'Euskal kulturan nabegetako aukerea emongo dauen egitasmoa da Noeren ontzia'

Bizkaie! 2024-07-01 07:45   Kulturea

Garai eta euskalki guztietako testu hautatuak eskainiko ditu.

Testuok online egongo dira argazki edo irudiakaz ilustrauta eta bersino musikal batera edo film batera eroango gaituen estekakaz hornituta.

Euskaltzaindiak 2023ko irailaren 29an izentau eban euskaltzain oso Asun Garikano. Eta hizkuntzalariak sarrera-hitzaldia irakurri dau Gasteizko Goiuri Jauregian.

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkate andreak ondoetorria egin deutsee bertaratutakoei eta, jarraian, Asun Garikanok sarrera-hitzaldia (Mendi-zelaiak estali baino lehen) irakurri dau, Euskaltzaindiak aste honetan online argitaratu dauen Noeren ontzia egitasmoa, hain zuzen be.



Asun Garikanok kezka horreek guztiak aitatu ditu sarrera-hitzaldian eta ondoren goitik behera aletu ditu proiektu barriaren nondik norakoak, tartean, Noeren ontziaren helburuak: Irautea eta zabaltzea merezidu daben testuak gabiz jasoten Noeren ontzian, esan dau Asun Garikano euskaltzain oso eta egitasmoaren koordinatzaileak, gero eta beharrezkoagoa baita euskerazko kultura-produktuak erakusleihoetara eroatea. Gure literatura-ondarea eta kultura-ondarea hurrengo belaunaldiei pasau nahi badeutsegu, beharrezko baliabide guztiak jarri beharko jakoz hezkuntza-komunidadeari. Hortaz, Noeren ontziaren helburuak argi dagoz: lehenengo helburua gure aurrekoen ondarea jasotea da. Ez bakarrik euskeraz dagoalako, Koldo Mitxelenaren berbak aitatuz, sakonagoko zeozer adierazoten dauelak».

Baina badau Noeren ontziak beste helburu bat irakurmenagaz lotua dagoana eta holan azaldu dau euskaltzain osoak: Danok dakigu azken urteetako PISA eta PIRLS probetan emoitzak kaskarrak izan dirala irakurmenaren atalean. Horren aurrean, 2018an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskadiko Irakurketa Plana argitaratu eban Heziberri 2020 hezkuntza-eredu pedagogikoaren barruan. Bertan, askotariko testuak nahiz lexikoa lantzearen beharra azpimarratzeaz batera, ikastetxe bakotxak bere irakurketa-plana diseinetako edo eguneratzeko pausuak zehaztu ziran. Irakurgunea webgunea be zabaldu eben, eduki guztiak bertan kokatzeko. Plan horretan, barriz, behar-beharrezkoena falta zan: askotariko testu horreek ez ziran inon agiri. Falta zan, hain zuzen ere, Noeren ontzian jasoten gabizena: estilo, erregistro, tonu askotako testuak.

Baina, testuez gan, gaiagaz lotutako ikonografiak be (grabatuak, argazkiak, marrazkiak, mapak, grafikoak...) aparteko garrantzia dau proiektu barrian. Zenbaitetan, irudi horreek ez dira testuaren apaingarri hutsa izango, testuaren edukiagaz batera aztertu beharreko elementuak baino. Eta hori be nabarmendu nahi izan dau Garikanok: bai, bestelako erremintak be izango dira. Behin entzun neutson irakasle bati bere irakasgaian euskal curriculuma txertatzeko, erreminta-kutxa bat behar ebela era guztietako tresnak izango zituana: irakurgaiak, bai, baina baita bideoklipak, audioak, dokumentalak eta bestelakoak be. Idea horregaz bat eginez, Noeren ontziko testu asko multimodalak izango dira.

Egitasmo barria norentzat sortu dan be azaldu dau euskaltzainak, batez be, DBHko eta Batxilergoko ikasleak gogoan hartuta atondu da Noeren ontzia, baina baita unibersidadeko ikasleentzat be baliogarria izango da eta euskaltegi zein hizkuntza-eskoletan, ikasmaterialak prestetan dabizen Berritzegune eta argitaletxeentzat, edota Irakurketa Plana hazurmamitu behar daben ikastetxeentzat be. Esaterako —argitu dau Garikanok—, emon daigun historia irakasle batek Bigarren Mundu Gerrari buruzko testu bat nahi dauela, gelan irakurteko: bilatzailean -Bigarren Mundu Gerra- idatzi, klik egin, eta garai horri buruzko artikuluak, kronikak, testigantzak, bertsoak topauko ditu. Hola bada, Noeren ontziak sei ataletan banatuta ekarriko ditu testuak: Historia, Herri-kulturea, Hizkuntzea, Literaturea, Ahozko Literaturea, Gaurko Gizartea eta Abestiak atalotan.

Andres Alberdi euskaltzain osoak Noeren ontziaren uberaren arrastoan titulupeko hitzaldiagaz erantzuna emon deutso Asun Garikanoren sarrera-hitzaldiari. Garikanoren datuak eta merezimenduak izan ditu berbagai, baita Garikanok buru egiten dauen Euskaltzaindiaren Noeren ontzia izeneko proiektuak eragin deutsozan gogoeta batzuk harilkatu ditu: ilusinoz hartu dogu proiektua, baina ezin ahaztu eskoleak erronka handia dauela, azken ames eta helmuga, ikasle euskaldun osoak eta euskaltzaleak ataratea bada, azaldu dau Alberdik.

Berbaldien ostean, Iruten ari nuzu kanta herrikoia interpretau dabe Miren eta Maddi Garikano eta Lierni eta Larraitz Ugartemendia musikariek.

Ondoren, euskaltzain barriak karguaren zina egin dau —Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari jagokezan eginkizunak zintzo eta leialki beteko ditudala neure berbea emoten dot betiko formulari eutsiz— eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso ditu euskaltzainburuaren eskutik. Azkenik, Gasteiz Kantuz taldeak abesti bi (Garaziko herria eta Araban bagare) kantau ditu Aihotz plazan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu