Jazzaldiak William Parker sarituko dau

Bizkaie! 2024-06-27 08:00   Musikea

Guztira, 76 kontzertu atondu ditue, garagarrilaren 23tik 28ra arte.

William Parker (Donostiako Jazzaldia). | Ikusi handiago | Argazki originala

59. Jazzaldian 76 kontzertu izango dira; horreetatik 41 doban, 26 bertako taldeenak, 5 familiei zuzenduak Txikijazzaren hamabigarren edizinoaren barruan, 8 JazzEñeren hamargarren edizinoaren barruan, 8 Zurriola hondartzan (Keler Gunea), 23 Kursaaleko terrazetan, 5 Chillida Lekun eskainiko diranak, bat Irungo Junkal plazatxoan eta beste bat María Cristina Hotelean. Jaialdia, garagarrilaren 23tik 28ra bitartean izango da.

Honeek dira 12 agertokiak: Trinitate Plaza, Keler Gunea (Zurriola hondartza), Kutxabank Kursaal Auditorioa, FCC Victoria Eugenia Antzokia, Škoda San Telmo Museoa, Frigo Gunea, Fnac Gunea, Chillida Leku, Kutxa Fundazioa Plaza (Tabakalera), Nauticool, Irun eta María Cristina Hotela.

Jazz musikari handiak, tartean Diana Krall, John Zorn, Gregory Porter, William Parker, Potter-Mehldau-Patitucci-Blake, Scofield-Holland Duo, Lakecia Benjamin, Marco Mezquida, Eddie Henderson & Steve Davis, Youn Sun Nah, Julio Resende, Iñaki Salvador, BIGYUKI Band With Tomoaki Baba, Rosario Giuliani, Carole Alston edo Marcin Masecki entzuteko aukerea izango dogu.

Bestelako generoetan, Kutxabank Kursaal Auditorioan, Marisa Monte, Rufus Wainwright eta Sílvia Pérez Cruz lako izarrak izango dira. Rock, blues, pop eta hip hop generoan, barriz, ondoko honeek izango doguz; Larkin Poe, North Mississippi Allstars, Izaro, Shinova, El Columpio Asesino, Les Amazones d’Afrique, Merina Gris eta Chill Mafia.

Donostiako Jazzaldia Saria

Donostiako Jazzaldia saria, Jazzari eskainitako ibilbideagatik eta artisten belaunaldi baten baino gehiagoren erreferentea izateagatik, William Parkerri emongo jako, azken hamarkadetako abangoardia Jazzeko kontrabaxurik onenari.

William Parker newyorktarra musikari ospetsua da, arrastoa itxi dauena musika garaikidean. Barrikuntzagaz eta sormen askatasunagaz konpromioa dauen artisteak, funtsezko figuren artean kokatzen dabe Jazz garaikedean.

Parkerrek hiru kontzertu eskainiko ditu Jazzaldian, hiru agertokitan eta talde desberdinekaz, doban. Kontzertu horreetarako sarrerak, banaka ez ezik, batera be eros daitekez William Parker abonuaren bidez, %15eko deskontuagaz.

24 euskal talde izango dira 59. Jazzaldian

Hamarkadetan zehar, Donostiako Jazzaldiak tokiko talentua ezagutarazotera emon eta nabarmentzeko plataforma bezala daroa. Jazzaldiak bere programazinoaren zati handi bat euskal talde eta artistei eskaintzen deutse; musikari emergente eta artista gazteen kontzertuak ez ezik, garrantzi eta autorpen handiagoko musikarien kontzertuak be proponiduz. Jazzaren arloan, baita beste genero batzuetan be, euskal musikearen bizitasun handiko panoramearen erakustaldi batez disfrutetako aukerea paregabea.

Aurten, 10 talde izango doguz, Tokiko Taldeen 2024ko hautaketa-prozesuan aukeratuak: Iñar Sastre, Nacho Soto Trío, Oscar Garrido Quintet, Gregario de Luxe -20 urte betetzen ditu-, Nhil, Les 4 Saxes & Co, Alex Haro’s Freedom, Fran Serrano 4tet 0202, Euskal Hot Club eta Motelas.

Ganera, euskal talde eta artista honeek egongo dira: Iñaki Salvador, Elkano Browning Cream, Noa & The HellDrinkers, The Fake Cousins, Itziar Yagüe eta R.S. Basque Faktor, FEMM & Band eta Donostiako Musika eta Jantza Eskolako Big Banda.

Keler Gunean, Zurriola hondartzan, barriz, euskal artista ezagun ugari: Izaro, Merina Gris, Shinova, El Columpio Asesino eta Chill Mafia.

Programazinoa eta sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu