'Memoriarik barik personak eta herriak ez dira ezer'

Bizkaie! 2024-06-10 13:23   Kulturea

Artxibo Nagusitik Euskadiko Artxibo Nagusira funtsak transferiduteko ekitaldia izan da gaur.



Eusko Jaurlaritzako Artxibo Orokorretik Euskadiko Artxibo Historikora dokumentu historikoak transferiduten diran lehen aldia da. Orain arte, Artxibo Orokorra Artxibo Historiko be izan da eta hemetik aurrera gordeko diran funtsen gaien artean, besteak beste, ondokoak dagoz: etxebizitza, industria, meategiak, institutu eta ikastetxeetako espedienteak edota Ondarreta eta Basauriko kartzeletako presoen, langileen eta eraikinen espedienteak.

Kontuak kontu, 13.000 kutxa dokumentazino transferiduko da 2024. urtean zehar. Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da gaur funtsok Euskadiko Artxibo Historikora transferiduteko ekitaldiaren buru. Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua be Euskadiko Artxibo Historikoan egindako ekitaldian izan dira.

Orain arte artxibo orokor eta historiko bezela erabilitako Artxibo Orokorrean, egungo Eusko Jaurlaritzeak bere eguneroko jardunean sortutako dokumentuak sailkatu eta gorde dira. Orain arte miloe bat kutxa baino gehiago eta 100 miloe dokumentu elektroniko baino gehiago jaso dira. 2030. urtetik aurrera dokumentu horreek, 50 urte beteten hasten diranean, dokumentu historiko bilakatuko dira. Artxibo Nagusiak badauka berezitasun bat: Eusko Jaurlaritzeak Estaduaren erakundeen eskumenak jaso ahala, transferentzia prozesu horretan, sarri, azpiegitura, dirua eta langileez gan, dokumentazio historiko aberatsa jaso eban: Etxebizitza Ministeriotik, Industriako ordezkaritzatik, meategietako erregistroetatik, institutu, ikastetxe eta bulego ugarietatik milaka kutxa heldu ziran Lakuako egoitzara. Ondarreta eta Basauriko kartzeletako presoen, langileen eta eraikinen espedienteak izan dira heldutako azkenekoak, oraintsu. Dokumentu gehienak XX. mendekoak dira, frankismo garaikoak asko, baina agiririk zaharrena 1506koa da. Gasteizko Gamarra auzoan biltegia dauen Artxibo Nagusia izan da horreen aterpea eta babeslekua azkeneko urteetan. Dokumentu horreek guztia Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko dira aurrerantzean, izan be, 50 urtetik gorako agiriak dira, dokumentu historikoak.

Lehendakariak gaurko ekitaldian esan dauenez, sistema bat eregiten gabiz. Sistema bat osotzen da ekipamenduz eta arautegiz, gidalerroz eta profesional trebeez, agiritegi publikoen elkarlanaz, artxibo pribatuen lankidetzaz, eta alkarrekin alkarlanerako adostu ditugun joko-arauez. Hori gabiz eregiten. Danon artean. Auzolanean. Iñigo Urkullu Lehendakariak gaurko ekitaldiagaz Eusko Jaurlaritzearen barruko memoria herritar guztien eskura jarteko prozesua egin dala azpimarratu eta leku garden eta eskurakoan dagoala orain. Memoriak gure bizitzan txertatua, eskurakoa, emonkorra izan behar dau; gaur esan geinke, harrotasunez, lankidetzeari esker heldu garela honaino eta alkarregaz ibilteko bide garrantzitsu bat zabaldu dogula. Jagon, babestu eta zabaldu daigun Jaurlaritzearen memoria. Azken finean, memoriarik barik ez gara ezer, ez personak ezta herriak be adierazo dau Lehendakariak.

Lekualdatze-prozesua

Funtsak Artxibo Orokorretik Artxibo Historikora eroateko prozesua gatxa izan da, fase bitan egingo da transferentzia. Lehen fasean 5.700 kutxa inguru heldu dira Euskadiko Artxibo Historikora eta urtea amaitu aurretik beste 8.000 inguru helduko dira. Lan honen neurria baloretako kontuan izan behar da miomentu honetan Euskadiko Artxibo Historikoan 8.000 kutxa inguru dagozala, 1936ko Eusko Jaurlaritzearen artxibo historikoarenak batzuk, baina batez be funts pribatuenak: jauntxo familia askotarikoenak baita era guztietako erakunde eta personenak be. Gainera Euskadiko Artxibo Historikoaren Badator web zerbitzariak 883.454 agirien erreferentziak batu eta 6.204.425 irudi digital eskaintzen ditu.

Dokumentazinoaren sailkapena

Eusko Jaurlaritzearen Artxibo Nagusitik Euskadiko Artxibo Nagusira lehen momentu honetan transferidutako dokumentazioa sei multzo handitan banatzen da:

Lehenengoa 50 urte baino gehiagoko Bizkaia eta Gipuzkoako kartzeletako presoen espedienteen zati bat, 800 kutxa inguru, zaharrenak 1912koak.

Bigarrena, irakaskuntzeagaz lotuta dago, XIX. mendeko institutuetako ikasleen espedienteak eta ikastetxeetako dokumentazino administratiboa, 1500 kutxa inguru. Hor dagoz Bilboko Unamuno institutuaren agiriak, lehenak 1832koak, edota Oñatiko unibersidadekoak, 1820tik aurrerakoak.

Hirugarrena, meagintzagaz lotuta dago eta zehatzago Bizkaian zeregin horrek izan eban presentziagaz. 1500 kutxa inguru dira, 1843koa zaharrena.

Laugarrenean Etxebizitza Ministerioaren agiriak dagoz, besteak beste, gerra zibilaren ondoren erregimen frankisteak sortutako Regiones Devastadas-ko zuzendaritzearen 120 kutxa.

Bosgarrena Osasunagaz lotuta dago eta Basurtoko ospitalearen 700 kutxa batzen ditu. XVI. mendetik hasten da serie hau. Multzo horretan dago Tuberkulosiaren kontrako burrukarako patronatoaren dokumentazioaren zati bat.

Azkenengoan, Bizkaiko portu txikien obren agiriak dagoz; seriea 1820an hasten da.

Dokumentazio hori guztia Eusko Jaurlaritzako Gasteizko Artxibo Nagusian egoen ikerlarien esku, orain Euskadiko Artxibo Historikoan egongo da, beste funts osogarri batzuekaz batera. Era horretan joandako euskal gorabeherak hobeto ezagutzeko aukerea egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu