'Dantz Point Bizkaia by BBK' jaialdia aurkeztu dabe

Bizkaie! 2024-06-19 13:25   Musikea

Lehen hitzordua Ondarroan izango da, abuztuaren 23an.

Dantz Point Bizkaia by BBK ekimen kultura barria aurkeztu dabe Bilboko BBK Salan. Jaialdia, Bizkaiko hainbat udalerritan egingo da, abuztuan eta irailean. Guztira, bost hitzordu izango dira, bost aste jarraian eta doban.

Musika elektronikoak ezohiko agertokiak hartuko ditu, aire zabalean, Ondarroa, Elorrio, Gernika, Durango eta Portugalete herrietan. Holan, Dantz Point proiektua Bizkain egingo da lehen aldiz, BBKren laguntzinoari esker.

Orain arte,  80 dantz point baino gehiago egin dira Lisboa, Amsterdam, Atenas, Bordele, Hondarribia, Donostia, Iruña edo Cartagenan, beti be musika elektronikoari esker, komunidadearentzako esperientzia paregabe eta aberasgarriak leku berezietan eskaintzeko helburuakaz, Jokin Telleria Dantz plataformako zuzendariaren berbetan.

Ziklo barri hau hizkuntza kultural eta musikal barriak Bizkaiko hainbat txokotara eroateko geure apustuaren adibide argia da, adierazo dau aurkezpenean Koldo Bilbao BBK-ko kultura arduradunak. Halanda ze, geure lurraldeko ondare historiko eta kultural aberatsarentzat publiko barriak sortzea lortuko da abangoardiako musikearen bidez, nabarmendu dau.

Dantz Point Bizkaia by BBK 2024 abuztuaren 23an, barikua, hasiko da Ondarroan, Musika Plazan. Gune horrek alde zaharraren ikuspegi panoramikoa eskainiko dau eta Koldo Loira eta Celeraka artista lokalentzat agertoki izango da, inguruko beste DJ bategaz (Garai). Astebete geroago, abuztuaren 30ean, barikua, zikloa Elorrion izango da, Ganondo Parkean. Inguru horretan BRGS, Elena Barker eta Gisa artistez disfrutetako aukerea izango da.

Irailean, hiru geltoki izango ditu Dantz Point Bizkaia by BBKk. Lehenengoa, hilaren 7an, zapatuan, Gernika-Lumoko Pasileku plazan izango da, 1882an eregia, Gernika uribildua eta Lumoko eleizatea nahitaez batu ondoren. XIX. mendeko topagune horretan, XXI. mendeko musikaz disfrutau ahal izango da Willy Kasper, Banpi eta Monika Elektrari esker. Irailaren 14an, zapatua, Durangoren txandea izango da. Santa Ana Plazan, Hiike, Aitana Rodríguez eta Areden artistak izango dira.



Dantz Point Bizkaia by BBK 2024 irailaren 21ean zarratuko da, zapatua, Bizkaiko iragan marinel eta industrialaren ikuspegi pribilegiatuak dituan enklabe batean: Portugaleteko Andra Mari Basilikearen inguruan, hain zuzen be. Egun horretako kartela Tronis, Miravalles eta Amaia Yanizek osotuko dabe.

Bost dantz pointak doban izango dira, BBK ez ezik, bost udalerrietako udalen laguntzinoari esker. Iraunkortasuna, Dantz Pointen beti bezala, zikloaren ardatzetako bat izango da, eta ondoko premisatik abiatzen da: ondarea modu barritzailean balioestea, baina aukeratutako lekuetan inbaditzailea izan gabe eta inguruaren harmonia errespetatuz. Laster, zehetasun guztiak hemen.

Dantz, Dantz Point-en sustatzailea, kultur marka eta proiektuen laborategia da. 2017an sortu zan Gipuzkoan, eta dagoeneko erreferente bihurtu da musika elektronikoan, Estaduan eta kanpoan. Bertan, nazinoarteko jaialdiak eta musika elektronikoaren eta abangoardiako musikearen inguruko ekitaldi sorta bat garatu dira 5 herrialdetan. Ekimenen artean, ondoko honeek nabarmentzen dira: Dantz Academy eta Dantz Festival Donostia.

Programazinoa

  • Abuztuak 23: Ondarroako Musika Plazan. Artistak: Koldo Loira, Celeraka eta Garai.
  • Abuztuak 30: Elorrioko Ganondo Parkean. Artistak: BRGS, Elena Barker eta Gisa.
  • Irailak 7: Gernika-Lumoko Pasilekun. Artistak: Willy Kasper, Banpi eta Monika Elektra.
  • Irailak 14: Durangoko Santa Ana Plazan. Artistak: Hiike, Aitana Rodriguez eta Ared.
  • Irailak 21: Andra Mari Basilikean. Artistak: Tronis, Miravalles eta Amaia Yaniz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu