'Anthony McCall: Segundo-frakzioa' Bilbon

Bizkaie! 2024-06-21 09:57   Kulturea

Bagilaren 19tik zemenendiaren 10era.

Film & Video programearen hamargarren urteurrenagaz bat, Anthony McCall: Segundo-frakzioa erakusketea dogu Guggenheim Bilbao Museoan. 2014tik, Film & Video programazinoak bideo-arteari eta mobimentudun irudiari lotutako praktika artistiko garaikideen ikuspegi osotu eta erabat berezia eskaintzen jardun dau eta urteotan guztiotan hainbat artistaren lan adierazgarriak erakutsi ditu, besteak beste, Christian Marclay, Ragnar Kjartansson, Pierre Huyghe, Diana Thater, William Kentridge, Javier Téllez, Sharon Lockhart, Monira Al Qadiri, Alex Reynolds, Marine Hugonnier eta beste sortzaile gailen askorenak.

Oraingo honetan, Segundo-frakzioa izenburupean, Anthony McCallen (St. Paul’s Cray, Erresuma Batua, 1946) bilduma berezia dago bilbon. New Yorken bizi dan artista britainiarra aitzindaria da baliabide artistiko barrietan, zineman eta bideo-instalazinoan. McCallek argi proiektatua erabilten dau fenomeno eskultorikoak sortzeko eta bisitariak murgiltze-esperientzian barruratzeo. Argi izpiek egitura geometrikoak eratzen ditue eta puntuak, barriz, espazioan kurutzatzen diran lerro, segmentu zuzen edo kurbatuetara zabaltzen dira. Konfigurazino horreek airean egindako marrazki, eskultura minimalista edo zinema-mueta erabat abstraktuaren trazea dabe. Hiru arlo horreek —zinemea, eskulturea, marrazkia— 1970eko hamarkadatik alkartzen dira McCallen lanean argi solidoa idearen barruan; kontzeptu horrek erakusketa-aretoan argi-planoen proiekzino kontrolatuak sortutako efektuak erakusten ditu, hain zuzen be. Argi trinkoaren formak orientazinoaren, posizinoaren eta eskalearen etenbako aldaketen menpean dagoz eta ikugarriak emoten dabe. Gainera, formetan barrena ibiltera bultzatzen dabe publikoa baina interakzino paradoxikoa sustatzen dabe, ez baitabe zeozer ikututearen sensaziorik eragiten, harridura-efektu agortezin bat baino.

Erakusketan McCallek argi trinkoz egindako lan barria estreinauko da: Segundo-frakzioa Ispilua IV (Split Second Mirror IV, 2024), argi-proiekzino horizontal bikotxa, ispilu handi bi, proiektore bi eta pantaila zeharrargi bi dituana. Elementu horreek banandu edo moztu egiten ditue argiak sortutako bolumen koniko biek —aretoan simetrikoki kokatuak—, hareen mobimentuak islatu edo biderkatu nahiko balitue legez. Lan barri horretan argia altuera ezbardinetan proiektetan da eta efektu eliptikoak eta horizontalak sortzen ditu. Gainera, artisteak animazino digitala erabilten dau formak espazioan birarazoteko; forma horreek bat egiten dabe eta plano kurutzatu eta kiribilduak oinarri dituan marrazki lineala osotzen dabe.

Kontuak kontu, Komisarioa Manuel Cirauqui da.

Anthony McCall: Segundo-frakzioa erakusketea Film & Video aretoan (103) dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu