Nazinoarteko eta Durangaldeko metal doinuak Abadiñon
2024-06-19 10:22 MusikeaIII. Koba Live asteburuan izango da, hilaren 21 eta 22an.
Metal musikearen doinuak Abadiñora helduko dira asteburu honetan, izan be, Koba Live musika jaialdiak hirugarren edizinoa atondu dau Traña-Matienako eskoletan. Mikel Urrutia alkateak, Edurne Maguregi alkateordeak eta Monika Iglesias Kultura zinegotziak eta Sergio Correa Koba Liveko kideak hartu dabe parte aurkezpen ekitaldian. Barritasun bategaz dator jaialdia, egun bitan izango baita.
Hamar taldek osotuko dabe aurtengo edizinoa: Dark Tanquillity (Suecia), Crisix (Katalunia), BRHG Bloodred Hourglass (Finlandia), Metalium (Alemania), Skeletoon (Italia), Dark Embrace (Galizia), Rise to Fall (Bilbo), Ad Eternum (Santurtzi), Alerta (Durangaldea) eta Sugoi (Elorrio). Azken hori, Diabulus in Musica taldearen ordez sartu da kartelean, talde nafarrak, osasun arazoengatik, ezingo dau jaialdian parte hartu.
Sergio Correak, jaialdiko zuzendariak, Koba Live inoiz baino nazinoartekoagoa dala adierazo dau aurkezpenean, izan be, hamar taldeetatik, sei Euskal Herritik kanpo datoz. Hori bai, etxeko taldeei lekua emoten jarraitzen dogu nabarmendu dau Correak.
Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak Koba Livek herriari eskaintzen deutson musika kolore desbardin eta aberatsa azpimarratu dau agerraldian: Urte osoan musika estilo ugari entzuten doguz Abadiñon, eta Koba Livek kolore berezien sorta horri, metala eta bere aldaerak lako estilo bereziak gehitzen deutso. Bizkaitik kanpo ezagutzera emoteko, eta mapan jartzeko aukera ona da gaineratu dau.
Sarrerak hemen.
Programazinoa
- Bagilak 21:
- 18:30. Ateen irekiera
- 20:00. Ad Eternum
- 21:00. Dark Embrace
- 22:30. Metalium
- 00:30. BRHG
- Bagilak 22:
- 16:30. Ateen irekiera
- 17:00. Alerta
- 18:15. Sugoi
- 19:40. Skeletoon
- 21:15. Rise to Fall
- 23:00. Dark Tranquillity
- 01:30. Crisix
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!