'Kaleka, Kalekari'

Bizkaie! 2024-06-20 11:20   Kulturea

Kalea bizitza da, askatasuna, danok konpartiduten doguna.

'Troia'. Kamikaz Kolektiboa, garagarrilaren 7an, 19:30ean. | Ikusi handiago | Argazki originala

34. edizio honetan ikusleak sensibilizau eta gogoeta egitera bultzatuko dituan jaialdia badator. Artea nortasuna, kulturea, gaitasun bereziak erakusteko modua da. Kaleko arteek hori guztia eta asko gehiago batzen dabe gure barruko sentimendu eta emozinoak pizteko trebetasuna dabe. Kalekak, barruko sugar hori piztu nahi dau, kaleko arteak erakustea baino harago joan nahi dau, arte horreen parte izatera gonbidatu nahi gaitu. Ikuslea ikuskizunaren parte izatea, ikuskizuna ulertzea eta berea egitea.

Lekeitioko Kale Arten Jaialdia indartsu dator eta garagarrilaren 5etik 7ra, hainbat herrialdetako lan eszenikoak, tailerrak, partaidetza-instalazinoak eta komunidadean sortutako kaleko arteen sorkuntza eremuak ekarriko ditu gure herriko kaleetara.

Danetara, 12 konpainia eta kolektibok parte hartuko dabe jaialdian, Katalunia, Italia, Frantzia, Asturias, Balentzia, Gaztela eta Leon, Aragoi eta, jakina, baita Euskal Herrikoak be. Horreek guztiak Kaleka osotzen daben arloetan banatuko dira:

Kaleka programa ofiziala. Bertan, kalea formatu ezbardinen bitarteko, testuinguru eta euskarri lez hartzen daben lan artistikoak erakusten dira (ikuskizunak, tailerrak, esku-hartzeak, happening-ak, performanceak...).

Atal honen barruan hurrengo konpainiak izango dira gurean: Twisting The Balance (Euskal Herria), Guga & Silvia (Katalunia), Compagnia del Buco (Italia), Underclouds Cie (Frantzia), La Roca Producciones (Asturias), La Troupe Malabó (Balentzia), Cal y Canto Teatro (Gaztela eta Leon), Cía D’click (Aragoi) eta Kamikaz Kolektiboa (Euskal Herria).

Kaleka Scratch. Sortze-prozesuan dagoan lanaren barri emoten da. Kategoria honetan, artistak eta ikusleak truke eta feedback-rola dabe. Horretarako, jarduera paraleloak egingo dira (tailerrak ikusleakaz, topaketak artistakaz), artista eta ikuslea lkarrizketan jarteko.

Scratch-ek garapenen edo sorrera prozesuan dagozan lanak batzen ditu, kultur agente, artista, ikusle eta bestelakoen arteko sormenezko alkar trukaketak jorratzeko espazioak eskainiz. Edizino honetan, Euskal Herriko Okamika taldeak “Herriaren Bihotza” proiektua eskainiko deusku. Proiektu honetan, euskal musika klasikoa eta azken hamarkadetako musika klasikoak buztartuz, musikarien eta entzuleen arteko hartu-emon aktiboa landuz eskainiko dabe, bai dramaturgia eta bai lekuan leuko inguruagaz tema eginez.

Kalekaz Blai. Urtean zehar egindako ekintza eta prozesu artistikoak egiten dira, tokiko biztanleriagaz lotuz eta, holan, urtean zehar presentzia artistiko jarraitua bultzatuz (hainbat formaturen bidez: prestakuntza-prozesuak, ezagutza trukeak, alkarrizketak, tailer edegiak...).

Esperimentazinoagaz eta ikusleen parte hartze zuzenagaz lotutako akzinoak barrubatzen ditu. Aurten CHico-tropico kolektiboaren “C.O.S.A.” lana izango da Lekeition: gailu ibiltariaren bidez, soinuaren inguruko sormenezko topaketak egingo dira espazio publikoan.

Kalekari, ikuslearen bilakaerea

Publikoa ikuskizunaren parte bihurtu eta bere egitera gonbidau nahi dau aurten Kalekak. Helburu horri eutsiz, edizino barritzaile honetan Kalekari atal berezia sortu da, ikuslea jaialdiaren parte izatera bultzatuko dauen arloa, hain zuzen be.

Edade guztietako publikoei zuzenduta, Kaleka jaialdian sensibilizazino eta gogoeta estetikorako jarduera pilotu legez txertatzen da. Deialdi edegi baten bidez ikuslego talde bat jaialdiaren jarduera paralelo batera gonbidauko ditue, ikusleek eta artistek arte jardunari buruzko jakin-mina eta ezagutzak trukatzeko aukerea izango dabe. Horregaz batera, Kalekariek, euren eretxi, adierazpen eta gogoetakaz jaialdiaren komunikazinoan be eragina izango dabe.

Kaleka.eus, jaialdiaren erdigunea

Jaialdiak asko dau esateko eta erakusteko, hori dala eta, webgunean egitaraua, albisteak, bideoak, irudiak eta askoz gehiago batzen ditu. Jaialdiagaz lotutako informazino eguneratu guztia orrialde horretan eta jaialdiaren sare sozialetan topau zeinkie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu