BBKateak programari agur esateko 'Eduardo Chillida-Godofredo Ortega Muñoz'
2024-06-26 10:04 KultureaBagilaren 25etik irailaren 30era Bilbon.
Bilboko Arte Ederren Museoan ikusgai dagoan erakusketa hau BBKateak programeari agur esateko erabiliko da, Eduardo Chillida eskultorearen eta Godofredo Ortega Muñoz pintorearen arteko analogia formal iradokitzaileei eskainitakoagaz.
Javier González de Durana historialariak proponiduta, bat egin dau, Eduardo Chillidaren jaiotzearen mendeurrena ospatzeko ekitaldiakaz.
Jentaurrekoan izan dira Juan Mari Aburto, Bilbokoalkatea eta Arte Ederren Bilboko Museoa Fundazinoaren Patronatuko presidentea; Nora Sarasola, BBK Banku Fundazinoaren Obra Sozialaren zuzendaria; Miguel Zugaza, Arte Ederren Bilboko Museoaren zuzendaria; Javier González de Durana, erakusketearen komisarioa; eta Luis Chillida, Eduardo Chillida Pilar Belzunce Fundazinoaren presidentea.
2022ko bagilean, museoak BBKateak ekimena jarri eban martxan. Horri esker, azken urte bietan bildumako 110 artistaren arteko 64 topaketa egon dira ikusgai, eraikin zaharreko 21 aretoetan. Komisarioaren helburua izan da modu dinamikoan erakustea –astero aretoa aldatuz– kronologiaren neurria eta artista-zerrendearen oparotasuna, baita museoaren bilduman gordetako teknika eta sormen-asmoen aniztasun handia be. Orain, programea amaitzeko, topaketa aparta egingo da XX. mendeko euskal eta espainiar artearen ordezkari handi bigaz. Itxuraz, oso bestelakoak, beren interesei eta beren lanaren garapenari jagokenez: Godofredo Ortega Muñoz (San Vicente de Alcántara, Badajoz, 1899-Madril, 1982) eta Eduardo Chillida (Donostia, 1924-2002). Museoak bat egingo dau euskal eskultorearenganako autortza-ekitaldiakaz, haren jaiotzearen mendeurrenean. Horren atari legez, Topalekua IV eskultura monumentala mailegua itxi jakon Chillida Lekuri, 2023ko martian. Gainera, gogorarazoten dau Ortega Muñozen lehen bakarkako erakusketea Arte Ederren Bilboko Museoan egin zala, 1957an, eta urtebete geroago Chillidak Veneziako Bienaleko Eskulturearen Nazioarteko Sari Nagusia jaso ebala. Jardunbide artistiko askotakoak izan arren, Chillidaren obrak eta Ortega Muñozenak oinarrizko begirune bera dabe naturarenganako.
Aitatu helburuari eutsiz, orain aurkeztuko diran hiru aretoetan 21 artelan batu dira: hamabi, Chillidarenak: zazpi eskultura (terrakotazko bi eta granito, alabastro, altzairu, harri eta zurezko bana eta papelean egindako bost obra. Beste bederatziak Ortega Muñozen margolanak dira.
Javier González de Durana historialariak, Ortega Muñoz Fundazinoaren (Badajoz) koordinatzaile artistikoak, erakusketako piezak hautatzean, topaguneak eta, era berean, ezbardintasunak agirian jarten dituan lerro, kolore, hutsune eta keinuen arteko alkarrizketa sotila izan ditu erispide.
Era berean, artista bien obreari buruzko begirada gurutzatua islatu da museoak berariaz argitaratutako eta González de Duranaren testuak dituan liburu txikian.
Eduardo Chillida-Godofredo Ortega Muñoz
Belaunaldi ezbardinetakoak izan arren, Chillidak eta Ortega Muñozek bat egin eben zenbait aldiz, bai maila personalean, baita erakusketetan parte hartuz, 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetan. Material eta teknika ugari erabilteaz gan
–Chillida eskultore batez be eta Ortega Muñoz margolari–, alkarrengandik oso urruneko molde eta helburuakaz ibilten ziran, maila kontzeptualean lotura txikia eben.
Chillidak nora goazen irudikatzen eban –hizkuntza abstraktu personal baten asmakuntzea–, eta Ortega Muñozek, barriz, nondik gatozen –errealismoa pinturearen genero arruntetan–. Orduan, inork ez eban igarri hareen arteko loturea edo hartu-emonik, kontrakotasuna baino.
Halan da, mende erdi baino gehiago igarota eta sinplifikazino teorikoak gaindituta (errealismoa tradizinoagaz eta gelditasunagaz lotzea; abstrakzinoa, abangoardiagaz eta aurrerapenagaz), gaur egun onartu daiteke badagoala zeozelako loturea, batzuetan, Chillidaren eskultura, marrazki eta grabatuen uniberso formalaren eta Ortega Muñozen paisaje margotuen arteko hurbileko soluzino formal eta konpositiboen bidez.
Modernotasun-borondate horrezaz gan, biek dabe moda eta taldeetatik kanpoko nortasuna, baita beren bilaketen eta aurkikunde artistikoen defensa koherentea be.
Eduardo Chillida (Donostia, 1924-2002).
1943 eta 1947 artean Arkitektura ikasi eban Madrilen, baina unibersidadea itxi eta marrazketa-eskolak hartu zituan. 1948. urtetik aurrera, ordurako Parisen kokatuta, igeltsuzko lehen eskulturak egin zituan eta Salon de Mai aretoan erakutsi zituan 1949 eta 1950ean. 1951n Hernanira (Gipuzkoa) joan zan biziten eta hor burdinezko eskultura abstraktuak egin zituan.
1954an lehen erakusketa personala izan eban Madrilgo Clan galerian, 1956an Galerie Maeghtek haren bakarkako lehen erakusketea aurkeztu eban Parisen eta, urte bi aurrerago, Eskulturearen Nazinoarteko Saria jaso eban Veneziako XXIX. Bienalean.
Materialen ezaugarriez eban interesak bultzatuta, burdina, granitoa, alabastroa, altzairua, egurra eta buztin txamota lantzea erabagi eban, keinu informalisten eta sendotasun konstruktiboaren arteko lengoaia erabiliz. Haren ibilbidean zehar, Estaduko eta nazinoarteko errekonozimendu ugari jaso zituan. 2000. urtean, barriz, Chillida Leku Fundazinoa sortu eban Hernanin (Gipuzkoa).
Godofredo Ortega Muñoz (San Vicente de Alcántara, Badajoz, 1899-Madril, 1982).
Margolari autodidaktea izen zan Ortega Muñoz. Aitak unibersidade-ikasketak egiteko gogoaren kontra egin eta 1919an Madrilera joan zan. Han, Prado Museoan eta giro artistiko bohemioetan ibilten hasi zan. 1920an Parisera joan zan eta, gerren arteko krisi artistikoagaz deseroso, Italiara jo eban, primitiboen apaltasuna topetako. 1940ra arte, Europako eta Ipar Afrikako hainbat herrialdetan zehar ibili eta bizi izan zan.
1940an bueltau zan Extremadurara eta hamarkada bat aurrerago Madrilen kokatu zan barriro eta bertako paisaje garbiak eta oinarrizkoak egin zituan. 1953an Pintura Sari Nagusia irabazi eban Habanako II. Bienal Hispanoamerikarrean eta 1958an areto personala izan eban Veneziako XXIX. Bienalean. 1970ean ospea lortu eban Madrilgo Casón del Buen Retiron egindako atzerabegirako erakusketeagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!