Euskaltzaindiak akademiaren dominea emon deutso Iñigo Urkullu Lehendakariari

Bizkaie! 2024-06-13 12:46   Kulturea

Axularren Gero liburuaren faksimilea erregalau deutse.







Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Euskaltzaindiaren egoitzea bisitau dabe gaur goizean.

Lehendakariak Akademiaren egoitzara egiten dauen bigarren bisitea izan da gaurkoa. Lehenengoa 2013ko zemendiaren 20an egin eban lehenengo legegintzaldian. Orduko haretan, Euskaltzaindiaren egoitzea ezagutu eta Urrezko Liburuan sinatu eban.

Kontuak kontu, Akademiaren Zuzendaritzeagaz batzartu da liburutegian eta bertan Euskaltzaindiaren lan-arlo eta helburu nagusiak labur azaldu ddeutsee Zuzendaritzako kideek. Azalpenaren ostean, hainbat liburu eta agiri erakutsi deutsoz Andres Urrutia euskaltzainburuak Lehendakariari: Joanes Leizarragaren Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria (1571), Axularren Gero (bigarren edizioa, 1700?), Anton Abadiak Lore Jokoetan bildutako euskal kantak eta Koldo Mitxelenak 1968an Arantzazuko bilkurari buruzko aktea (eskuz idatzitakoa).

Azkenik, Lehendakariak eta euskaltzainburuak agerraldia egin dabe hedabideen aurrean. Iñigo Urkulluk zein Andres Urrutiak azpimarratu dabe erakundeen arteko alkarlana ezinbestekoa dala euskalgintzeari hauspoa eta sendotasuna emoteko.

Lehendakariak autortzea egin deutso Akademiari: Lehendakari nazen aldetik eta Eusko Jaurlaritzearen izenean, urte honeetan guztietan egin dozuen lana, lankidetzarako erakutsitako prestutasuna eta gure herriari egin deutsazuen ekarpena eskertzen deutsuet. Ekin deutsazue eta emoitzak bistan dira. Segidu orain artekoari eta etorriko diran erronkei eusten, euskereak merezidu dau eta. Hain zuzen, etorkizunari begira jarri da Andres Urrutia bere berbaldian: Euskal gizarteari zerbitzu emoteko bokazinoari eutsiz jarraituko dogu, eta gure gaur egungo helburuetan sakontzea da asmoa bihar-etzi be, hain zuzen, digitalizazinoan, nazinoartekotzean, profesionalizazinoan eta Akademiaren lanaren sozializazinoan.

Ondoren, Andres Urrutiak Euskaltzaindiaren dominea emon deutso Urkulluri eta Gero liburuaren faksimilea erregalau deutso. Dominean idatzitakoa da: Iñigo Urkullu Lehendakariari Akademiaren alde egindakoakaitik esker ona erakutsiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu