Gernikako Arbolearen kimu bat emon deutse Urkullu lehendakariari

Bizkaie! 2024-06-17 07:45   Kulturea

Eusko Jaularitzako buru legez egindako lanagaitik.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak omenaldia egin deutso gaur goizean azkenengo hamabi urteetan Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan danari. Iñigo Urkullu Renteriak, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariaren eskutik jaso dau bakearen, askatasunaren eta demokraziaren sinboloa dan haretxaren 5 urte inguruko kimu gaztea. Aintzatespena hautagai barriari makilea pasetako egun gitxi falta diranean izan da eta azkenengo 12 urteetan Eusko Jaurlaritzako buru lez egin dauen beharra eskertzeko izan da, izan be, aldi horretan, euskaldunen ikono unibersalenaren enbajadore legez nabarmendu da.

Lehendakariari Gernikako Batzar Etxeko sarreran egin deutse harrerea Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak eta mahaiko kideek. Bertatik, segizinoa Batzar Nagusiak erakundeko taldeetako bozeroaileak zain izan dituan Gernikako Arbolara joan da, omenaldi ekitaldia egiteko. Ana Otaduik Gernikako Arbolearen kimua eta metro bi inguruko altuerea dauen haretx gaztea haren ondorengoa dala egiaztetan dauen ziurtagiria emon deutsoz lehendakariari.

Otaudik gogora ekarri dauenez, Urkulluk eten barik egin dau behar, egon dan leku guztietan euskaldunon sinbolorik unibersalena errespetau eta balorau daiten. Urkullu gure Gernikako arbolearen enbaxadore handia izan da, haretxaren hazia Auschwitzera, Vendays-Montalinetera, Akitaniara edo Estrasburgora eroan dau, gertuen dagozan beste leku batzuk ahaztu barik, besteak beste, Gasteiz, Erriberabeitia, Urduña, Lekeitio eta Turtzios; horrezaz gan, 2015eko zezeilean gaur egungo Gernikako Arbolea landatzeko ekitaldiaren buru be izan zan.

Alderdi instituzionalari erreparauta, Otaduik nabarmendu dauenez, Urkulluk 2012an, Batzar Etxeko Ohorezko Liburuan lehen zina egin ostean emondako berbea bete dau. Egun haretan berba honeekaz sinatu eban: gure Herriaren garapen, askatasun, burujaubetza eta bizikidetza nahiak gauzatzea dot helburu. Gernikatik mundura gure nortasuna indartu, landatu eta ereindako gure atarramendua emon eta zabaldu. Aintzatespena, Urkulluk bere karguan persona guztiakazko apaltasuna eta bardintasunezko tratua izan dauelako be etorri da, ezbardinen arteko akordioak bultzatuz.

2012ko abenduaren 15ean esandako berba hareek be aitatu ditu Urkulluk, izan be, orduan gaineratu eban apaltasunez eta ausardiaz lan egingo ebala Euskadi aurrerakoi, baketsu eta librearen alde, Europan eta mundu osoan. Haren eretxiz, hiru dimensinok zehaztu dabe hiru Legealdi honeetako ibilbidea: persona, guztion ongizatea eta Euskadiren nazinoartekotzea. Helburu horreekaz eta danon partaidetzeagaz, Euskadiren garapena, askatasuna, burujaubetzea, bizikidetzea eta nortasuna indartu doguz, ziurtatu dau.

Azkenik, Urkulluk gogoratu eta nabermendu ditu Gernika eta Arbolea, beti joan dira nigaz. Bere haziak sendotasunez dabil probetxua emoten. Hemen eta munduko beste herri askotan be.

Historian zehar, Foru Parlamentuak, bost kontinenteetan landatutako Gernikako Arbolearen 450 kimu baino gehiago entregau ditu. Bizirik jarraitzen dauen zaharrena Gernikako Batzar Etxetik oso hur dago. 1859koa da eta Nabor lez ezagutzen dan eraikinaren lorategian hazten dago oraindino. Kanpoan, haretx zaharrena Argentinako Rosario de Santa Fé herrian dago eta 1886koa da. Gaur Urkulluri emondako azken alea gure lurraldeko lekuren batean oso azkar haztea espero dau Foru Parlamentuak, bakearen eta bizikidetzearen sinbolo lez eta, aurrekoek egin daben moduan, hainbat hamarkadatan haziak banatu ahal izatea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu