Ereño Gorri kareharria da mundo mailako ondarea osotzen daben 50 harrietako bat

Bizkaie! 2024-07-08 07:46   Kulturea

Carrarako marmolaren autortza berbera izango dau.





Asier Hilario, IUGSko Ondare Geologikoaren Nazinoarteko Batzordeko zuzendariak autortzea entregau deutso Gautegiz-Arteagako eta Ereñoko alkateei, Patrik Saituari eta Joseba Zarragoikoetxeari, hurranez hurran.

Ekitaldian izan dira Gorka Moreno, Euskal Herriko Unibersidadeko Bizkaiko campuseko errektoreordea; Fernando Plazaola, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultadeko dekanoa; Laura Damas eta Arantza Aranburu, unibersidade publikoko Geologia saileko irakasleak Alberto Santana, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondarearen buruzagia; eta Alex Franco, EEEko geologiako eta meatzaritzako baliabideen saileko arduraduna.

Laura Damasek, UPV/EHUko Geologia saileko ikerlariak eta kareharria Zientzia Geologikoen Nazinoarteko Batasunari aurkezteko ekimenaren sustatzaileak, azaldu dauenez, Nazinoarteko Ondarearen harritzat jasotako autortza horrek tokiko harriari balioa emotea dakar. Askotan, lanak bereizi barik egiten dira eta paisajearen eta uriko elementuen nortasuna galtzen da globalizazinoaren eta moda iragankorren mesedetan. Ondorioz, autortza honek gure ondare kulturala aberastu daben harri apaingarrien ezaugarri geologikoei balioa emongo deutse. Bestalde, harri naturalaren erabilera historikoak milurtekotan zehar zibilizazino askok izandako bilakaerea hobeto ulertzen laguntzen dauela onartu dau. Hain zuzen be, harriz eregitako monumentuak eta harrobi historikoak identifiketea da batzorde honen mandatuetako bat, azpimarratu dau UPV/EHUko geologoak.

Gorka Morenok, Euskal Herriko Unibersidadeko Bizkaiko campuseko errektoreordeak, adierazo dauenez, gaurko ekitaldia UPV/EHUk lurraldeagazko eta Bizkaiko eskualde guztietako garapen sozial, ekonomiko eta kulturalagazko daukon konpromiso sozialaren adibide argia da. Hori guztia, gainera, beti egiten dau bertako erakundeen eta eragile sozioekonomikoen eskutik.

Munduko erakunde zientifiko handienetako bat Zientzia Geologikoen Nazinoarteko Batasuna da mundu mailako zientzia geologikoen diziplina bateratzen dituan erakunde nagusia. 1961ean sortu zan eta miloe bat zientzialari baino gehiago ordezkatzen ditu eta mundu osoko erakunde zientifiko handienetako bat da: IUGSren eginkizun nagusia da nazinoarteko ikerketa-proiektuak koordinetea, mundu mailan zientzia geologikoen hazkundean erabagigarriak diran estandarrak ezartzea eta inportantzia berezikotzat jotako leku edo elementu geologikoei autortzea ematea. Hain zuzen be, azken arlo horretan kokatu behar dogu Ereño Gorria IUGS Heritage Stone izentau izana, adierazo dau Asier Hilariok, erakunde zientifikoaren Ondare Geologikoaren Nazinoarteko Batzordeko zuzendariak. IUGSk baldintza espezifiko batzuk zehazten ditu harri horreek izentetako: kultura-ondarean daben erabilerearen antzinatasuna, erabilerearen hedadura geografikoa eta, jakina, egindako ikerketa zientifikoa, izan be, nahitaezkoa da harri horreei buruz gitxienez artikulu bat argitaratu izana aldizkari zientifiko indexatuetan. Ereño Gorriak, orain arte, halako hiru artikulu izan ditu.

Kolore gorri biziak egiten dau berezi harria. Kareharrien multzoa, oro har, grisa dan arren, bada Bizkaian (Ereñotik Gautegiz Arteagaraino) tonu gorriagaitik nabarmentzen dan zerrenda bat. Hain zuzen be, Gautegiz- Arteaga udalerrian dago harrobi handiena: Harrobi Gorria edo Andrabideko Harrobia izenekoa. Harrobia Bizkaiko Ondare Historiko izentau eben eta Euskadiko eta Estaduko Interes Geologikoko Guneetako bat da. Ikerlariak adierazo dauenez, ondare geologikoaren ikuspuntutik, hau konserbau eta balioa emotea oinarrizkoa da, gure historiaren eta gure ingurukoaren arteko loturea, izan be, ez dogu ahaztu behar Euskadiko kulturak harriagaz dituan hartu-emonak, azpimarratu dau.

Koloreaz gan, kareharri honek kolore zuriko moluskuen fosil ugari eta forma biribilduak daukoz mozketan. Organismo horreek sakonera txikiko itsaso beroaren hondoa kolonizau eben Kretazeoan: itsasoko sedimentua harri bihurtzeko prozesuan burdin oxido ultrafinak (hematiteak) sartu izanak eman eutson kolore gorria, baina ez fosilek. Burdin oxido horreek itsas lohia tintau eben, zehaztu dau UPV/EHUko geologoak. Izena, barriz, harriaren koloreari eta ha ustiatu eben udalerrietako bati, Ereñori, zor deutso. Ereñoko marmola deitu izan jako, baina ez da marmola eta ez eben Ereñon bakarrik ustiatu, zehaztu dau ikerlariak. Ereñoko eta Gautegiz-Arteagako gure harrobiak, gaur egun, gune natural monumentalak dira, euskal ondare kulturalaren baliabide biziak; hain zuzen be, badakigu harri hori erromatarren garaitik erabili izan dala. Gure harriaren ondare balioa nazinoartean aitortua ikustea ohorea da, gure nortasunaren ikur eta ondoko Ereño udalerriagaz konpartiduten dogun historiaren lekukoa baita. Kareharriaren zerrenda berezi hau hogei mende baino gehiagoz atara eben eta munduan zehar barreiatutako eraikin askoren edertasun arkitektonikoaren parte da. Hareetako batzuk, gainera, oso esanguratsuak dira. Balio historiko, kultural, natural eta geologiko garrantzitsuko ondare hori babestea, balioestea eta konserbetea da orain gure zeregina. Ondare horrek, gainera, beste behin be, munduaren mapan kokatu gaitu. Laster, espazio hori bere dimensino guztietan gozau ahal izatea espero dogu eta hori bai, beti be begirunea eta jasangarritasuna oinarri dituan turismo kulturalaren baitan, nabarmendu dau Patrik Saitua Gautegiz-Arteagako alkateak.

Ibilbide historikoa

Harri honek 100 miloe urte baino gehiagoko historia dau. Garai haretan, Urdaibai itsaso tropikal ez oso sakonen parte zan, eta molusku bibalbioek kolonizauta egoan. Molusku hareen maskorrak fosilduta ikusi daitekez gaur harrian.

K.o. I. mendetik XX. mendearen amaierara arte, harria apaingarritzat erabili arren erromatarrak izan ziran harriari balioa emon eutsen lehenengoak: Bilboko Arkeologi museoan, esate baterako, Foruko (Bizkaia) aztarnategi erromatarrean topautako aldare harri eta hilobi gomutagarri bana dagoz. Bilboko uri paisajean nagusi da harri honen erabilerea; hain zuzen be, uriko eta Bizkaiko eraikuntza askotan dago: Bilboko udaletxean, Bizkaiko Foru jauregiko barruko hallean, Sociedad Bilbaína klubean, Arriaga Antzokian eta bestelakoetan. Horregaitik guztiagatik be, uriari Bilbo Gorria izena emon izan jako. Baina Bizkaiko eraikuntzetan eta beste toki batzuetan be badago, izan be, peninsula osoan, besteak beste, Diputaduen Kongresuan eta veste herrialde batzuetan dagoz jasota harri horren erabilereagaz lotutako ebidentziak. Toki enblematikoenetako bat da Vatikanoko San Pedro Basilikea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu