Bilbao Basket Fundazinoa, UPV/EHU eta Luis Briñas-Santutxu BHI dira sarituak

Bizkaie! 2024-06-13 09:31   Kulturea

VI. Bilbao Balioen Uria sariak emon ditue bart.

Bilbao Basket Fundazioaren Bihotz Kantxa proiektuak saria jaso dau saskibaloia kalteberatasun handiagoko eremuetara eroateagaitik. Proiektu horren bidez, aisialdiko dinamika barriak sortu ditue eta kirol profesionala kalera atara dabe bardintasunez eta modu inklusiboan.

Euskal Herriko Unibersidadearen Bizkaiko Esperientzia Gelak ekimenak 25 urte bete ditu aurten eta saria jaso dau unibersidade-kultura Bizkaiko eta Bilboko gizarte osora zabaltzeagaitik.

Luis Briñas-Santutxu BHIn egin daben Gure edadekoak jagoten ekimenak saria jaso dau institutuko DBHko 4. mailako ikasleek auzoko Kirikiño egoitzako edadekoakaz egindako lanagaitik.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok Bilbao Balioen Hiria VI. Sariak entregau ditu eta aurten, balio handiko hiru proposamen saritu dira: Bihotz Kantxa, Bilbao Basket Fundazinoarena; Bizkaiko Esperientzia Gelak, Euskal Herriko Unibersidadearena eta Gure adinekoak jagoten, Luis Briñas-Santutxu BHIrena.

Sariketa honen helburua da Bilboko Balioen Agirian jasotakoak sustatzen dituen auzo, barruti edo urian egindako ekimenak jenaurrean autortzea. Aurkeztutako 56 proposamenak 4 kategoriatan sailkatu dira: irabazi-asmorik bako alkarteak eta erakundeak; bestetik, Bilboko ikastetxeak; hirugarrenik, Bilbon kokatutako sektore pribatuko enpresak, saltokiak, ostalaritza, alkargo profesionalak eta antzeko beste erakunde batzuk eta, azkenik, unibersidadeak (aurtengo nobedadea).

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok saritutako hiru ekimenak txalotu ditu. Ekimen horiek guztiek Bilboko Balioen Agirian jasotako zenbait balio sustatzen ditue, besteak beste, bizikidetzea, bardintasuna, jasangarritasuna eta sormena: alkarte, ikastetxe, unibersidade eta entitate profesionalek gure urian balioak sustatzeko egiten daben lana nabarmendu nahi neuke. Euren inplikazinoa eta egiten daben esfortzua. Bilbo oso ezaguna da nazinoartean, batez ere, izan dauen eraldaketa urbanistikoagaitik, baina gero eta ezagunagoa da bere konpromisoagaitik eta balioengaitik. Seigarren edizino honetan saritutako hiru proiektuetako bakotxak erronka handi hau lortzen laguntzen deusku. Gure Bilbao Balioen Uria proiektuaren oinarria dira. Proiektu estrategiko hau parte-hartzetik abiatzen da eta eta bilbotar guztiona da.

Bilboko alkateak ondokoa azpimarratu dau: baliorik bako gizarte bat esangurarik bako gizartea da. Laguntasuna, errespetua, leialtasuna eta justizia egonkortasuna dira balioetan oinarritutako gizarte batean. Urtez urte saritutako persona horreen moduko gizakiz betetako Bilbo bat behar dogu. Persona aktiboak, parte-hartzaileak, lankidetzarako prest, Bilbo egunez egun hobetzen daben proiektuetan alkarregaz lanean.

Bilbo, Balioen Uria

Sariak Bilbao Balioen Uria proiektuaren barruan datoz. Parte hartze bidezko ekimena da, Bilboko Udalak sustatua baina, hasiera-hasieratik, herritarren alkarlangaz eregia. Bilbao Balioen Uria proiektuaren helburua da uria ezaguna eta autortua izatea, ez bakarrik ekonomia eta uriria bizibarritu, berreskuratu eta eraldatzeko prozesu garrantzitsua dalako, baita dituen balioakaitik be. Asmoa da erakundeen, era guztietako erakunde, enpresa, komunikabide, talde politiko eta, oro har, herritarren artean azterketarako, elkarrizketarako, hausnarketarako eta lankidetzarako gune bat sortzea, urian balio-esparru partekatu bat sustatu eta zabaltzeko.

Horren emoitzea da 2018ko martian Bilboko Balioen Agiria onartu ebala Udalbatzak, datozen urteetarako uria eta bilbotarren alkarbizitza egituratu behar daben 17 balioak identifikau baitziran.

Balioen Agiriari atxiki nahi jakozan persona edo erakunde guztiek nahikoa dabe Udalaren webgunean edo Bilbao Balioen Uriaren webgunean eskuratu daiteken inprimaki erraz bat betetea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu