Montehermoson ‘Euskal Serie Kosmogonikoa’ egongo da irailera arte
2024-07-02 07:46 KultureaNestor Basterretxea jaio zaneko mendeurrenaren harian dator erakusketea.
XX. mendeko bigarren erdialdeko euskal eskulturearen multzorik ezagunenetako bat da eta Ur Biltegi Zaharrean egongo da ikusgai irailaren 29ra arte. Bilboko Arte Ederren Museoak, Seriearen jaubeak, Montehermosori aldi baterako itxitako lana da. Gorka Basterretxea eta Habemus Estudio izan dira komisarioak.
Maila musikalean, Karraxiz-Koru Poema Coralek girotuko dau; Sara Soto Gabiolak sortutako diskoa da, Irungo Ametsa Abesbatzak Fernando Etxepareren zuzendaritzapean interpretautakoa. Abesbatza horretan modu aktiboan hartu eban parte Nestor Basterretxeak bere testuakaz eta bere ahotsagaz.
Aurten, Nestor Basterretxea (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014), XX. mendeko euskal artista esanguratsuenetakoa, jaio zaneko mendeurrena ospatzen da. Esangura horretan, kultura arloko hainbat erakundek bat egin dabe obra eta Basterretxeak era askotako esparruetan (arte plastikoetan, diseinuan, arkitekturan, zinematografian eta euskal kulturearen sustapenean) izandako eragin handia goraipatzeko asmoz atondutako jardueren eta erakusketen egitarauan. Programea Eusko Jaurlaritzeak sustatu dau artistaren familiagaz alkarlanean eta Nestor Basterretxearen legatuaren zabaltasuna eta sakontasuna, konpromiso soziala eta bere lanak Euskal Herriko iruditeria kolektiboan oraindino be dauen indarraldia ekarten ditu gogora.
Era berean, Euskal Serie Kosmogonikoaren inaugurazinoagaz batera, Nestor Basterretxearen ‘Askatasuna biribil zabaltzen da’ (Montehermoso Kulturunearen kanpoaldean kokatuta dago) eskulturearen lanak amaitu dira. Hiru astez piezearen zaharbarritze integrala egin da.
Euskal serie kosmogonikoa
Antxinako euskal kulturearen aurrean identifikazinoa bilatzea izan da Nestor Basterretxearen esplorazino eskultorikoaren lehentasunetako bat. Holan, Euskal Serie Kosmogonikoan, eskultoreak mitologian bilatu eban sinismen eta tradizino herrikoien jatorria eta jainkoak, jenioak, deabruak, fenomeno kosmikoak, erritoak eta bestelakoak definiduteko eskulturak sortu zituan, azaldu dau Zuriñe Elordik, Kultura eta Hezkuntza zuzendariak, erakusketea aurkezteko prentsaurrekoan.
Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian ikusgai egongo dira ondoko 18 eskulturak:
- Akelarre: akerraren belardia da eta bertan batzen ziran sorginak astelehen, eguazten eta bariku gauetan Aker Beltz (ganadua babesten eban akerra, tradizino paganoa dauena) gurtzeko. Basterretxeak multzo osoko konposizino arkaizanteenetako bat egin eban haretx-enbor bat hustuta.
- Aker Beltz: etxeko animalien izaki babeslea, gurtza-tokiagaz, Akelarreagaz, lotua. Dimensino biko garapena dau eta serie osoko piezarik figuratiboenetako bat da.
- Eiztaria: ehiztari bat, gehiegizko zaletasunagaitik zigortua, mendietan aurrera eta atzera ebilen deskantsau barik, txakurrakaz batera. Inpresino geometriko handiko piezea da.
- Gaueko: gaueko jeinua da, behi edo munstro itxurea hartzen dauena eta haize-boladen bidez igarri daitekeena. Lerro estilizatuak dituan konposizinoak gizakiaren formak hartzen ditu.
- Idittu: animalia itxurako gaueko jeinua da, gaueko iluntasunean sugar baten itxurea hartzen dauena. Hustuketearen bidez, Basterretxeak zuloguneak eta erliebeak edegi zituan eta horreek arrasto organiko handiko moldearen formak ekarten ditue gogora.
- Illargi Amandrea: ilargia da, jainkotzat hartzen da eta ugalkortasunagaz lotuta dago. Figura femeninoa da, konposizino harmoniatsua eta itxura totemikoa dauena.
- Intxixu: kobazuloetan eta jente gutxi bizi dan lekuetakon jeinu legendarioa. Eskultura garaikidearen espiritua kultura tradizionalagaz lotzen dauen irudi antropomorfiko eta frontala.
- Amalau Zanko: arima bildurgarriko izaki bitxia da. Goiko hamalau taulak erliebe labirintikoak osotuz alkartzen dira; horreetan, Basterretxeak irrazionaltasunaren aurreko zaletasuna txertatu eban.
- Argizaiola: hildakoak gogoratzeko oholtxoak dira; argizarizko biribilki bat izaten dabe, eleizan jarraitzen dauen etxeko suaren ikur. Hauxe da gaiaren bersino horizontala. Bertan, Basterretxeak forma bolumetriko baltz eta trinkoa garatu eban eta bertatik zurezko barrualdean agertzen da. Artistearen arabera, horixe zan serie osoko eskultura arkitektonikoena.
- Argizaiola Zuta: bersino honek irudi antropomorfo bat ekarten dau gogora bere bertikaltasunean, Barandiaranek kandela eta giza gorputzaren eta argi eta arimearen artean ezarritako sinbologiari erreferentzia argia eginez. Maila formalean pieza estilizatua da, aurrez aurre ikusten dana eta artisau-izakerea dau, inspirazino-iturri dan objektuari zuzenean lotzen jakona.
- Bost Haizeak: Basterrexeak forma-ikur oso geometrikoa erabili eban hemen fenomeno natural bati erreferentzia egiteko. Lauburuaren edo esbastika lerromakurraren sinbologia agertzen da, jatorriz XVI. eta XVII. mendeetatik hilarrietan, etxeen frontisetan edo kutun gisa eta, oraintsuago, euskal kulturearen ikur lez erabilten dan ikur aurrekristinaua.
- Eate: ekatxaren, suaren, uriolean, oinaztuaren eta urakanaren jenioa da. Horizontaltasun handiko eskulturea da, oreka asimetriko, trinko eta aldi berean arinean esegitako arkitekturea gogora ekarten dauena, artisteak egindako brankako irudien eta masten modukoa.
- Mairuak: Antxina, dolmenak eta cromlechak eregiten zituen paganoak. Hau be aurretik ikusi beharreko piezea da; marko formako egitura dauka eta, bertan, sakonunez zulatutako sei bolumen agertzen dira. Hutsunearen presentzia, duda barik, Oteizaren lanari lotua dago.
- Ostadar: Basterretxeak, arku bikotxa erabiliz, antxinako munduan magikotzat hartzen zan fenomeno naturala irudikatu eban. Pieza hau serie osoko brontzezko lan bakarra da eta zeinu-iruditik hurbil dagoan lanketa-prozesua izan eban.
- Trikuharri: dolmen baten izena da (Euskal Herrian historiaurreko monumentu horreetako asko dagoz). Eskultura hau, serie osoko txikiena, eskalan egindako eraikuntza arkitektonikoa da eta, barruan, zentauro txiki bat dauka.
- Majue: Lurpeko jeinu kaltegarria; lurpetik urtekeran, Mari emazteagaz alkartzen da eta txingor-ekatxak sortzen ditu. Hemen, Basterretxeak hustuketearen kontrako prozedurea erabili eban pieza arin eta bertikalak sartuz asmo formaleko konposizino batean. Adarren leunketa-prozesua euskal makilaren lan tradizionalaren antzekoa da.
- Mari: Lezatan bizi dan emakumezko jeinua. Kondaira herrikoiaren arabera, Mariren kobazuloa Anboto mendiaren aldeetako batean dago, Durangaldean (mendi horretan kobazulo eta hatxarte ugari dagoz). Lezak be eragin handia izan dabe euskal artearen iruditerian, Oteizaren artetik hasita. Serieko piezarik finenetakoa da honako hau.
- Torto: Begi bakarreko jeinu kaltegarri eta antropofagoa. Zenbait teknikagaz (zizelkatzea eta kolatzea) egindako eskultura antropomorfo eta sexuatu honek argi erakusten dau Basterretxeak mito barbaro batzuen aurrean interesa ebala.
Bisitak
Bisita gidatu bi atondu ditue: leehenengoak erakusketea ezagutzeko Montehermosorako bisitea baino ez dau jasoten. Ez da beharrezkoa aurrez izena emotea eta ostiraletan egingo dira, 19:00retan: garagarrilaren 12an eta 19an; abuztuaren 16an, 23an eta 30ean; eta irailaren 20an eta 27an. Bigarren bisita motak, barriz, geltoki bi ditu: Lasarteko eleizea eta erakusketea. Zapatuetan izango dira, 10:00etan: garagarrilaren 27an eta irailaren 14an; kasu honetan, beharrezkoa da aldez aurretik izena emotea hemen. Entradium.com plataforman, hilaren 27tik aurrera edo astelehenetik barikura bitartean (10:00-20:00) 945 16 18 30 telefonora deituta.
Nestor Basterretxea
Bermeon jaio zan 1924ko maiatzaren 6an, eta familiak Frantziara erbesteratu behar izan eban aitaren, Francisco Basterretxea Zaldibarren, jarduera politikoa zala eta. Han bizi izan ziran bost urtez: lehenengo Donibane Lohizunen eta gero Parisen. 1942an, Europako gerrearen egoerea gogorragaitik familiak Argentinara emigrau behar izan eban. Han egin zituan pinturen munduan lehen obrak, Emilio Pettoruti pintore argentinarraren tailerrean. Handik gitxira, bere trebetasuna autortu eben margolari gazteentzako Altamira beka entzutetsuagaz eta aurrerago, 1949an, “Premio único a extranjeros” pintura-sariagaz. Garai haretako bere lanetan nabaria da gerrearen eta erbestearen eragina.
1952an bueltau zan jaioterrira eta Arantzazuko Basilika barriko kriptarako horma-irudiak egiteko lana emon eutsen baina lanok eten egin behar izan zituan 1982ra arte arazo politikoakaitik.
1956an, Tarragonako Universidad Laboraleko horma-irudiak margotu zituan eta bere obrak nazinoartean ospea izaten hasi ziran; holan, Europa eta Amerikako uriburuetan abangoardiako arte-erakusketa guztietan parte hartu eta Veneziako Arte Bienalerako eta Sao Pauloko VI Bienalerako aukeratu eben.
‘Equipo 57’ arte-talde esperimentaleko sortzaileetako bat izan zan eta, urte batzuk aurrerago, Euskal Eskolako ‘Gaur’ taldean hartu eban parte beste artista bikain batzuekaz batera: Amable Arias, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi, José Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta.
Esperimentetako eta ikertzeko pasinoa izan ziran haren lanaren oinarriak beti eta hainbat diziplina estetikotan barruratu zan: pintura, eskulturea, zinemea, argazkilaritzea, diseinu industriala, arkitekturea... Duda barik, Nestor Basterretxea sortzaile nekaezina izan zan, eta gure inguruan ez eze, bermeotarraren legatu kulturala AEBetan, Argentinan eta beste hainbat tokitan be itxi eban.
Bisitak
Bisita gidatu bi atondu ditue: leehenengoak erakusketea ezagutzeko Montehermosorako bisitea baino ez dau jasoten. Ez da beharrezkoa aurrez izena emotea eta ostiraletan egingo dira, 19:00retan: garagarrilaren 12an eta 19an; abuztuaren 16an, 23an eta 30ean; eta irailaren 20an eta 27an. Bigarren bisita motak, barriz, geltoki bi ditu: Lasarteko eleizea eta erakusketea. Zapatuetan izango dira, 10:00etan: garagarrilaren 27an eta irailaren 14an; kasu honetan, beharrezkoa da aldez aurretik izena emotea hemen. Entradium.com plataforman, hilaren 27tik aurrera edo astelehenetik barikura bitartean (10:00-20:00) 945 16 18 30 telefonora deituta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!