Edurne, Nøgen eta Izaro, Aste Nagusian joko daben lehenengo taldeak iragarri ditue

Bizkaie! 2024-06-28 11:15   Musikea

Kontzertuak, Abandoibarran eta Europako Parkean izango dira.

2024ko Aste Nagusiak dagoeneko baieztatuta ditu kontzertuetarako lehen izenak Abandoibarrako agertoki nagusietan (23:30ean) eta Europa Parkean (00:00etan). Edurne, Nøgen, Lala Love You, Izaro, Nil Moliner eta Tatta-Süne dira Aste Nagusirako iragarritako lehen musika taldeak, Bilboko Udalak jakitera emon dauenez.

Abandoibarran, abuztuaren 17an, zapatua, edegiko da programazinoa Edurneren emonaldiagaz. Artisteak, Éxtasis aurkeztuko dau, haren zortzigarren diskoa. Dagoeneko, Nada eta Va por ti abestiak kaleratu ditu.

Abuztuaren 19an, astelehenean, agertoki berean, Nøgen taldearen txandea izango da, egungo eszenako talderik indartsuenetako bat. Erasmuseko gau luzeetan Danimarkan jaioa, folk pop musikea jorratzen dauen talde donostiarrak, hirugarren albuma joko dau, Aben Cirkel (2023) hain zuzen be.

Abuztuaren 21ean, eguaztenean, hasiko da Europa Parkeko programazinoa, Nil Moliner eta doinu latinoak dituan pop argitsuaren eskutik. Musikalaria biran dago hirugarren bildumeagaz, Lugar Paraíso.

Abuztuaren 22an, eguenean, Lala Love You izango da protagonistea Abandoibarran. Parla udalerri madrildarrean sortua, Roberto Amor (ahotsa eta gitarra), David Merino (ahotsa eta gitarra), Lydia Carré (koruak eta baxua) eta Oscar Hoyos (batería) kideek punki-pop musika talde bezela definiduten dabe beren burua. No se te puede dejar nada (2024), El principio de algo, Más colao que el colacao, Laponia, Pócima de amor e Irene, lako abestiek dozenaka Urrezko eta Platinozko Disko merezidu izan ditue.

Egun berean, baina Europa Parkean, bertaratutakoek Tattaren kantuekaz jantzan egin ahal izango dabe. Tattak Martin albuma aurkeztu barri dau Denso artisteagaz batera. Bertan, genero ugari aztertzeaz gan, artista askogaz eta Etxepe kolektiboagaz alkarlanean ibili dira. Bilboko eszenatokian Süne izango dabe lagun, Josune Arakistain Huntzako abeslari eta trikilariaren bakarkako debuteko izen artistikoa, bere lehenengo diskoa Lau korapilo kaleratu barri baitau.

Abuztuaren 23an, barikuan, Abandoibarran, Izaroren txandea izango da. Sona handiko artistea, urtebetean geldi egon bada be, 2023an bueltau zan Cerodenero lanagaz. Sorkuntza-ariketan, begirada garaikide batetik, pop-a, sustraia eta elektronikea buztartzen ditu.

Programazinoa

- Abandoibarra:

  • Zapatua 17: Edurne.
  • Astelehena 19: Nøgen.
  • Eguena 22: Lala Love You.
  • Barikua 23: Izaro.

- Europa parkea:

  • Eguaztena 21: Nil Moliner.
  • Eguena 22: Tatta + Süne.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu