Guggenheim Bilbao Museoak Yoshitomo Nara aurkeztu dau
2024-06-28 10:37 KultureaZemendiaren 3ra arte egongo da ikusgai.
Guggenheim Bilbao Museoak Yoshitomo Nara aurkeztu dau, 1997tik Museoaren Babesle Estrategikoa dan BBVA Fundazinoari esker atondutako erakusketea. Atzerabegirakoak Yoshitomo Nararen mundu berezia erakusten eta aztertzen dau. Ganera, artistearen sormenak, ideen sorburutik hasita, izan dauen eboluzinoa erakusten deusku. Erakusketea gaika atonduta dago, ez hainbeste maila kronologikoan edo teknika eta materialen arabera, Nararen prozesu kontzeptualen eta formalen ganeko ikuspegia eskaniz, hain zuzen be. Azken lau hamarkadetan (1984tik 2024ra) egindako pintura, marrazki, eskultura eta instalazinoen hautaketa zabalak enpatiaz erantzuten deutse artisteak urteetan zehar topautako persona eta lekuei.
Aurkezpen ekitaldian ondoko honeek izan dira: Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia; Pilar Aresti, Guggenehim Bilbao Museoaren Ohorezko Kideen Batzordearen Presidentea; Leixuri Arrizabalaga, Euskera, Kultura eta Kirol saileko Foru Diputadua; Yoshitomo Nara, artistea; Ibone Bengoetxea, Jaurlaritzako bozeroailea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Rafael Pardo, BBVA Fundazinoaren Zuzendaria; Bingen Zupiria, Segurtasuneko sailburua; eta Lucía Agirre, komisarioa.
Nararen obrea museo garrantzitsu batean eskainitako lehen bakarkako erakusketa handia da, baita estaduan egingo jakon lehenengoa be. Erakustaldia berariaz atonduta dago Guggenheim Bilbao Museoaren erakustaretoetarako eta handik Baden-Badenera eta Londresera eroango dabe gero; horreetan be beren-beregi moldatuko dabe guneetako bakotxaren berezitasunetara.
Yoshitomo Nara (1959, Hirosaki, Aomori prefektura, Japonia) bere belaunaldiko artistarik ospetsuenetako bat da. Oso ezagunak dira egiten dituan umeen irudi bereziak, buru eta begi handi eta guztiz mehatxagarri, desafiatzaile eta lotsabako agiri diranak, baita triste eta zalantzati be.
Nararen personaiak, haren irudiak eta animaliak, bere buruaren isla dira, bere pensamendu eta emozinorik sakonenen irudikapena eta adierazpidea. Umezaroko gomutak, bizi-esperientziak eta musikaz, arteaz eta gizarteaz (Japoniakoak eta atzerrikoak) dauen ezagutzea ditu sormen-iturri. Narari izugarri interesetan jako gizadia; holan, etxea, komunidadea, naturea eta horreen arteko interrelazinoa lako kontzeptuak aztertzen eta txertatzen ditu bere lanetan.
Erakusketeak Narak Europara egin eban bigarren bidaiatik gaur arte igarotako berrogei urteak batzen ditu. Agirian jarten dau Hirosakitik alde egin izana eta Japoniatik kanpo emondako denporea funtsezkoak eta beharrezkoak izan zirala Nararentzat eta tresnak eskaini eutsiela artista lez dauen egitekoa birpentsetako eta Japoniako komunidade, jente eta natureagaz dituan hartu-emonak barriro aztertzeko: sentidu neban dagoeneko baneukala ordura arte falta jatana eta uriburutik urrun biziteko kapaz nintzala. Halanda ze, uste dot horren beharra nebala, denpora batez jaioterritik aldentzeko beharra, hori dana ulertu ahal izateko.
Erakusketeagaz batera, katalogo ilustratu bat argitaratuko da, erakusketearen komisario Lucía Agirreren, Mika Yoshitakeren eta Shigemi Takahashiren saiakerak batzen dituana. Testuek Yoshitomo Nararen obrea hartzen dabe aztergai eta agirian ixten ditue haren margolan, marrazki, eskultura eta instalazinoen arteko hartu-emonak, harmoniak eta disonantziak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!