru kartel finalisten artean. Honakoak dira hiru kartel finalisten izenburuak: Collagea Jaiak, Xixili eta Kitxu!, Xixili ta konfeti.

Kartelak ikusgai dagoz Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean (09:00-14:00 eta 17:00-21:15) eta Bermeoko Udalaren webgunean. Persona bakotxak baten bakarrik emon leike botoa, Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean ezarrita dagoan kutxan edo Internet bidez hemen

Loturea Bermeoko Udaleko webgunean eta Bermeoko Udalaren sare sozialetan egongo da herritarren eskura. Kutxan jasotako botoek % 70eko balioa izango dabe eta Internet bidezkoek, barriz, % 30ekoa.

Aurten 13 kartel aurkeztu ditue lehiaketara. Epaimahaia joan den astean batu zan lehiaketara aurkeztutako kartel guztiak aztertzeko eta Jai Batzordeko kideek eta udala osatzen daben alderdi guztietako ordezkariak dagoz zeregin horretarako. Aukeraketa egiterako orduan honakoak izan zituen kontuan: kalidade artistikoa, originaltasuna, Bermeoko jai giroa adierazotea eta lehiaketearen oinarrietako ezaugarriak jasotea (jai herrikoiak eta herritarrentzat izatea, parte-hartzaile eta sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak eta ekologistak).

Epaimahaiak eskerrak eman deutsee parte-hartzaile guztiei, egindako lanagaitik eta Bermeoko jaietako kartela aukeratzeko lehiaketan parte hartzeagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu