'Egun eguzkitsu baten' Olatz Salvadorren azken bideoa

Bizkaie! 2024-06-10 10:38   Musikea



Batzuetan jazoten da. Dana galduta dagoala emoten dauen momentuan, bateren bat heldu eta gelea kolore epelez beteten dau. Egun eguzkitsu baten azken argi izpi horreek bezelaxe, dana ederrago ikusten da.

Hemen dator Olatz Salvadorren hirugarren aurrerapen kantua eta, zoritxarrez, uda ostera itxaron beharko dogu bere azken lana osorik entzun ahal izateko. Udabarriagaz batera heldu jakun Basan eta Gerorik balego da Salvadorrek argitaratutako bigarren kantuaren izena. Holan hasi zan bere bakarkako estudioko hirugarren lana izango danaren aleak kaleratzen. Orain, ostera, kantu horreen kontrastean eta argiari aldarria egin guran, abiadura eta zaratatik aldendu eta abesti goxo bat dakarsku, uda usaina daben erritmo eta melodia itsaskorrakaz eta horreei darien baikortasun aura hori artatu eta babesteko saiakeran.

Salvadorrek bere kantuetan berba-jokoetara ohitu gaitu eta, hemen be, badagoz berben fonetikeagaz egindako olgeta batzuk, instante eder baten barruan dagozan irudi batzuk sortu nahi dituenak. Kantuak badauka atmosfera onirikoa eta hor fantasien mundua eta erralidadea buztartzen dira, ez da ondo bereizten ia kontetan dagoana egiazkoa ete dan ala ilusino huts bat. Metamorfosi baten analogia be egiten dau berbetan eta hor ulertu geinke aldaketek daben garrantzia eta hareetatik sortu daiteken hegaldia eta edertasuna, batzuetan bildurra emon leiken arren.

Kantu hau hedonismorako dei bat da. Udako iluntze batean, beste guztiaz ahaztu eta alkar gozetako proposamena. Horixe islatu nahi izan dabe kantuagaz buztartutako irudiek be, Mattin Saldiasen zuzendaritzapean eginak.

Aurreko abestiak eta datozenak bezelaxe, hau be Gironako Olivera estudioetan produzidu, grabau eta nahastauta dago.

Udako kontzertuak

  • Bagilak 15: Sondika (Herrian Jaialdia).
  • Bagilak 20: Donostia (Miramar Gauak Jaialdia).
  • Garagarrilak 17: Gernika (Haziberri Jaialdia + Gorka Urbizu).

Ezustekorik ezean, diskoa irailaren 25ean argitaratuko dau Olatz Salvadorrek

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu