Asun Garikanok 'Noeren ontzia' egitasmoaren nondik norakoak azalduko ditu sarrera-berbaldian
2024-06-27 08:08 KultureaBagilaren 29an, Gasteizen izango da eta Andres Alberdi euskaltzain osoak erantzungo deutso.
Euskaltzaindiak 2023ko irailaren 29an izentau eban euskaltzain oso Asun Garikano hizkuntzalaria. Orain, Akademiaren barruko arauek agintzen dabenari jarraituz, sarrera-berbaldia egitea jagoko euskaltzainari. Zapatuan izango da ekitaldia, 12:00etan, Gasteizko Goiuri Jauregian. Musikaz giroturiko atariko saio baten ondotik, ekitaldi instituzionala hasiko da. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkate andreak ondoetorria egingo deutsee bertaratutakoei eta, jarraian, Asun Garikanok sarrera-hitzaldia irakurriko dau, Mendi-zelaiak estali baino lehen izenburu dauena. Hitzaldiaren muina Euskaltzaindiak aste honetan martxan jarriko dauen Noeren ontzia egitasmoa izango da, hain zuzen, euskal kulturan barrena nabegetako aukerea emongo dauen proiektuaz jardungo dau. Euskaltzaindiak, gazteen artean dan euskal kultura-ondarearen ezagutza urriaz eta hareen irakurmenaren gainbeheraz kezkatuta eta euskal kulturea lantzeko material didaktiko adostu baten hutsunea egoala ikusirik, Noeren ontzia proiektua mamitu eta asteon plazaratuko dau. Esan bezela, euskal kulturearen itsasoan zehar ibilteko tresna digitala da, bihartik aurrera eskura izango dana Euskaltzaindiaren webgunean.
Andres Alberdi euskaltzain osoak Noeren ontziaren uberearen arrastoan titulupeko berbaldiagaz erantzuna emongo deutso Asun Garikanoren sarrera-hitzaldiari. Garikanoren datuak eta merezimenduak izango ditu aztergai hitzaldiaren lehen partean. Bigarrenean, Garikanok gidatzen dauen Euskaltzaindiaren Noeren ontzia izeneko proiektuak eragin deutsozan gogoeta batzuk harilkatuko ditu. Ilusinoz hartu dau proiektua, baina ezin ahaztu eskoleak erronka handia dauela, are gehiago azken ames eta helmuga, ikasle euskaldun osoak eta euskaltzaleak ataratea bada.
Azkenik, euskaltzain barriak karguaren zina egingo da, eta euskaltzain osoaren domina, diplomea eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik.
Asun Garikano Iruretagoiena (Tolosa, 1962)
Euskal Filologian lizentziaduna. Gasteizko IRALEko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako EIMAko kide izandakoa. Ameriketako euskaldunei buruzko liburu biren egilea be bada: Far Westeko Euskal Herria (Pamiela, 2009) eta Kaliforniakoak 1533-1848 (Pamiela, 2013). Itzultzaile lanetan, ingelesetik euskerara itzuli ditu Robert Louis Stevensonen, William Faulknerren, John Steinbecken, Patricia Highsmithen eta beste zenbait egileren lanak; euskeratik gaztelaniara, barriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak.
Edizino-lanaren arduradun izan da Garziarena aldizkarian (1992-1994) eta Euskaltzaindiaren Erlea aldizkarian (2009-2016). Era berean, Bernardo Atxagaren euskerazko eta gaztelaniazko obra guztien edizinoaz arduratu da. Gaur egun, Euskaltzaindiak aurten bertan martxan jarritako Testu-bankua proiektua gidatzen dau. Batez be hezkuntza-komunidadeari zuzendutako egitasmo horrek, euskal dimensinoagaz lotutako testu hautatuez jantziko dau hezkuntza-curriculuma, gaurko eta lehenagoko testuez, lau esparrutan banatuta eurok: Historia, Hizkuntzea, Literaturea eta Gaurko Gizartea ataletan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!