Omenaldia egin deutse 30 Amama influencerri

Bizkaie! 2024-06-18 13:33   Kulturea

Sodupeko Kultur Etxean egin dabe ekitaldia.

Sodupeko Kultur Etxean egindako ekitaldian, Enkarterrietako Museoak omenaldia egin eutsen hogeta hamar bat edadeko andrari, Enkarterriko andren oroimen historikoa berreskuratzen dauan Amama influencerra proiektuan parte hartzearren. Bertan, Sodupeko Eretzaberri Institutuko Bigarren Hezkuntzako berrogeta hamar bat ikaslek be parte hartu dabe.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen jaubetzakoa dan kultura-zentroaren babespeko proiektuak (bigarren edizino honetan) ahanzturatik atara ditu hamarkadetan eta hamarkadetan isilduta egon diran andreen lekukotasunak. Protagonistek euren ilobei adierazo ahal izan deutsee zelakoa zan euren bizitzea iraganean eta zelakoak ziran sasoi haretan familiartean, gizartean eta lanean eukitako bizipenak.

Belaunaldien arteko proiektuak Kadaguako arroko andren oroimen historikoa berreskuratzea euki dau helburu nagusi. Horretarako, hamarkadetan industriagaz lotura estua euki eben andren historietan sakondu da, batez be. Holan, bada, ikasleek enpatia historikoa eta andren lekukotasunen entzunaldi aktiboa bateratu dabez teknologia barrien erabilereagaz, euren amen iragana berreskuratzeko asmotan. Ikasleek, hain zuzen be, ahaztutako andren kontakizun horreen zabalkundea ugaldu dabe sare sozialen bidez.

Alkarrizketatutako amamak, 30 danetara, belaunaldi gazteenen erreferenteak edo influencerrak izan dira aste batzuetan. Proiektua eskualdeko zenbait lekutan garatu da: eskolea, Sodupeko kaleak, protagonisten etxeak eta Enkarterrietako Museoa.

Eretzaberri Institutuko DBHko 4. mailako 53 gazteek eta edadeko andrek entzunaldi aktiboaren bidez parte hartu dabenez, XX. mendearen erdialdetik aurrera Kadaguako lantegietan ehunka lanpostu industrialetan lan egin eben andra hareen bizipenen alderdi gizatiarrena azaleratu ahal izan da. Talde parte-hartzaileak alkarrizketatutako andren emozinoakaz bat egin dauanez, ikasleen enpatia historikoa sustatu da, eta batzuetan gazteentzat ulertuezinak ziran iraganeko fenomeno historikoak be ulertu ahal izan dira.

Sodupen egindako omenaldian, Enkarterrietako Museoko hezitzaileek eta Eretzabarri zentroko arduradunek eskainitako esker-berben ostean, ikasleek Amama influencerra proiektuaren esparruan egindako ikus-entzunezkoa ikusi da. Emonaldiaren ostean, ilobek larrosa bana emon deutsee amamei, andren oroimen historikoa ikuspegi feministatik berreskuratzean eta balioa emotean egin daben ekarpena eskertu gurean.

Proiektu hau Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen Gizonen eta Andren Bardintasunerako II. Planaren barruan dago kokatuta, planeko jarduketa-lerroetako bat andren jaubetza kolektibo eta soziala da-ta, andrek Bizkaiko garapenean euki daben ekarpenaren autortza bultzatzeko orduan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu