Diseinua eta teknologia protagonistak aurtengo Gau Zurian

Bizkaie! 2024-06-10 12:30   Kulturea

Uriaren 724. urteurrena ospatuko dabe.

Juan Mari Aburto alkateak Gau Zuriaren zehetasunak adierazo ditu. Horregaz batera, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotzia eta Begoña Escribano jaialdiaren zuzendaria izan dira.

Bilbo galaz, sormenaz eta teknologiaz jantziko da, beraz, bisitetan gaituenek uriaz disfrutetako aukerea izango dabe, geure egutegian hain adierazgarriak diran egunetan, adierazo dau alkateak.

Bagilaren 14an eta 15ean izango da, arratsaldeko 19:30etatik 00:30etara. Guztira, 33 emonaldi artistiko eta ikuskizun ibiltari bi eskainiko ditue, tokiko, estaduko eta atzerriko sortzaileen proposamenakaz. Bilboko hainbat tokitan izango da, besteak beste, Arriaga Antzokian, Arte Ederren Museoan, Azkuna Zentroan, Euskalduna Jauregian, Eleiz Museoan eta Itsasmuseoan. Horreezaz gan, eleizak, plazak, parkeak edota zubiak apainduko ditue.

Aurton, ganera, Bilborock Aretoa eta BilbaoArteko Uribitarte 40 erakusketa-aretoa batuko dira egitasmora: ibilbideak aukera asko eskainiko deuskuz, betiko lez, bakotxak Gau Zurian izango dauen esperientzia erabagiteko nabarmendu dau Aburtok. Auzoak be, protagonismoa izango dabe, izan be, Atxurin, Zazpi Kaleetan, Bilbo Zaharran, Indautxun eta Abandon emonaldi artistikoak atondu ditue.

Aurtengo edizioan, Begoña Escribanok zehaztu dauenez, herritarren artean hainbeste ikusmin bizten daben argi eta musika-ikuskizunak berreskuratuko dira, mapping-bideoak eta irudi-proiekzinoak, Arriaga Antzokiaren fatxadearen ganean eta Eleiz Museoaren klaustroan. Esku-hartze horreek beren beregi diseinau dira jaialdirako, baita 250. urteurrena ospatzeko Erruki Etxearen Ezkontza-kontakizunak piezea be.

Bilboren 724. urteurrena

Bagilaren 15ean, zapatua, Bilboko banderea altzauko dabe Ernesto Erkoreka Plazaren erdiko lorategietan, Juan Mari Aburto alkatea ekitaldiko buru dala. Ondoren, herritarrek lora-eskaintzea egingo dabe Diego jaunaren omenez. Juan Mari Aburto alkatea eta zinegotziak, jantzariz eta txistulariz batera, Udaletxetik Plaza Biribileraino joango dira. Plaza horretan dago uriaren sortzailearen estatua eta bertan egingo da erromeria.

  • Barruko espazioetan sartzea doban izango da.
  • Bagilaren 12tik aurrera, eskuko programea turismo-bulegoetan eta instalazinoren bat hartzen daben zentroetan egongo da eskuragarri.
  • Programazino osoa hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu