Acebal Idígorasen artea Bilbon

Bizkaie! 2024-06-26 08:07   Kulturea

Euskal Herria Museoak euskal diasporearen historian sartzeko aukerea dakar.

‘Arturo Acebal Idígoras. Euskadi Argentina’ erakusketeak eta haren katalogoak gure kulturearen esentzia leku urrunetara –Argentina da horreetako bat– eroan eban euskal artisten historia azaltzen dabe. Erakusketa 2024ko zemendiaren 24ra arte bisitau ahal izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskal Herria Museoan. Topaketak, bisita gidatuak eta Alfonsina Leranoz ikertzaile argentinarraren berbaldi bat eskainiko dira erakusketa horren inguruan. Ezinbestekoa da jardueratarako erreserbea egitea aldez aurretik, 946255451 telefonoaren bidez edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidearen bidez.

Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko diputaduak Euskal Herria Museoan dagoan aldi baterako erakusketea aurkeztu dau, Leire Irazabal Euskal Herria Museoko zuzendariagaz eta artistearen María José Acebal alabeagaz batera.

Acebal Idígoras erbesteratutako euskal sortzaileen komunidadeko kidea izan zan eta bizirik eutsi eutsen euskal herriaren nortasunari eta espirituari, urrun egon arren.

Leixuri Arrizabalagak esan dauenez, Bizkaiko Foru Aldundian, barriro be, beti presente dagoan euskal errealidade hori erakusten dogu, baina hain ezaguna ez dan alderdi bat nabarmendu nahian: erbestealdi haren alderdi artistikoa. Eta holan egiten dogu erakusketa zoragarri honen bidez eta Euskal Herria Museoak atondutako katalogo bikain honegaz. Museo horrek gure herriaren aberastasun kultural eta historikoa zabaltzea eta babestea dau helburu eta euskal diasporeak oinarrizko eginkizuna dau egiteko horretan.

Acebal Idígorasen pintura, marrazki, zeramika zein brontzezko lan eta dokumentu originalen bidez, erakusketeak emozinoz betetako bidaia proponiduten deusku, itxuraz oso ezbardinak izan arren lotura sakona daben kultura biren paisaje, ohitura eta arpegiak buztartzen dira, euskal kulturarenak eta argentinarrarenak. Batasun sortzaile horrek euskal diasporearen garrantzia ikusarazo eta gogoratzen deusku muga geografikoek ezin dituela bereizi herri baten esentzia eta kultura-ondarea.



Euskal Herria Museoak Arturo Acebal Idígoras artistearen irudia berreskuratu dau, Xabier Sáenz de Gorbea arte-historialariak urteetan landutako materialetik abiatuta, erakusketearen berriaren oinarria baitira. Sonia Ruedak sortu ditu erakusketearen diseinua eta katalogoa. Bestalde, María Josék, Arturoren alabeak, aitak bizitza osoan zehar arretaz gordetako dokumentu ezezagunak itxi deutsoz museoari. Erakusketa honen bidez, Arturo Acebal Idígorasen obrea dogu oinarri eta ezagutzera emoten da herrialde biren artean bizi izan eban esperientzia. Erakusketan eta katalogoan, Acebalen lanari buruzko idazkietatik eta Argentinako diasporatik senide eta lagunei bialdutako kartatatik ataratako esaldiak agiri dira Arturoren obren ondoan. Bizi izan ebanaren eta bizitza osoan arteari eskaini eutson erabateko dedikazinoaren isla dira.

Zemendiaren 24ra arte bisitau ahal izango da Arturo Acebal Idígorasegaz lotutako 56 arte-pieza dituan erakusketa hau. Pieza horreen artean jatorrizko dokumentazinoa dago: gutunak, katalogoak, liburuxkak, txartelak edo ordainagiriak. Horrezaz gan, erakusketan artisteak egindako ondko lanak dagoz: oihal gaineko 27 orio-pintura, akuarela bat, 9 marrazki, zeramikazko eta brontzezko 12 pieza.

Katalogoa

Erakusketearen katalogoak bost atal ditu eta horreetako bakotxak Arturo Acebal Idígorasek Euskadin eta Argentinan egindako lana eta izandako esperientzia deskribiduten ditu: zeramikea, txokoak, paisajeak, erretratuak, natura hilak eta formen forja-lanak (brontzea). Acebal Idígorasek gerrearen eta gerraostearen testuinguruan jorratu eban bere lana eta Mikel Lertxundi eta Xabier Sáenz de Gorbea arte-historialarien testu batzuek deskribiduten dabe testuinguru hori.

Jarduerak

Garagarrilaren 17an: Ondarea Berbetan jarduera, Arturo Acebal Idígorasi buruz. Parte-hartzaileek euskeraz berba egin ahal izango dabe erakusketeari buruz, kafe bat hartzen daben bitartean.
Irailaren 12an: Basterretxea erbestean berbaldia, Basterretxea 3 taupadatan zikloaren barruan; Alfonsina Leranoz ikertzaile argentinarra izango da hizlaria. Erbestealdiak ha jasan ebenakan izan eban eraginari buruz hausnartzeko berbaldia. Euskal Herria Museoan jarritako Arturo Acebal Idígoras artisteari -Argentina erbesteratuta egon zan, Nestor Basterretxea bezela- buruzko erakusketea oinarritzat hartuta, kolektiboak erbesteratzea zelan bizi izan eban eta inguruabar horrek aurrerago egindako lanean izan eban eragina ezagutuko dabe partaideek.

Irailaren erdialdetik zemendira arte, bisita gidatuak eskainiko dira erakusketea ikusteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu