Urrezko Hirukia: Altxalili kolektiboa eta Trapuzko Espartina: Bilbao Bizkaia Harro

Bizkaie! 2024-06-28 08:16   Kulturea

Era askotako hipokrisiak salatu nahi ditugu, ez dogu onartzen gure eskubideak erabiltea.

Hamarkadak daroaz Ehgam-ek, Euskal Herriko Sexu Askapen Mobimentuak, Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina banatzen. Urtero, sexu askapenaren inguruan nabarmendutako persona, ekimen edo erakunde bat saritzea dau helburu Urrezko Hirukiak eta, aldiz, sexu askapenaren bidean oztopo izan diran egitasmo edo personei emoten jake Trapuzko Espartina.

Aurtengoa berezia izan da sari honi jagokonez, izan be, orain hilebete gitxi banatu eben igazko Urrezko Hirukia, apirileko Bollotopaketetan. 1983an Euskadiko Lesbianen topaketak atondu zituen militanteei emon eutsen Hurukia, saria 2023koa izan arren, 2024ko apirileko Bollotopaketetan emn nahi izan eben, Leitzan.

Aurtengo Urrezko Hirukiagaz, Ehgamek Altxalili kolektiboa saritu nahi dau, LGTBI eta queer errealidadeei Ipar Euskal Herriko barrualdean ikusgarritasuna eta erreferentzialtasuna emoteko egin dauen lan apartagaitik. Igazko urtarrilean Atharratzeko Prefosta alkartearen ostatuan hasi zanetik, hamaika emonaldi egin ditu Altxalili kabaretak Euskal Herrian zehar eta zuzenean ikusi dituenak badaki badirala nahikoa motibo hareen ikuskizunak saritzeko: kabaretaren espiritu queer eta irreberentea modu propio eta originalean lotu dabe euskal folkloreagaz eta euskeraz. Euskalduntasun queer baten imaginarioak barritzen egiten daben lan bikaina goraipatu nahi izan dabe, beraz.

Altxalilik egin dituan ikuskizunaren ederragaitik eta Iparraldeko barrualdean identidade disidenteen erreferenteak sortzea izan dau helburutzat Altxalilik sortu zanetik eta ibilbide laburrean erreferentzialtasun hori lortu dauelako be egin nahi izan deutse autortza hau. Kabaretaz gan, kolektiboak egindako lan militantea be azpimarratu nahi izan dabe. Alde batetik, Ipar Euskal Herriko barrualdeko LGTBIQ+ errealidadeak bistaratzen egindako ekarpena. Karrikak hartzeaz berba egiten dogunean, urietako karrika edo kale zabalak etorten jakuz burura, baina Altxalilik barrualdeko herri txikietako karrikak hartzearen alde egin dau, besteak veste, Bekat ́urosak jaialdia atonduz, Atharratzen. Sexu eta genero ez-normatiboak dituen Barrualdeko personen bizitzak bizigarriago eta arnasgarriago egiteko egindako lana eskertu nahi izan dabe. Eta ez dogu aitatu barik itxi nahi Prefosta alkarteak jasandako eraso homofoboari zein ultraeskuinaren gorakadeari erantzuteko Altxaliliko lagunek izan daben sendotasuna eta irudimena be, azken hilebeteotan gogorarazo baiteuskue geure burrukea umorez, kolorez eta kabaretez jantzita ederragoa dala. Jakin badakigu Altxa Lilikoek beste kolektibo eta lagun ugari be izan dituela bidelagun eta hareei be autortzea egin nahi geunskie sari honegaz.

2024ko Trapuzko Espartina, barriz, Bilbao Bizkaia Harro egitasmoari emon deutse aurten. Lehenengo Pride izenagaz eta gero Bilbao Bizkaia Harro izenagaz atontzen dan ekitaldiak zerikusi gitxi dau LGTBI+ mobimentuak Bilbon eta Bizkaian gaur egun dituan behar, arazo eta erreibindikazino errealakaz. Eusko Jaurlaritzearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren diru publiko moltsoa jaso dauen ekimen horren helburu nagusia erdi eta goi-mailako atzerriko turismo gay diruduna sustatzea dala salatu nahi dabe, hau da, gure uri eta herriak turistifiketan eta gentrifiketan jarraitzea dala ekimen honen helburua, gitxi batzuentzako etekin ekonomikoa sortzea. Instituzino eta alderdi neoliberalek LGTBI+ mobimentuaz eta aldarrikapenez egiten daben erabilerea salatu nahi dogu Trapuzko espartin honen bidez eta gaitzetsi erakundeek sexu eta genero disidentziaren agendea edukiz hutsitu eta beren irudia garbitzeko erabiltea. Era berean, bagilaren 28a merkantilizazinorako atxakiitzakia bihurtzeari aurre egitera deitzen dugu eta tokian-tokiko mobimentu eta plataformek deitutako manifestazinoetan parte hartu deien animetan ditugu herritarrak.

Aurten, era askotako hipokrisiak salatu nahi ditugu, ez dogu onartzen gure eskubideak erabiltea ez negozioa egiteko, ez administrazinoek beren burua garbitzeko eta zer esanik ez, genozidio bat babesteko, Palestinan Israel egiten dagoan bezela. Horreek guztiak salatzeko urtengo beste urte batez bagilaren 28an kaleetara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu