Nita boskoteak irabazi dau Getxon

Bizkaie! 2024-07-08 07:54   Musikea

Flen taldeak eroan dau 2. saria.


Flen



Antonio Moreno tronpetisteak, barriz, tronpetista onenaren saria irabazi dau.

Nita nazinoarteko taldeak Suedia, Espainia, Irlanda, Herbehereak eta Norvegiako musikariak batzen ditu:  Anja Gottberg (baxua, konposizinoak), Antonio Moreno (tronpetistea), Micheal Murray (saxo altua), Siebren Smink (gitarristea) eta Magnus Austad (bateria). 2020an sortu zan taldea Amsterdamen eta ordutik hona estilo parebakoari eusten deutse, sakontasuna eta gozotasuna transmitiduten dituana. Erabagia hartzeko orduan, jaialdiko epaimahaiak honako alderdi honeek azpimarratu ditu: taldearen kalidadea, taldekideen banakako teknikea, euren arteko arteko buztarketea eta Gottbergen konposizinoen indar adierazkorra.

Flen-i jagokonez, Suediako eta Danimarkako musikari gazteek sortutako jazz talde esperimentala da. Lehen albumean, Välkommen till izenekoan, sokarik bako jazzaren bide askotan sartzen dira. Euren musikearen ezaugarri nabarmenenak formazinoaren aukerak aztertzea, free jazzean ausartzeko bildurrik barik eta adierazpen eta soinu-testuren artean nabegetea dira. Honako honeek dira taldekideak: Andreas Lundblom (tronpetistea), Marius Zeeberg (saxoak), Olle Lannér Risenfors (kontrabaxua) eta Kristian Remnelius (bateria).

Sariak

Talde Lehiaketaren irabazleek 4.500 euro jasoko ditue eta CD bat grabauko dabe zuzenean. Eivissako Jazzaldian be parte hartuko dabe, Getxo Jazzaldiak horregaz dauen lankidetza-hitzarmenagaitik. Bigarren sariari 1.900 euro jagokoz eta, azkenik, bakarlaririk onenak 950 euro eskuratuko ditu.

Kontuak kontu, erantzun bikaina izan dau 47. Getxo Jazz Jaialdiak aurten eta musikari gazteen lana sustatzen dau urtero Taldeen Lehiaketearen bidez. Ekimen horrek Europako hainbat herrialdetako hautagai ugari batzen ditu urtero.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu