Ana G. Lartiteguiren 'Tentelontzia. Ipuin-zeharkaldi bat Flandriako pinturarekin harremanean' Bilbon

Bizkaie! 2024-07-08 07:50   Kulturea

Bilbotarraren erakusketea hau Azkuna Zentroko Mediatekan egongo da 2024ko irailaren 29ra arte.

Lartiteguik bere azken libururako -gaztelaniaz, euskeraz, katalanez eta galegoz argitaratua izan dan La nave de los necios- sortutako akuarela originalak batzen dira. Aurkezpenean Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia, Fernando Pérez, Azkuna Zentroko zuzendaria eta Ana G. Lartitegui artistea izan ziran.

Ilustrazino-liburua erakusketa bihurtzen dauen proiektu honetan, Ana G. Lartiteguik literaturara hurreratzeko modu barri bat proponiduten dau eta, esangura horretan, erakusketako 18 ilustrazinoak Errenazimentuko pintura flamenkoaren tradizino satirikoagaz lotzen dauen istorio baten kontakizun grafikoa dira eta ume eta gazteak pintura-maisu handiakaz lotzen ditu, besteak beste, El Bosco, Brueghel Zaharra edo Patinir eta Flandriako beste maisu batzuen obretako eszena satirikoak eta kostunbristak aitatuz, giza ergelkeriaren gehiegikeriak islatu guran.

Liburuak ergelen uri batean bizi eta asko aspertzen dan mutil bizkor baten istorioa dakar. Abrozimentu hori gainditzeko, erabagiten dau auzokoari olgeta malmutza egitea. Hortik aurrera, jazoerak kateatu egiten dira bidaia gorabeheratsua sortuz eta era askotako personaiak tartean sartuz. Azkenean, modu harrigarrian, jazoeren ardura hasieran sortu zituan personeari egokituko jako.

Tentelontzia izenburuko liburua eta proiektu honekin batera doazen ilustrazino batzuk dendAZen egongo dira eskuragarri, artisteak bere ingurunean ikusgai jarri, hareen lana sustatu eta hartu-emonak finkatzeko proiektua.

Ana G. Lartitegui

Bilbotarrak 1989an argitaratu eban lehen obrea. Ordutik, umeentzako liburuak egiten ibilten da ilustratzaile eta ikertzaile legez. Artikuluak idatzi, hitzaldiak emn, komisario lanak erakusketetan... Círculo Hexágono ikerketa-taldea eta haren saiakera laburren bildumea koordinetan ditu. Eta batzuetan, fikzinoa be idazten dau, besteak beste, La nave de los necios (A fin de cuentos, 2023) lanean.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu