'Andere', 150.000 urtetik gorako neandertalaren aztarnak Bizkaiko emakumerik zaharrenarenak izan daitekez
2024-06-13 08:00 KultureaBizkaiko zaharrenak diran giza aztarnak topau ditue.
UPV-EHUko ikerketa-talde batek deskubridutako Andere-ren, 150.000 urtetik gora-ko neandertalaren, aztarnak Bizkaiko emakumerik zaharrenarenak izan daitekez. Fosilak Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologia Museoan topau zituen, Karrantzako El Polvorín hatxuloko beheko galeria batetik ataratako hazur-materialak aztertzen ebizanean. Topakuntza honek leza induskatzeko proiektua ekarri eban; indusketa-lan horreek Euskal Herriko Unibersidadea buru dauen nazinoarteko eta diziplina anitzeko ikerketa-talde baten eskutik egin dira. El Polvorín kobako aztarnak, daben morfologiagaitik, neandertalen leinuei jagokez eta Bizkaiko zaharrenak izango litzateke, orain arte topautako zaharrena dn Lezetxikiko humeroa bezain zaharrak (edo zaharragoak) izan daitekezalako. Gainera, El Polvorín kobako I. lezaren kasuan, topautako gorpuzkiak eskeleto berekoak dira, segurutik emakumea zan eta gorpuzkera liraina eban persona heldu batenak. Ikerketak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Karrantzako Udalaren, Deathrevol proiektuaren (Europako Ikerketa- Batzordea), Eusko Jaurlaritzearen IT1485-22 Ikerketa-Taldearen eta Estaduko Ikerketa-Agentziaren (Zientzia, Barrikuntza eta Unibersidade Ministerioa) finantziazinoa dau. Aztarnetako batzuk laster erakutsiko dira Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologia Museoan Euskal Herriko neandertalen populazinoei eskainitako aldi baterako erakusketa batean.
Topautako arrastoak Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Geologia Saileko Asier Gómez Olivencia buru dauen ikerketa-taldeak aztertu ditu.
Arkeologia Museoan egindako jentaurrekoan Begoña de Ibarrak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak, Asier Gómez-Olivenciak, Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Geologia Saileko ikertzaileak, Gorka Moreno Márquezek, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak eta Etor Telleriak, Arkeologia Museoko zuzendariak, hartu dabe parte.
Karrantza Harana ezaguna da aberastasun arkeologiko-paleontologiko handiko hainbat aztarnategi ditualako. 2020. urtean Arkeologia Museoan El Polvorín hatxuloko I. Lezako aztarnategiko hartz eta hienen arrastoen artean neandertal ezaugarriak zituen giza-aztarnak identifiketeak ikerketa-proiektua martxan jartea eragin eta eta horren ondorioz 2021. urtetik indusketa arkeologikoa egin da aztarnategi horretan.
Arkeologia Museoan konserbatutako piezen eta 2021eko eta 2022ko kanpainetan hatxuloan induskatu diranen artean gaur egun 18 giza-hondakin dagoz, eskeleto beraren zati askotakoak; hondakin horreek nahiko liraina zan persona heldu baten garezurrekoak eta garezur-ostekoak dira. Liraintasun horrek iradokitzen dau emakume bat izan daitekeela eta horregaitik "Andere" ezizena jarri deutse. Bere ezaugarri morfologikoak bat datoz neandertalen leinuan azaltzen diranakaz, baina erradioan (besaurreko hazurra) morfologia arkaikoagoa dau, Hazurren Leza (Atapuerca mendilerroa) induskatutako aurreneandertalenen antzekoa.
Zenbatutako 18 hazur-zatietatik gaur egun horreen 7 aztarna adierazgarri ikusi ahal izango dira; gainerako fosilak aztertzen dabiz datozen hilebeteetan nazinoarteko argitalpen zientifiko bat bialtzeko helburuagaz. Aldi berean giza-arrasto horreen lagin bat ikusi ahal izango da Arkeologia Museoan laster egingo dan neandertalei buruzko erakusketa batean.
Neandertalak kazeru-biltzaileen taldea izan ziran, orain 200.000 eta 40.000 urte bitartean, desagertu ziranean, Europan eta Asia Mendebaldean bizi izan ziranak. Neandertalak aurreko beste populazinoetatik datoz, besteak beste, Hazurren Lezan garatu zana lakotik (Atapuerca mendilerroa, 300.000 eta 430.000 urte bitarteko aztarnategia), izan be, "Andereren" erradioa gehiago da Hazurren Lezako populazinoaren morfologiakoa, askoz ostekoagoak diran neandertalen (135.000 eta 40.000 urte bitartekoak) morfologiakoa baino.
Neandertalak eta aurreneandertalak Euskal Autonomia Erkidegoan
EAEko zenbait aztarnategi arkeologiko ezagutzen dira, orain 200.000 eta 40.000 urte bitarteko okupazino neandertalen ebidentziak emon dituenak, adibidez: Axlor (Dima), Aranbaltza (Barrika), Arlanpe (Lemoa), Lezetxiki (Arrasate) eta Amalda (Zestoa). Halan da be, giza-hondakinak dituen aztarnategien kopurua askoz urriagoa da: Axlorren garezur-hondar bat, heldu bati jagokon aurreko hagin bat eta lau esne-hortz; Arrillorren (Zigoitia, Araba) esne-hortz bakarra topau zan eta Lezetxikiko aztarnategiak kronologia askotako aztarnak emon ditu. Alde batetik, Lezetxikiko humeroa dago, J.M. de Barandiaranen taldeak aztarnategiaren beheko mailetan topautakoa. Humero honek Hazurren Lezaren antzeko ezaugarriak ditu eta Concepcion de la Ruak (UPV/EHU) zuzendutako taldeak datau ebanean gitxienez 164.000 urte (+/- 9.000 urte) zituala adierazo eben. Beste alde batetik, Lezetxikiko goiko mailetan hortz-hondakin bi topau ziran, orain gitxi Diego López Onaindiak (Université de Bordeaux) zuzendutako talde batek berraztertu dituanak.
El Polvorín kobako aztarnak, morfologiagatik, Bizkaiko zaharrenak izango litzateke eta orain arte topautako zaharrena dan Lezetxikiko humeroa bezain zaharrak (edo zaharragoak) izan daitekez. Gainera, El Polvorín kobako I. lezaren kasuan, lehen aldiz eskeleto partzial baten hondakinak topau dira. Aztarna horreek neandertalen bilakaereari buruzko informazino gehiago emon leikie.
Zuzendaritza eta ikerketa-taldea
Ikerketa-proiektu hau Asier Gómez Olivenciak zuzendu dau, Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Geologia Saileko Ramón y Cajal ikertzaileak eta diziplina anitzeko taldea dau, paleobiologian, tafonomian, geologian, geokronologian eta bestelakoetan adituak. Taldean bai UPV/EHUko ikertzaileak, bai Estaduko beste erakunde batzuetakoak (CENIEH, IPHES, Madrilgo Unibersidade Konplutentsea), bai nazinoartekoak (Université de Bordeaux, Muséum National d'Histoire Naturelle de Paris, University of Cambridge) dagoz.
El Polvorín kobako I. leza industeko eta ikertzeko proiektuak espeleologiako hainbat talderen laguntzea dau eta horreen artean nabarmentzekoak dira ADES Espeleologia Alkartea, Grupo Espeleológico Esparta, Haitzulo Espeleo Alkartea eta C.D. Eibar/Antxieta Arkeologi Taldea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!