'Eibar 1960 - 1980: gozo eta mikatz' dokumentala, ikusgai
2024-07-02 13:39 KultureaIkusi hemen.
Eibarko BHII eta Batxilergoko ikasleentzako bereziki pentsauta baino danoi zuzendua, dokumentalak herriaren historiaren errepasoa egiten dau, testuinguru jakin batean izandako jazoera jakin batzuk adierazoz.
Lau zatitan dago banatuta. Aurrenekoak 1960-1965 urteak hartzen ditu, hazkunde akaso gehiegizkoaren urteak. Eibarrek, orduan 31.860 biztanle zituan eta fabrika handiak eta etxe azpietako tailer txikiak egozan; munduan, barriz, Municheko Kongresua, Estadu Batuen eta Soviet Batasunaren arteko gerra hotza eta Berlingo harresia egoan bitartean.
Bigarren zatian, (1966-1972) Eibarko herriak ezagutu dauen momentu oparoenetakoa da, izan be, ordukoa da lehen etxe-orratza (Untzagako Torrea) eta kultura-gose bikaina egoan; Euskal Jaiak, orduko Fiesta Vascak, sekulako arrakastea izan eban; Boleran eta Jai-Alain kantu-txapelketak atontzen ziran; eta Juan XXIII kooperatiba-konsumoa zabaldu zan Urkusuan. Halanda be, urte horreetan giroa asko gogortu zan: salbuespen-egoerak, Lorenzo Zabalaren bahiketea, grebak fabriketan, Burgosko prozesua, Perez Jauregui eibartarraren heriotzea manifestazino batean. Beraz, tensino-une ugari bizi izan ziran.
Hirugarren atalean (1973-1975), petrolioak izandako prezio-gorakadearen ondorioa, inflazinoa eta herritarrakan izandako eragina islatzen da; eta politikan, Añoveros auzia, frankismoaren heriotza-zigorrak eta Francoren heriotzea.
Laugarren atalean (1976-1982), barriz, gorabehera handiko urteak izan ziran: ilusinoa, gauzak aurrera atarateko gogoa eta aldaketa politiko handiak, esaterako, erreformea, aministia, Konstituzinoa, Estatutua eta lehenengo udal-hauteskundeak. Horreen artean, Eibarren auzolanaren eredutzat hartu daitekeen Gure Herria alkartea. Ganera, kulturearen eta euskerearen arloan aurrerapausu handiak emon ziran; emakumeen eskakizunak, ordura arte isilean egondakoak, aurreneko aldiz hasi ziran ozen entzuten. Sasoi haretan, ume asko jaio ziran Eibarren eta eskola barriak edegi ziran 1978. urtean (Arrateko Andra Mari eta Iturburu Ikastolea hain zuzen be).
Eibarrek 39.919 biztanle zituan 1979an, sekula izan dauen biztanle-kopururik handiena.
Gorabehera eta gatazka handiko hamarkadak, baina baita ilusinoaren eta aldaketearen hamarkadak be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!