'Saturraran' operea aurkeztu dabe
2024-06-18 12:55 KultureaJuan Carlos Perez da konpositorea eta Kirmen Uribe libretoaren egilea.
Arriaga Antzokiak Saturraran operaren mundu mailako estreinaldia egingo dau, Kirmen Uriberen euskarazko libretoan oinarrituta eta Juan Carlos Pérezek konposautakoa. Sarrerak hemen.
Idazlea eta musikaria, azken hamarkadetako euskal kulturearen pertsona ospetsuenetako bi, dagoz proiektuaren atzean. Bizkaiko Foru Aldundiari eta Arriaga Antzokiari esker egin ahal izan da, izan be, erakunde bi horren artean produzidu dabe ikuskizuna. Eguenean, bagilaren 20an, 19:30ean, ikusleek opera horren estreinaldia ikusi ahal izango dabe Arriagan; zapatuan, hilaren 22an, barriz, 19:00etan taularatuko da beste behin Bilboko antzokian.
Libretoak jasotzen dauen istorioaren arabera, Saturraran giro tragikoko ikuskizuna da, baita oso iradokitzailea eta hunkigarria be. Lucía Astigarragak sinatu dau operaren zuzendaritza eszenikoa. Gogoan izan behar dogu ikuskizuna euskaraz izango dala eta gaztelaniazko eta ingelesezko gaintituluak izango dituala.
Jon Malaxetxebarria arduratzen da Saturraranen zuzendaritza musikalaz, baita Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) gidatzeaz be, Juan Carlos Pérezen konposizinoaren soinua behar bezala eskaintzeko. Elías Arranz eta Andrea Jiménez buru dituan maila goreneko ahots-taldeak interpretatzen dabe operea. Marifé Nogales, José Manuel Díaz, Botond Ódor, Aitor Garitano, Itxaro Mentxaka eta Iñigo Fernándezek osotzen dabe abeslari taldea.
40 koralistatik gora
Juan Carlos Pérezek konposautako operaren indar bokala dala eta, Bilboko Koral Alkarteko 40 koralistak baino gehiagok parte hartu behar dabe, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean.
Eszenografiaz Philip Rubner alemaniarra arduratu da, Lucía Astigarragagaz aurretik Weimarren lan egindakoa. Espazio infinitua islatzearen aldeko apustua egin dau, baina, aldi berean, sensazino itogarri bat sortuz. Ibai Labega figuringileak, bere aldetik, jantzi atenporal eta fantasiatsuak egin ditu, 80ko hamarkadan Ondarroan erabiltzen zan janzkereari buruzko hainbat dokumenturen analisi zehatzean oinarrituz. Azkenik, argiztapenaren diseinuaz Alberto Rodríguez Vega arduratu da.
Saturraran
Elezahar batek deutso Saturraran hondartzako haitz handi biak maitale dirala. Gizarteak ez eutsen alkar maitatzen ixten eta uretan ito ziran maitaleak. Itsasotik haitz handi bi sortu ziran gero, horren gomutaz.
Alkar maitatzerik ez daben emakume biren kontakizuna da Saturraran. 80ko hamarkadan, Ane, alturako arrantzale baten alaba, eta Luna, furgoneta batean heldutako andaluziarra, alkarregaz maitemindu ziran. Heroinaren zurrunbiloak harrapatu eta, herritarren gaitzespena dala eta, Saturrarango kartzelaren hondakinetan hartu eben babesa. José, Aneren aita alarguna, horrek laguntzen ahaleginduko da. Desbardina dan hori onartzearen zailtasuna, heroina eta hiesaren oldarraldia, arrantzearen munduaren gainbehera... Libreak izaten irakatsi euskun belaunaldi galduari egindako gomuta da Saturraran.
Talde artistikoa
- Konpositorea: Juan Carlos Pérez.
- Libretoa: Kirmen Uribe.
- Zuzendaritza musikala: Jon Malaxetxebarria.
- Zuzendaritza eszenikoa: Lucía Astigarraga.
- Interpretatzaileak: Elías Arranz, Andrea Jiménez, Marifé Nogales, José Manuel Díaz, Botond Ódor, Aitor Garitano, Itxaro Mentxaka, Iñigo Fernández.
- Korua: Bilboko Koral Alkartea.
- Koruaren zuzendaria: Enrique Azurza.
- Orkestrea: Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS).
- Figuringilea: Ibai Labega.
- Argiztapena: Alberto Rodríguez Vega.
- Eszenografia: Philip Rubner.
- Pianista errepikatzailea: Iñaki Belasko.
- Figurazinoa: Ugaitz Ugalde, Aitzol Villahoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!