'Dureza de Cuero' eskultura erakusketea Bilbon

Bizkaie! 2024-07-04 08:06   Kulturea

EHUko Zeramika Masterreko ikasleen lanak ikusgai garagarrilaren 5etik aurrera.





Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Arte Ederren Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterra egin daben 16 ikaslek, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko Erakusketa Aretoan zabaldutako Dureza de cuero erakusketeagaz amaituko dabe euren prestakuntza ibilbidea.

Alkarrizketa iradokitzailean atondutako erakusketeak, buztinak eta zeramika-prozeduren aukera amaibakoak aztertzen dituan proposamen personalak batzen ditu. Leioako campusean emondako graduondoko ikastaro espezializauaren promozino barriko protagonistak dira: Lorena Aduna Larriba, Estefanía Aragón Orduz, Jone Córdoba Esteban, Efrén-Carlos García María, Victoria Garza Salazar, Antton Goikoetxea Ayastuy, Camila Gómez Echavarría, Sandra Gutiérrez Aldao, Claudia Hernández Bolaños, Ángela Lozano Álvarez, Lara Otiura Canepa, Alba Rodríguez Cadena, Arrate Rodriguez Martin, Nerea Ruiz Puente, Jon Soroa Ruz eta Clara Zubía García del Pino.

Artista talde hau Europako eta Latinoamerikako hainbat lekutatik dator. Hizkuntza asko berba egiten ditue edo azentu ezbardinakaz moldatzen dira. Horrek guztiak Masterrean euren sorkuntza-prozesuetan eta fase liluragarrietan bat egin dauen talde kulturanitza bihurtzen dakar. Euren esanetan, zeramikearen eta garapen artistikoen bilakaerearen metaforea izan daiteken eta beti hain zalantzazkoak eta aldi berean hain ederrak diran kontraste, traba eta pozez betetako bidaia bizi izan dogu. Gure promozinoaren ezaugarri nagusia intensidadea eta pasinoa dira eta emoitzak taldeko personak besteko anitzak dira adierazo dabe.

Erakusketea izentetako Dureza de cuero terminoa erabili da. Izen horregaz alde batetik gogortuta dagoan baina oraindino hezetasun maila jakin bat dauen buztinaren egoerea deskribiduten da. Fase horretan akaberako zenbait teknika lantzen dira, leuntzea, bihurritzea edo ebagiak egitea, besteak beste. EHUko Zeramika Masterra: Artea eta Funtzinoa izenekoaren belaunaldi hori termino horregaz definidu daiteke, izan be, zeramikea lan baten garapenaren faseetako bat da eta bertan materiala, daborduko formea izanda be, oraindino aldatu egin daiteke. Etenbako aldaketea eta eraldaketa-prozesuak lotzen dau itxuraz hain ezbardina dan taldea. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako buruak eta mahaikideek ondo etorria emon deutsee Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen Bilboko egoitzara erakusketearen aurkezpenean: ibilbide, prestakuntza eta jatorri askotako 16 artista zarie, baina badozue zeozer danona, hau da, zeramikearen bidez egindako arteagazko eta diseinuagazko maitasuna esan deutse Batzar Nagusietako buruak.

Hainbat hilebetetan egituratutako eta erakusketa bateratuan batutako lanak harritu egiten gaitu bere sormen handiarengaitik, zeramikan erabilten dan materialaren aniztasuna eta aukera handiak erakusten dituan obra guztiz ezbardinak diralako, azpimarratu dau Otaduik. Erakusketearen aurkezpenean Carmen Marín eta Txemari Herrera Masterreko irakasleak be egon dira.

Erakusketea Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak EHUko Arte Ederren Fakultadeagaz orain hamarkada batetik dauen akordioaren parte da, Bizkaian trebatutako talentu gazteen lana erakusteko. Batzar Nagusiak erakundeak uriaren erdigunean dauen erakusketa aretoa laga dau, lana Bizkaiko ikusleek errazago izan deien gerturatzea.

Dureza de cuero erakusketea abuztuaren 30era arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen Erakusketa Aretoan (Hurtado Amezaga kalea, 6 – Beheko pisua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura. Sarrera librea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu